Hiru urte daramatzate Itsasondon Hitzar energia komunitatearekin lanean. Emeki-emeki lortzen ari dira herriak duen energia-beharra herrian sortutako energiarekin asetzea. Orain arte ikasitakoa besteentzako lagungarria izan dadin, euren energia komunitatea inguruko herrietara hedatzea dute helburu, baita erronkak elkarrekin gainditzea ere.
Zergatik hasi zineten energia-lanketak garatzen zuen udalean?
Nik uste dut beti gabiltzala udaletatik zerbait egin nahian; gure inguruan esperientzia interesgarri asko ari gara entzuten, baita Katalunia inguruan ere. Beste batzuk nola ari diren ikusita, pentsatu genuen: gurean zergatik ez? Horrela, Gipuzkoako Aldundiak urtero egiten duen dirulaguntza deialdi bat probestu genuen, partaidetza bultzatzeko. Laguntza hori jaso genuenean hasi ginen lanketa egiten, Goienerrekin eta Laia enpresarekin, partaidetza-prozesu hori martxan jartzeko. Eta gaur arte!
Testuinguru horretan sortu zen, beraz, zuen energia komunitatea.
Horren ondorioz, bai. Urtebete baino gehiago kostatu da: bilerak egin, jendearekin egon… kanpotik ere jendea ekarri dugu, zertan ari diren azaltzeko. Horrela, poliki-poliki, gaur egun dugun komunitatea sortu arte. Ez da prozesu erraza izan, ez baikenuen ezer ezagutzen. Hemen ia ez zegoen halako esperientziarik gu hasi ginenean. Ea (Bizkaia) herriko alkateak lagundu zigun; lehendik ere ari ziren eurak lanketak garatzen. Nafar batzuk ere ekarri genituen gurera, egiten ari ziren lanketak ezagutarazteko.
Nola egin zuten bat herritarrek halako prozesu batekin?
Poliki-poliki. Horren inguruan bilduz, misterio handirik gabe. Udala izan da aitzindaria; laguntzak probestuz hiru instalazio fotovoltaiko jarri ditugu, bai udaletxeko teilatuan bertan, bai frontoian, baita biltegi batean ere. Horiek ikusita, nik uste dut jendea animatu egiten dela, jakinda ekonomikoki ere nahiko txukun ateratzen direla gauza hauek, oraingoz behintzat.
Aurrezpen bat lortzen ahal dutela bizilagunek, alegia.
Bai, hala da. Hasieran inbertsio bat da, dirua jarri behar da. Laguntzekin, kalkulatzen dugu 6-8 urtean jarritako dirua bueltan izatea, eta ondoren irabaziak izatea. Ilusio pixka bat behar da, orainaldian eta etorkizunean. Eta ez hori bakarrik; denon artean zerbait egiten ari garenaren sentsazioa ere hor dago, eta hori ere inportantea da. Nik uste dut jendea horrekin asko animatzen dela; behar duela, edo behar dugula sentitu elkarrekin gauza interesgarriak ari garela egiten. Zailena arlo juridikoa (estatutuak zehaztea eta kooperatiba osatzea) izan da; etorkizunera begira alde onak eta abantailak badituela ikusita hasi ginen. Kooperatiba sortu, eta jendea animatzen hasi zen: baserritarrak, eraikin edo teilatu handienak zituztenak… Horren ostean, bata bestearen atzetik etorri ziren.
Zergatik aukeratu zenuten Kooperatiba forma juridikoa?
Asko pentsatu gabe. Etorkizunari begira, batez ere epe luzeari begira, egonkorragoa da, eta herritar guztiei zabaltzen die aukera bazkide izan eta berdintasunezko mailatik helburuak betetzeko.
Abiapuntua Itsasondon izan arren, asmoa da ondoko beste herri batzuekin ere harremanak egitea komunitateko kide izan daitezen. Zergatik saretu?
Batzuetan, proiektuaren barruan egonda baino ez zara ohartzen egiten ari zarenaz. Orduan konturatzen zara zertan ari zaren edo zer nolako mugak eta baldintzak dituen proiektuak.
Itsasondon hori gertatu zaigu. 60 kide gara, eta hiru batzorde ditugu: administratiboa (legeari dagokiona), proiektuen berrikuntza eta bideragarritasunari dagokiona, eta ekonomikoa. Gastua dakar, baina badago proiektuak egiteko beharra eta indarra. Hala ere, ezin dugu gutxi batzuen artean dena egin: bakoitza bere aldetik ibili baino, elkarrekin aritzea da bidea.
Guri kostatu zaiguna ikusita, ez dugu nahi inguruko herrietan berriro ere zerotik hastea: estatutuak direla, elkartea dela… horrelako gauzekin, ahal dela ez dezatela guk besteko nekerik pasa. Beraz, horregatik hasi gara inguruko herriekin gai hau lantzen, eskualde mailan saretze bidean, orain arte egindakoa aprobetxatu ahal izateko. Gainera, Goieki garapen agentzia daukagu oinarrian, eta Goiekiren bat egiten dugu; lanean ari gara eskualde mailan antolatzeko, herri asko direlako interes hori adierazi dutenak. Gu alde horretatik aitzindari izan gara; herri asko dira bide hori egin nahi dutenak, eta horretarako gure esperientzia eskain diezaiekegu, eta, ahal bada, gure laguntza ere bai.
Zein dira aurrera begirako erronkak?
Gauzak gero eta hobeto egiten ikastea. Martxan jarri genuen lehen instalazio fotovoltaikoa ez zegoen nahi bezain ondo, eta orain bigarrenarekin ari gara, beste baserri batean. Gure helburua da poliki-poliki bazkide guztien beharrak asetzea, eta herrian behar dugun elektrizitatea behintzat herrian sortzea. Hortik aurrera zailagoa izango da beharbada, baina aurrera goaz.