GALT / CLEJ Zuberoako Gazteak

telefonoa 0559 286 762 | lokalizazioaCentre multiservices, 64 470 Atharratze, Zuberoa | webguneaWebgunea

Hasiera data: 2000
Lurraldea: Zuberoa
Herria: Zuberoako 36 udalerriak
Biztanle kopurua: 12.800
Kontaktua: Étienne Jalladeau

Aurrezki solidariorako bitartekoa da Comité Local d’Épargne pour les Jeunes edo Gazteen Aurrezkirako Lekuko Taldea eta Zuberoan lan edo jarduera bat sortu, berreskuratu edo garatu nahi duten gazteei dirua maileguan tasarik gabe uzteko aukera eskaintzen du, aurrezkiak sortzearen aldeko kanpaina baten ondoan.

Testuingurua eta helburuak

Konstatazio baten ondoan sortu zen 1988an Azia elkartea, GALT proiektuaren bultzatzailea: Zuberoako lurra uzten dute gazteek ikasketak egiteko eta, ondoren, lan egin ahal izateko. Elkartea sortzea erabaki zuten gazte batzuek lurraldearen gaineko diagnosia bururatzeko xedean, eta ekonomia eta enplegua lehenetsi zituzten hartan hasieratik. Horrenbestez identifikatu ahal izan zituzten lan aukerak, bai eta hainbat gogoeta mamitsu egin ere, gazteei enpresak sortzen laguntzeko moduen gainean. Frantzian aurrezki solidariorako dauden bitartekoak aztertu eta gero, bere bitartekoa sortu zuen Azia elkarteak, boluntario talde batek bideratu ahal izateko bezain erraza, alde batetik, eta lurraldeko biztanleak mugitzeko parada eskainiko zuena, bestetik.
Helburuak: tokiko garapenerako politikaren gaineko praktika eta gogoeta garatzea; Tokiko aukerak bultzatzea, lurraldean ekimen ekonomikoak garatzeko; Gazteei enpresa sortzeko proiektuetan laguntzea; Zuberoan enpresak sortzeko ekimenak sustatzea eta erraztea; delako bitartekoari atxikitzea, tokiko garapena bultzatzeko eta guztiei lanerako ateak zabaltzeko; Ekonomia Soziala eta Solidarioa garatzea, bertako herritarrek kontzientziatu eta lurraldearen etorkizunaren aldeko egitekoetan esku har dezaten.

Inplementazioa

GALT bat eratzeko, elkarte bat sortu behar da. Haren atxikitze kanpaina bururatuko du GALT elkarteak urte batez. Kide bakoitzak 180 €-ko ekarpena egingo du, mailegu gisa eginiko ekarpena nolanahi ere. Kideen artean hautatuko da zuzendaritza mahaia, GALTen administrazioaz arduratuko dena. Atxikitze kanpaina bukatu ondoan, tasarik gabe mailegatzen dira aurrezkiak, Zuberoan negozio bat sortu, berreskuratu edo garatu nahi duten gazteei emaniko mikrokreditu moduan (3.200 € batez beste). Gazteari ematen zaio zuzenean mailegua, ez enpresari. Jardunean hilabete batzuk egin ondoan hasten da proiektuaren bultzatzailea bere mailegua itzultzen. Proiektuaren bultzatzaile guztiek beren mailegua itzuli ondoren berreskuratzen ditu kide bakoitzak bere 180 euroak, eta desegin egiten da GALT.

Indarguneak eta ahulguneak

Indarguneak: lurraldeko biztanle asko mugiarazten dituen bitartekoa da; oso bitarteko zehatza da bazkideentzat, enpresa sorkuntza desberdinen bidez azkar asko ikusten baitute beren partaidetza zertarako erabiliko den. Badakite beren dirua non “jarriko” den eta egiaz zertarako erabiliko den; lurralde bateko ekonomia garatzeko eta, horrenbestez, dinamizatzeko aukera ematen duen bitartekoa da; lurralde batean elkartasuna eta elkar laguntza garatzeko aukera ematen duen tresna da, inplikatutako alderdi guztiek baitute beren egitekoa.
Ahulguneak: Proiektuaren hasieran, sare egokia behar da kide kopuru nahikoa mugitzeko eta beharreko aurrezkiak bildu ahal izateko. Horrenbestez, komunikazio lan handia egin behar da bitartekoa ezagutzera emateko.

Emaitzak

2000. urtetik ehun enplegu inguru sortu dira, neurri batean bederen, GALTen laguntzari esker. Horrela, 64 gazteri lagundu zaie bere negozioa hasten edo beren negozioarekin jarraitzen.