Baztango zahar etxean, bertako elikadura

telefonoa 948 580 006 | lokalizazioaForuen plaza 1, 31700 Elizondo, Nafarroa Garaia | webguneawww.zlbaztan.eus
Aholkularitza > Esperientzia eredugarriak > Baztango zahar etxean bertako elikadura

Hasiera data: 2023
Lurraldea: Nafarroa garaia
Herria: Baztan
Biztanle kopurua: 7.863
Kontaktua: baztan@baztan.eus

Fco. Joaquín Iriarte egoitza Elizondoko herriaren erdigunean dago, adinekoentzako ingurune lasai eta abegikorrean. 99 egoiliar eta eguneko egonaldi-zerbitzuko 15 pertsona bizi diren etxea da. Baztango Udaletik abiatutako proiektu honek, zahar egoitzan bertako elikadura egon dadin bermatu nahi du. Hartara, bertako jantokirako egiten diren erosketetan nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa, hurbilekoa eta giza neurrikoa eskuratzen saiatzen da, bertako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko eta ingurunearekiko zein inguruko laborari eta abeltzainekiko begirunea adierazteko.

Testuingurua eta helburuak

Baztango Udalak elikadura-politikak sustatzen ditu, lurrari lotutako familia-nekazaritza txikiari zein ekoizleak eta ingurunea errespetatuko dituen kontsumo arduratsuari laguntzeko. Horregatik, elikagaien erosketa publikoaren proiektu pilotuetan, elikadura osasungarri eta iraunkorraren irizpideak ezarri dira, eta irizpide horiek eskualdean ekoitzitako elikagaiak erosteari ematen diote lehentasuna. Aldi berean, ekimen honek bultzada bat izan nahi du saltoki txikiendako.
Helburua: Zahar etxeko jantokiko elikagaien erosketaren bidez, Udalak nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa, hurbilekoa eta giza neurrikoa bultzatu nahi du, eta bide batez, baita zerbitzu publikoen kalitatea hobetu ere.

Inplementazioa

Behin elikadura osasungarri eta osasuntsuaren irizpideak definituta, egoitzan elikagaiak biltegiratzeko eta eraldatzeko dagoen azpiegitura ebaluatu zen, baita menuak eta hornitzaileak aztertu ere. Proiektua garatzeko talde eragile anitza osatu zen udal ordezkari, egoitzako kudeatzaile, langile, sukaldari eta lehen sektoreko ekoizleekin. Aldi berean, eskualdeko ekoizleekin eta saltoki ttikiekin eskaintza eta logistika antolatu zen, eta informazio guztiarekin menu berriak prestatu ziren.
Martxan jartzea pixkanakakoa izan zen, funtzionatzen ez zuten otorduak moldatuz. Bizkitartean, komunikazioa eta sentsibilizazio ekintzak burutu ziren egoiliarrekin, senitartekoekin, langileekin eta baita bailara mailan ere.

Ebaluazioa, indarguneak eta ahulguneak:

Proiektua arras erakargarria izan da tokiko ekoizleentzat, erosketa-bolumen konstantea eta homogeneoa bermatzen baitu urte osoan, eta hori oso positiboki baloratu da eta ekimen kolektibo berriak bultzatu ditu ekoizpenari dagokionez. Horrez gain, egoitzako sukaldearen ekipamenduan potentzialtasun handia identifikatu zen, eredua bailarako beste zerbitzu batzuetara zabaltzeko gaitasunarekin.
Dena den, menu eta hornitzaile berrietara egokitzearen ondorioz, sukaldaritzan zailtasunak izan zituen proiektuak. Gainera, aldaketa antolaketa-mailan une delikatuan ezarri zen, eta horrek zaildu egin zuen ikuspegi osasungarria erabat txertatzea, tokiko irizpidea azkar onartzearen aurrean.
Oro har, froga pilotoak martxan darrai eta egonkortze bidean da.