Energia komunitateen bigarren mailako sarea
Azken urte hauetan loratu diren energia komunitateak klima aldaketari aurre egiteko lanabes interesgarri bilakatzen ari dira. Horregatik, proiektu horiek guztiak indartzen jarraitu beharko genuke, izan ditzaketen beharrei erantzuna emanez. Izan ere, behin sortzen direnean, aurrera egiten jarraitzea da benetako erronka energia komunitateentzako.
Hori horrela, proiektu bakoitzaren esperientzia baliatuz, Udalbiltzan bigarren mailako sarea eraikitzen ari gara, behar dituzten zerbitzuak eskaintzeko eta baliabideak elkarren artean partekatzeko helburuarekin.

Energia Komunitateak, harreman sareak ehuntzen
Energiaren mundua asko aldatu da azken urte hauetan. Bizi dugun krisi klimatikoaren aurrean, neurriak hartzera behartuta gaude, CO2 isuriak murrizteko eta deskarbonizazioaren bidean aurrerapausoak emateko. Hori dela eta, 2018ko abenduaren 11n Europak Energia komunitateen kontzeptua argitaratu zuen 2018/2001 Zuzentarauan lehen aldiz. Ordutik hona, Europako zuzentaraua moldatuz joan da, energia-sistemaren erdigunean energia erabiltzaileak ipintzeko helburuarekin. Erregulazio-pakete horri “Energia garbia europar guztientzako” deitu diote, eta horretarako lege-esparru bat garatu du.
Gauzak horrela, Europako proposamenei jarraituaz, energia-komunitateak dira energia-sistemaren eragile berriak, klima aldaketari aurre egiteko beharrezkoa dugun trantsizio energetikoa sustatzeko eta CO2 isuriak gutxitzeko helburuarekin; bide horretan, Estatuak energia-komunitateentzako legeria definitzen ari dira. Bien bitartean, Hego Euskal Herriko udaletan dagoeneko hasi dira energia komunitateak sortzen, herritarrak trantsizio energetikorako bidean mobilizatzeko xedearekin. Kasik esan genezake ez dagoela eskualde bakar bat gurean halako lanketarik garatu ez duenik, eta modu batean zein bestean, aurrerapausoak ematen ari direla, energia burujabetzaren bidean.
Ipar Euskal Herrian, ordea, egoera ezberdina da. Komunitateak sortzea baino, autokontsumo partekatuari eman diote indarra, eta, oro har, proiektu fotovoltaikoak sortzen dituzte Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, bertako eragileen eskutik.
Bigarren mailako sarea
Behin sortuta, energia komunitateen erronkarik handiena aurrera egiten jarraitzea izan ohi da.
Hori horrela, proiektu bakoitzaren esperientzia baliatuz, Udalbiltzan bigarren mailako sarea eraikitzen ari gara. Hori izan zen, hain justu, Udalbiltzak 2023an (Antzuolan) eta 2024an (Legorretan) antolatu zituen energia komunitateen topaketetan jaso zuen mandatua: bigarren mailako sare bat eraikitzeko pausoak ematen hastea, energia komunitateen garapenereako tresna baliagarri bat izateko helburuarekin.
Izan ere, dagoeneko hainbat energia komunitate harremantzen hasi dira bakoitzaren arrakastetatik eta akatsetatik ikasteko xedearekin; hots, indarrak batzeko eta baliabideak partekatzeko aurrera egiteko. Horregatik, lanketa horiek abian dauden energia komunitate guztientzako baliagarriak izan daitezen, Euskal Herri mailako sare bat sustatuko du Udalbiltzak. Eraketa prozesuan energia komunitateak daude erdigunean, eta euren nahien eta beharren arabera eraikitzen ari gara sarea.
Egitura horrek kudeaketa profesionalizatua eskainiko luke, eta energia komunitateei babesa emanen lieke, epe-luzeko ikuspegiarekin, esku artean dituzten proiektuak aurrera eramaten lagunduz. Egitura juridiko propioa izanen duen ente independiente bat izanen da azken emaitza. Udalbiltzaren papera izaten ari da prozesua bideratzea; ostean, pausu bat atzera eginen luke, egiturak bere bide propioa egin dezan.



