Apeztegiberriko denda eta Orokietako Ostatua

telefonoa 636 910 531 | lokalizazioaAsuncion kalea 1, 31866 Jauntsarats, Nafarroa Garaia | webguneainstagram.com/apeztegiberri
Aholkularitza > Esperientzia eredugarriak > Apeztegiberriko denda eta Orokietako ostatua

Hasiera data: 2011
Lurraldea: Nafarroa Garaia
Herria: Jauntsarats (Basaburua)
Biztanle kopurua: 870
Kontaktua: Laura Martinena

ERNAIZU S. COOP. ekimen sozialeko langile kooperatiba bat da. BASABURUko haranean dauden beharrei aurre egin eta jarduera ekonomikoa sustatzeko asmoz sortu zen. Gaur egun, Basaburuko taberna-denda bakarra kudeatzen du kooperatibak, baita Orokietako ostatua ere.

APEZTEGIBERRIKO DENDA lehenbiziko proiektua izan da ERNAIZUrentzat. Berez UDALAk sustatutako ekimena da, eta ERNAIZUk bere nahiak eta asmoak gauzatzeko tresna topatu du denda horretan. 2011n abiatu ziren, eta ia guztiz kontsolidatutako proiektua dela esan daiteke. Haranari hobekuntza handia ekarri dio, erreferentzia puntu eta topagune bihurtu da herri askotako biztanleentzat eta bisitarientzat. Etorkizunean, lehenbiziko sektorean zuzeneko eragina izango lukeen proiektu baten zertzeladak ematen ari dira, kalitatezko produkzio txikiak bultzatu eta komertzializatzeko. Lurraren baliabideez arduratu eta balioan jartzeko garaia da.

Testuingurua eta helburuak

Basaburuan bizi eta lan egiteko aukerak jarri nahi zituzten martxan. Lehen sektorearen gainbehera dela medio, jendea Irurtzunera edo Iruñera doa lanera, eta ez dago ez dendarik eta ez tabernarik. Ostalaritzan esperientzia duten hiru emakume elkartu ziren, eta Orokietako ostatua martxan jartzeko aukera sortu zen. Erronkari heldu zioten, jakinik 900 biztanleko haran batean zirela, herri eta belaunaldi askotako emakume eta gizonez osatua, eta guztiei erantzun nahia zutela. Kooperatiba bat sortu zuten, harana bizileku bilakatzeko xedearekin.
Helburuak: Bost ardatz ditu kooperatibak, eta, horien bitartez, enplegua sortu eta BASABURUKO bizi jardueran eragin nahi du, betiere begirunezko garapena bultzatuz: pertsonen zaintza, eta lana, aisialdia eta familia-bizitza uztartzea; ingurunea errespetatzea, bertako baliabide naturalak zentzuz aprobetxatuta; eskualdeko kultura, ohitura eta hizkuntza errespetatzea; partehartzea eta asoziazionismoa sustatzea; herrien arteko kohesioa eta integrazioa bultzatzea eta haranaren identitatea indartzea.

Deskribapena

Apeztegiberriko denda: denda tabernari atxikia dago, eta oinarrizko produktu ugari ditu; barazkiak, ogia, haragi ontziratua, esnekiak, izoztutakoak eta drogeria. Atal bereziak ere baditu: zeliakoentzako janaria, produktu ekologikoak, paper denda, oinarrizko ferreteria eta abar. Bai eta edari hotzak, ikatza, izotza eta eramateko janaria ere.
Orokietako ostatua: toki goxo eta plurala da taberna, kafetegi-ostatu zerbitzuaz gain, otorduak ematen ditu. Bisitarientzako informazio puntua da, eta wifia eta erabilera publikorako ordenagailu bat ditu. Bestalde, eskualdeko edozein ekimen iragartzeko iragarki gune handi bat dago.

Indarguneak eta ahulguneak

Praktikaren indarguneak: Lan egutegia guztion beharren arabera antolatzen dute. Ordutegi malguak eta ordu kopurua ere hilabetez hilabete antolatzen dituzte Horrek euren beharrei aurre egiteko aukera zabala uzten die.
Praktikaren ahulguneak: Legeekin eta arauekin topo egin dute maiz, eta asko kostatu zaie horien zurruntasuna gainditzea.

Info osagarria

Emaitzak: zortzi bazkide dira kooperatiban, eta beste zortzi lanpostu sortu dira (ez dira egun osokoak).
Parte hartu duten eragileak: Basaburuako udala eta Ernaizu S. Coop