Goiargi

telefonoa 948 769 039 | lokalizazioaSan Pedro kalea 16, 31692 Abaurregaina, Nafarroa Garaia | webgunea

Hasiera data: 2021
Lurraldea: Nafarroa Garaia
Herria: Abaurregaina
Biztanle kopurua: 128

Gaur egun ingurumenarekiko dagoen kezkaren eta bizi dugun energia-krisiaren harira, Abaurregainako udalak energia-komunitate bat sortzea erabaki zuen, ingurumena gehiago errespetatzen duen kontsumo-eredu baterako trantsizio energetikoa errazteko. Proiektua aurrera eramateko, gainera, Abaurregainako bizilagunen partehartzea sustatu da.

Testuingurua eta helburuak

Abaurregaina Zangozako merindadean kokatzen den herri txiki bat da, Auñamendi eskualdean, Aezkoa bailaran, hain zuzen ere. Euskal Herriko herririk altuena da, Pirinioetako balkoia izenez ezagutzen da. Garai batean, bailarako bi herrirekin batera, bizilagunak elektrizitatez hornitzen zituen linea elektrikoaren jabea zen. Baina, arrazoi ezberdinak medio, linea hau banatzaile handiago bati saldu zitzaion, eta, horrenbestez, ordura arte zuen burujabetza energetikoa galdu zuen herriak. Hori horrela, udalak, ekimen hau sustatuz, ahal den neurrian, subiranotasun hori berreskuratu nahi du, argi-indarraren “kontrola” bizilagunen esku uzteko helburuarekin.
Helburuak: Energia berriztagarrietatik datorren kontsumoa bultzatzea; Abaurregainako herritarren ahultasun energetikoari aurre egiteko ekimenak sustatzea.

Inplementazioa

2021eko irailean, udalak informazio-bilera baterako deia egin zien bizilagunei proiektuaren berri emateko eta herritarrei laguntza eskatu zien, batetik, proiektua bultzatzeko eta, bestetik, talde eragilea osatzeko. Talde eragilea osatu ondoren, (10 parte-hartzailerekin), gai juridikoen eta alderdi energetikoen inguruan prestakuntza eta ahalduntze prozesuari ekin zitzaion. Prozesua amaitu ostean, bilera ireki bat egin zen, egindako lanketa herritarrei itzultzeko helburuarekin.
Bigarren fase batean, talde eragileak, modu autonomoagoan, komunitatearen forma juridikoa (kooperatiba) bezalako erabakiak hartzen eta estatutuen zirriborroa idazten eta lantzen jarraitu zuen. Prozesu hori komunitatea eratzeko bilerarekin amaitu zen.

Ebaluazioa, indarguneak eta ahulguneak

Indarguneak: Udalak bermatutako proiektuaren finantzaketa, hainbat proiektu aurkeztuz (instalazio fotovoltaikoa eta prozesu parte-hartzailea); interesa duten auzotarrek ez dute hasierako inbertsiorik egin behar, kooperatiban parte hartzea erraztuz eta sustatuz; partehartze irekia eta borondatezkoa; gobernantza demokratikoa, bazkideek gauzatua.
Ahulguneak: Segurtasun juridikorik eza, legegintzako zehaztapena falta baita; antzeko proiektuen erreferenteen eskasia eta gabezia; administrazio-prozesu korapilatsu eta garestia.

Info osagarria

Aurrekontua: 118.322,74€.
Prozesuan parte hartu duten dinamizatzaileak: Abaurregainako Udala, Ko-energiaren laguntza teknikoa, talde eragilea, bizilagunak eta beste energia-komunitate batzuk.

Deskargatu esperientziaren fitxa

Gezia-berdea