Errigora

telefonoa | lokalizazioaSan Francisco 11, 31600 Burlata, Nafarroa garaia | webguneawww.errigora.eus

Hasiera data: 2012
Lurraldea: Nafarroa garaia
Kontaktua: Errigora

Errigora Euskal Herria, lurzorua eta elkarlana lanabes dituen proiektu bat da. Nafarroa hegoaldeko “zonalde zigortua” du ardatz. Bertatik eta bertarako egiten du lan, Euskal Herri osoko elkarlan eta ikuspegiaz.

Eremu horretako berezko produktuak Euskal Herri osotik banatzen ditu. Esaterako, zainzuriak, orburuak, arroza, olioa… eta filosofia argia du: Zergatik kontsumitu urruneko produktuak, etxean bertan edukita? Lortutako diruarekin, Erriberako euskalduntzean ere lan egiten du.

Testuingurua eta helburuak

2012an, Zazpiak Bat Harreman Sareak lan taldetxo bat osatu zuen bere ekimenez eta proiektu hau jarri zuen martxan. Kasu hartan Ikastolen Elkartearekin batera garatu zen proiektua; 1.500etik gora saski banatu ziren eta Argia Ikastolara 34.000 euro bideratzea lortu zen. 2013ari begira, hausnartu eta helburuetan zorrotzagoak izan gintezkeela konturatu ginen; beraz, aldaketa batzuk planteatu genituen, izena aldatzetik hasita: ERRIGORA.
Helburuak: Nafarroa hegoaldeko produktuei Euskal Herriko plazan bidea ematea, merkatu globalizatua eragiten ari den kalteei aurre egiteko eta produktu horiek bultzatzeko; Nafarroa hegoaldeko “zonalde zigortua”ren alde aritzea, hango produktuak Euskal Herrian zabalduz eta etekin ekonomikoen zati bat zonalde horretako euskalgintzara bideratuz; herrigintza, auzolana, nazio eraikuntza… “betiko” lan kolektiboan oinarrituz ekarpentxo bat egitea, lan molde horren beharra aldarrikatuz.

Funtzionamendua

Ikasturte bakoitzean bi kanpaina nagusi ateratzen ditu Errigorak Ikastolen Elkartearekin, Sortzen-Ikasbatuazekin eta AEKrekin elkarlanean. Lehenengo kanpaina udazkenean izaten da, bigarrena, aldiz, udaberrian. Horien bitartez, Nafarroa hegoaldeko produktuekin osatutako saskiak banatzen dira, eta ateratako dirua, eremu horretako euskalgintzara bideratzen da.
Udazkeneko kanpaina: hau izaten da zabalena, eta ahalegin gehien eskaintzen zaiona. Nafar Hegoaldeko produktuez osatutako saskiak banatzen dira Euskal Herrian zehar. Saski koloretsua izaten da, Nafarroako produktu ezberdinen erakusleiho. Irizpidea argia da: saskian Nafarroa hegoaldeko berezko produktuak bakarrik sartuko dira. Helburua Nafarroako produktuen erakusleiho izatea da; Euskal Herrian ezagutaraztea zer ekoizten den Nafarroa hegoaldean.
Udaberriko kanpaina: eguneroko kontsumora bideratutako produktuez osatuta dago. Hau da, aniztasun gutxiago du, baina kantitate handiagoa. Esaterako, olio bidoia, orburu kaxa… Eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko helburua du, beraz, ESKUTIK ESKURA eramandako produktuak dira.

Ebaluazioa, indarguneak eta ahulguneak

Indarguneak: Errigora komunitatea. Oso denbora gutxian komunitate sendo bat eratu dute. Milaka familia dira urtez urte Errigora ekimenaren bidez urrunekoen produktuak kontsumitu ordez Nafarroa Hegoaldeko produktuak dastatu eta euren eguneroko kontsumo ohituretara ekarri dituztenak. Bestetik, ehunka pertsonak parte hartzen dute modu boluntarioan Errigorako kanpainetan. 25 ekoizle enpresa inguruk parte hartzen dute Errigoran.
Ahulguneak: Herrigintzatik sortutako ekimen askotan bezala, lan boluntarioak beti ditu muga eta zailtasun batzuk.

Finantzaketa

Esperientzia gauzatzeko ez genuen hasierako inbertsiorik izan, bertan aritu ginen guztion poltsikotik ateratakoa baino ez. Boluntarioen lana ezinbestekoa da proiektu honetan. 800.000 € ingurukoa da dagoeneko Nafarroa Hegoaldeko euskalgintzari egindako ekarpen ekonomikoa. Esanguratsua benetan herritik eta herrirako sortutako ekimen batentzat.