Aholkularitza > Esperientzia eredugarriak> Aramaixoko Herri Curriculume

Hasiera data: 2018
Lurraldea: Araba
Herria: Aramaio
Biztanle kopurua: 1.443
Kontaktua: Aramaioko Udala

Aramaioko Herri Curriculume (AHC) hausnarketa kolektibo baten artean sortutako herri-proiektu bat da. Eskolako irakasleek, familiek, udal-ordezkariek, herriko kultura-taldeetako ordezkariek eta herriko hainbat norbanakok hartu dute parte.

Herritar batek bere herriari buruz jakin behar duena zehaztea eta definitzea da helburua. Herriari buruz jakin beharrekoa, eskolako komunitate osoak, herriko eragileek eta norbanakoek adostuko dute. Asmoa, gainera, ondarearen transmisioa modu eraginkorrean eman dadin, herriko adituak irakasle bihurtzea da. Modu horretan, herriko jakintza horietan sakontzeak, munduko ezagutzak ulertzeko eta lantzeko tresnak emango dizkie haurrei. Motzean, norberaren herritik Euskal Herrira eta handik mundura jauzi egin nahi dugu.

Testuingurua eta helburuak

Abiapuntua, noski, Euskal Curriculuma izan da. Dena den, Euskal Herri osorako egindako curriculum batek ezin du kontuan izan herri bakoitzaren bizitza, kultura- identitatea, herritarren jakintza, ohiturak…, hau da, herri bakoitzaren izaera, ondare materiala eta immateriala.
Eta hori da, hain zuzen ere, gure helburua: Aramaioko ondare materiala eta immateriala ezagutzea, baloratzea eta berria sortzea. Finean, Aramaioren herri-izaera barneratzea.
AHC proiektua aurrera eramateko, honako galdera hauek ditugu ardatz: zer jakin behar du Aramaioko haur batek eskolaldia bukatutakoan? Zer balio, herri-jakintza eta bizitza-ohitura izan behar ditu?
Aramaixoko Herri Curriculumaren helburu nagusiak bi dira: batetik, Aramaioko herritar batek bere herriari buruz jakin behar duena zehaztea eta definitzea. Bestetik, eskola herrira eta herria eskolara eramatea, hau da, behin herritik jasotakoa barneratu eta gero, emaitza berriz ere herriari bueltan ematea.

Inplementazioa

Batzorde ireki batean parte hartzeko deialdia zabaldu. Bertan, interesa zuten pertsonek parte hartu zuten
Bigarren batzorde bat sortu, talde motorra izango dena. 7 pertsonaz eratua: irakasleak, gurasoak, eragileak, etab. Zubi lana egiteaz arduratuko dira
Landuko diren gaiak aukeratu, zikloka
Gai bakoitzeko pertsona erreferenteen zerrenda egin
Proiektua idatzi
Praktikara eraman.

Ebaluazioa, indarguneak eta ahulguneak

Indarguneak: proiektu irekiak izango dira, bidean moldatu, ekarpenak jaso edo aldatzeko aukera izango dutenak, betiere haurren interes eta beharrei erantzunez; Udalaren inplikazioa: teknikarien eta alkatearen parte hartze zuzena; Aramaio herri erraza da horrelako proiektu bat garatu ahal izateko; aurrekariak zeuden: aurrez, herriarekin lotutako ekintza asko antolatzen ziren.
Praktikaren ahulguneak; lanean aritu diren pertsonek, dedikaziorako ordu gutxi izan dituzte; pandemiak dena geratu zuen, eta ordutik ez da martxan ipini berriz; baliabide ekonomiko gutxi izan dute.

Info osagarria

Emaitzak:
Ikasleek ziklo bakoitzean, gai hauei buruzko hainbat proiektu landuko dituzte: Elikadura jasangarria; Aramaio genero-ikuspegitik: proposamen berdintzaileak; Aramaioko bilakaera mendeetan zehar eta Aramaion bizi. Proiektu horiek diseinatzeko orduan, hizkuntza, ahozkoa zen idatzizkoa, izango da abiatzeko tresna eta baliabidea, eta hortik abiatuta gainerako arloekin zubiak eta erlazioak eraikiko ditugu.