Urtarrilaren 24an aurkeztuko dira hirugarren edizioko sortzaile eta herriak, Iruñeko Kondestable jauregian
Pasa den azaroaren 25ean itxi zen eskaerak bidaltzeko epea. Guztira, 70 proiektu jaso ziren, lau diziplinatakoak: literatura, komikigintza, antzerkigintza eta zinemagintza. Balioespen batzordeak 30 hautatu zituen: literaturan 11, komikigintzan 7, antzerkigintzan 8 eta zinemagintzan 4. Urtarrilaren 24an emango dira argitara, aurkezpen-ekitaldian.
Balioespen batzordea
Geuretik Sortuak beka deialdian, 70 proiektu jaso zituen Udalbiltzak, lau diziplinatakoak. Hautaketarako, Balioespen batzordea osatu zuten ondorengo kideek: Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakariak, Clara Rouget Udalbiltzako zuzendariak, Maria Oses Udalbiltzako kultur teknikariak eta diziplina bakoitzeko aditu batek. Literaturan Danele Sarriugarte idazle eta itzultzaileak, komikigintzan Asisko Urmeneta komikigile eta irudigileak, antzerkigintzan Kepa Errasti antzerkigile eta gidoigileak eta zinemagintzan Esti Urresola zinemagile eta zuzendariak. Proiektu guztiak irakurri eta baloratu ostean, behin behineko onuradunen zerrenda argitaratu du Udalbiltzak. Helegite-epea irekita dago urtarrilaren 2ra arte.
Aurkezpen ekitaldia
Hirugarren edizioa behar bezala aurkezteko, urtarrilaren 24an elkartuko gara Iruñeko Kondestable Jauregian, arratsaldeko 17:00etan. Bertan, proiektuko parte hartzaileek eta bidelagunek hartuko dute parte. 2025 eta 2026 urteak hartuko ditu Geuretik Sortuak bekaren hirugarren edizioak, eta 30 sortzailek osatuko dute. Urtarrilaren 24an emango ditugu jakitera hautatutako sortzaileen izenak, baita herrienak eta herri-multzoenak ere.