Bidazi

telefonoa640 966 340 | lokalizazioaSan Esteban karrika, 11 – 31780 Bera | webguneawww.bidazi.eus

Hasiera data: 2006
Lurraldea: Nafarroa Garaia
Herria: Bera
Biztanle kopurua: 3.763
Kontaktua: Bidazi Elkartea

Bidazi herritar elkartea produktu ekologikoen erosketa komuna egiten hasi zen eta egun Azoka bat antolatzen dute eskualde mailan. Bertan eskualdeko ekoizleei ematen zaie lehentasuna bertako produktuen salmenta eta kontsumoa bultzatuz.

Testuingurua eta helburuak

2006 inguruan zonaldeko pertsona talde bat elkartu zen produktu ekologikoen erosketa komunak egiteko: zerealak, lekaleak, xaboiak… produktu iraunkorrak orokorrean. Hilero erosketa komuna egiten zuten, eta beraien artean banatzen zituzten produktuak. 20 familia inguru ziren. Horrela sortu zen Bidazi elkartea. Momentu batean, ekimenean jende gehiago zegoela interesaturik eta bertze gisako produktuak (freskoa...) lortzeko aukera bultzatzeko, formatua aldatzea proposatu zen.
Bidazi taldearen helburua elikagai osasuntsuak, gertukoak, kalitatezkoak eta bidezkoak bultzatzea da, bai ekoizpenean bai kontsumoan. Elkarte bat izanik, eskualdean eragitea eta bazkideen parte hartze aktiboa bilatzen dugu, agroekologia eta elikadura burujabetza indartzeko.

Inplementazioa

Herriz herri bilerak egin ziren, proiektua aurkeztu eta bazkideak egiteko, eta horrela, 2014ko udaberrian gaur egun ezagutzen dugun azokak ateak ireki zituen, 50 bazkide ingururekin. 2014an Azoka espazio fisiko gisa ireki zenean, Cederna Garalur Garapen Agentziak duen enpresa haztegiaren lokalean egin zen. Hasieran Azokaren kudeaketa bazkideen auzolanari esker egin zen, baina lan karga handiaren ondorioz, ahalik eta lasterren denbora Azokaren kudeaketari eskainiko zion langile bat kontratatu zen. Azoka egonkortzen joan den heinean, 2018ko apirilean bertze lokal batera lekualdatu ginen. Ibilbide guztian zehar bazkide berriak egiteko kanpainak antolatu dira, eta 2019tik aurrera bazkide ez diren pertsonek ere Azokan erosi ahal izateko aukera zabaldu da.

Ebaluazioa, indarguneak eta ahulguneak

Indarguneak: bazkideen hurbiltasuna eta konpromisoa; eskaintzen diren produktuen kalitatea; proiektuan parte hartzeko aukera (proposamenak egin produktu berrien inguruan, ekoizleak ezagutu...).
Ahulguneak: erabiltzaile kopurua handitzea zaila egiten da; gehienetan ekonomikoki justu ibili garenez, denbora eta lan aunitz eskaini behar izan dizkiogu gai horri, eta nahi baino gutxiago bertze batzuei (Bidazi ezagutzera ematea, bazkideen arteko harremana, ekoizleekin harremana, sentsibilizazioa...).

Info osagarria

Barne antolaketa: elkarte moduan antolatzen da, erosleak, langileak eta zonaldeko ekoizle batzuk bazkide direlarik; zuzendaria batzordea 7 kidez osatua dago eta hileab behin elkartzen da; urtean behin batzorde orokorra.
Finantzazioa: bazkideen kuotak eta azokaren aktibitatea. Hasieran bono batzuk ere atera ziren, eta bidean crowdfunding bat ere egin da.