Senidetzea egin nahi?

Udalbiltzak, programan parte hartuko duten udalei aholkularitza teknikoa eskainiko die Euskal Herriko udalekin harremanak sortzen eta errazten lagunduz baita ekimenak abian jartzeko dinamikak proposatuz.

Bestalde, senidetzearen finantzazio plana segurtatzen laguntzeko, Udalbiltzak, lurralde, eskualde edo Europa mailan indarrean dauden deialdien inguruko informazioa bilduko du eta udalen esku utziko ditu.

2018an Batzorde Teknikoan Euskal Herri mailako senidetzeek bete beharreko irizpide batzuk definitu dira, senidetzeen garapena laguntzeko eta harremanen iraunkortasuna bermatzen saiatzeko. Horrez gain, hainbat senidetze esperientzia bildu dira Euskal Herri mailan hedatzeko.

SENIDETZA BAT EGITEKO HAINBAT AHOLKU:

  • demografia-ikono.png BIZTANLERIA KOPURUA: 

Komeni da biztanleria kopuruak duen gorabehera kontutan hartzea. Biztanleria kopurua baino herri txiki/handi tipologia baten arabera egin daiteke. Izan ere, herri txiki eta handien artean desoreka handiak izan ohi dira (talde kopurua, ikastetxe kopurua, elkarte kopurua…) eta horrek zailtasunak ekar ditzake lankidetza gauzatzeko momentuan.

  • distantzia.png DISTANTZIA GEOGRAFIKOA: 

Bi herrien artean bi orduko muga jar daiteke denbora aurrezte aldera, praktikotasunaren aldetik. Bilera eta topaketak erdigunean ere egin daitezke, jakina. Bestalde, senidetzeak beti ipar/hego eskemaren arabera garatzen dira baina ez du zertan beti horrela izaterik; lurralde ezberdinen arteko beste harreman batzuk ere garatu daitezke (adibidez Nafarroa eta Bizkaiaren artean).

  • dinamismo.png ZONALDEAREN DINAMISMOA / INGURUNE EKONOMIKOA: 

Bi herriek bakan dute dinamismo maila berdina (bata industriala izan daiteke, bestea landa gunea). Ezberdintasun hori da hain zuzen aberasgarria, elkar osatzeko parada ematen duelako. Betiere, gakoa da herritarren gogoa. Horretarako, senidetzea bultzatuko lukeen herritarren arteko talde antolatu bat izatea gomendatzen dugu. Herriko beste elkarteak ere bitartekotzat har daitezke.

  • ideologia.png SENTSIBILITATE POLITIKOA:

Nahiz eta udalaren sentsibilitate politiko nagusiak ondorio zuzena izan lankidetzaren arrakastan, zaila da irizpide bezala jartzea, hauteskunde zikloen arabera alda daitekeelako. Halere, komeni da udaletxeak lankidetzarako gutxieneko gogo bat izatea eta Euskal Herri mailako partaidetza bat garatzeko prestutasuna erakustea, elkartzen gaituen kultura eta elementuetan oinarrituz.

  • instituzio.png INSTITUZIOAREN SUSTAPENA:

Senidetze proiektu bat garatzeko garrantzitsua da instituzioen babesa baina berez gomendatzen dugu proiektuak behetik gorako dinamika herritarretan oinarritzea, herritar eta elkarteek bultzaturik. Horretarako, komeni da lehenik herritarren artean talde bat sortzea, oinarri bezala. Gainera, senidetzea arrakastatsua izan dadin komeni da ikastetxe eta aisialdi zentroak inplikatzea, harremanaren iraunkortasuna bermatzeko.

  • eus.png EUSKARA: 

Dudarik gabe, euskararen erabilera irizpide bezala lehenesten da, Euskal Herri osoko hizkuntza izanki, eskualde ezberdinen arteko elementu bateratzailea den neurrian.

  • aurrekontua.png AURREKONTUA: 

Senidetzeak aurrekontu propioa izatea ez da baitezpada irizpide bezala kontutan hartzen baina maiz proiektu bat antolatzerakoan derrigorrez zutabe bat sortzen da udalaren aurrekontuan.