Skip to main content
Inkubagailua > Plastigarbi

Plastigarbi

Uretan pilatzen den hondakinen arazoa egoera kritiko batera iritsi da. Euskal Herriko arazoa izateaz gain, nazioartekoa ere bada: plastikozko hondakinek ozeanoetako kutsaduraren %85 hartzen dute; bioaniztasuna mehatxatzen dute, berotze globalari lagunduz eta ingurumena suntsituz; eta, behin denbora bat pasa ostean, material hori tratatzeko zail bilakatzen da. Hori guztia gutxi balitz, horrela jarraituz gero, 2060 urterako plastiko kontsumo globala 2,5 biderkatuko da.

Egoera horren aurrean, Udalbiltzako partzuergokide eta kolaboratzaileek zerbait egiteko beharra sentitu dute. Ondorioz, Udalbiltzak PLASTIGARBI izeneko proiektuaren eraketa-prozesua abiatu du, beste hainbat eragileren laguntzaz. Helburua, itsas hondakinak jaso, sailkatu eta prozesatzeko mugaz gaindiko sare bat osatzea da: ertz eta hondartzetara iristen direnak, itsasoan edo ibaietan biltzen direnak eta aisialdiko itsasontzi abandonatuak.

Lanketa luze baten ostean, egitasmoa mugaz gaindiko europar proiektuen POCTEFA 2021-2027 bigarren deialdiaren barruan programatua izan da. Martxoaren 10ean Getarian eginiko aurkezpen ekitaldian eman zaio hasiera proiektuari, eta hiru urtez luzatuko da.

Euskal Herrian kostaldea duten herriak izango dira proiektu honen fokua, eta hainbat ekintza edo ildo jarraituko ditu, paraleloan garatu daitezkeenak:

Lehena

Lehen ekintza edo ildoak proiektuak hartzen duen eremuaren ingurune ekonomiko, sozial eta legediaren identifikazioa egingo du. Hondakinen bilketa eta birziklatzea burutzen duten eragileen kartografia tekniko-ekonomiko bat egingo da; hau da, zerrendatuak izan diren eragile horiek identifikatu eta ezaugarrituko dira, teknikoki, ekonomikoki, sozialki eta legalki. Kartografia horren arabera, proiektuan kolabora dezaketen eragileak identifikatuko dira. Halaber, noski, kostalde-eremu horretan pilatutako hondakinen identifikazioa ere egingo da, baita hondakin horiek jaso eta prozesatu edo balorizatzeko dagoen legedia eta zergak aztertu ere. Ildo honekin amaitzeko, esperimentazio-eremua non kokatuko den zehaztuko da.

Bigarrena

Beste ekintza edo lan ildo batek jasotako hondakin plastikoen balorizazioa burutuko du, mugaz gaindiko lankidetza teknologikoa sustatuz. Menderatzen diren teknika ezberdinen konbinazioarekin, bazkide teknikoek lan egingo dute identifikatutako polimeroei bigarren bizitza bat emateko, materia edo energia moduan, bizitza amaieran dauden ontzien problematikei ere aurre eginez, hondakin plastikoen eta kutsaduren iturri direnak.

Hirugarrena

Hau guztia behar bezala aurrera ateratzeko, hirugarren lan ildo batek mugaz gaindiko sarea sendotzearen alde lan egingo du. Proiektuaren baitako jarduera guztietan (eragileen eta hondakinen karakterizazioa, bilketa eta balorizazioa) lurralde eta estatu ezberdinetako eragileen elkarlana sustatuko da, ikuspegi eta bide berrietara irekiz.

Bazkideak

Proiektu honen koordinazioa Udalbiltzak eramango duen arren, PLASTIGARBI bazkide askoren elkarlanaren laguntzaz gauzatuko da: UPPA (Université de Pau et des Pays de l’Adour), ESTIA (Bidarteko ingenieritza eskola eta ikerketa zentroa), IFHVP (dibertsifikazio energetikoetan aditua), ALTENS (Garraioaren trantsizio energetikoan aditua den enpresa), Leartiker (Elikagaien Teknologian eta Polimeroen Teknologian espezializatutako Zentro Teknologikoa) eta Plentziako Itsas Estazioa (EHU-ko Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalen Ikerketa Zentroa).

Halaber, bigarren mailako bazkide batzuekin ere kontatuko du proiektuak: Plentzia, Lekeitio, Mutriku, Zumaia, Orio eta Hendaiako udalak; Gipuzkoako Foru Aldundia; Pirinio Atlantikoetako departamendua; Bil ta garbi sindikatu mixtoa; Kosta garbia sindikatu mixtoaren baitako Euskal Itsasbazterra Interes Zientifikoko Taldea; eta Itsas garapen elkartea.