Elikagunea

telefonoa688 688 696 | lokalizazioaAzpeitiko Udala / Enparantza Nagusia, 5, 20730 Azpeitia, Gipuzkoa | webguneawww.elikagunea.eus

Hasiera data: 2016
Lurraldea: Gipuzkoa
Herria: Azpeitia
Biztanle kopurua: 14.700

Elikagunea Euskal Herriko elikagaien topagunea da. Azpeitiko Azoka Plazan dago. Euskal Herriko elikagaiak sustatuz eta kontsumo eredua eraldatuz, lehen sektorea indartu nahi duen proiektu kooperatiboa da.

Azpeitia zentro bezala hartuta, 150 kilometroren bueltan ekoizten diren elikagaiak soilik biltzen dituen gune bat da, eta heziketagunea, dastaketagunea, sukaldea, Basque Label harategia eta janari denda ditu.

Azoka plazan, ohiko azoketan zein Elikagunean, Euskal Herrian ekoitzitako produktuak saltzen dira. Konpromiso eta ideia hori hartuta, helburua da ekonomia sustatzea, nola eta bertako produktuak eta lehen sektorea indartuz eta babestuz.

Testuingurua eta helburuak

Azpeitiko herrian merkatuaren eraikuntza eta salmenta kopurua oso kaltetuak zeuden. Krisiaren garaia iritsi zen, eta Azpeitiko langabezia tasa %17koa zen. Merkatua zahartuta zegoen, eta ez zen saltzaileentzat ez erosleentzat batere erosoa. Eta Azpeitiko Udalak berritzeari ekin zion. Testuinguru horretan, lehen sektorea bultzatzeko apustua egin zuten. Prozesu luze bati ekin zioten, lehen sektorean ari ziren ekoizleekin, herri mugimenduekin eta herritarrekin. Bilera ugari egin zituzten lehen sektorea sustatzeko eta ekonomia sozial eta eraldatzailearen kontzeptuan sakontzeko eta sentsibilizatzeko.
Helburuak: lehen sektorea bultzatzea eta indartzea; merkatua indartzea; herriko plaza eremu sozial bezala berreskuratzea; kontsumo ohiturak aldatu eta sentsibilizazio lan bat egitea.

Inplementazioa

Merkatuaren eraikuntza oso zaharkitua eta oso egoera kaskarrean zegoen. Hainbat galdeketen ondoren herriko plaza eta inguruak pertsonalak bilakatu ziren, eta merkatuaren eraikuntza berritu beharra nahitaezkoa zen. Merkatua zaharberritzearekin batera, gogoeta bat egin zen lehen sektorearekin; izan ere, euren salmentak asko jaitsi ziren, eta merkatuko dinamika gain behera zihoan. Salerosketarako ohiturak aztertu zituzten, eta salmenta gune komun baten beharra ondorioztatu zuten. Apustu horretan, produktu lokala zein zen zehaztu zuten: Azpeitia zentro bezala hartuta 150 kilometroren bueltan ekoizten diren elikagaiak soilik biltzen dituen gunea. Proiektua itxuratu zenean, lehiaketara atera zuten, eta herriko hiru gaztek osatutako kooperatiba bati esleitu zioten. 2018ko martxoan jarri zuten martxan, eta oso harrera ona izan du. Gaur egun Elikagunea 2.0 faseari ekin diote. Hots, bertoko produktuez ekoitzitako janaria zabaltzea beste eremu batzuetan (eskola, hirugarren adina...).

Ebaluazioa, indarguneak eta ahulguneak

Indarguneak: Eragile, udal, herritar eta elkartegintza osoaren parte hartzea oso garrantzitsua izan da ekimenaren arrakasta bermatzeko.
Ahulguneak: Abian den ekimenean orain izan daitezkeen puntu ahulak identifikatzen ari dira. Produktu eta ekoizle falta izan daiteke bat.

Info osagarria

Emaitzak: Bertako produktuak merkaturatzeko, sentsibilizaziorako eta herriaren eraldaketa bultzatzeko gunea bihurtu da Elikagunea, eta, sei hilabeteren buruan, lau lanpostu eta 200 bazkide ditu. Hainbat sukaldaritza ikastaro egin dituzte. Baserritarrek asteartetan egiten duten merkatuan euren salmentak modu deigarrian handitu dituzte (42 salmenta postu daude). Kontsumo ohiturak aldatzen ari dira poliki-poliki (sentsibilizazio lanari esker).