HAUSPOTU Herriak bizituz!

Lurralde desoreka ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Hiriak eta metropoliak handitzen ari diren neurrian, Euskal Herriko landa eremuko argia itzaltzen ari da emeki-emeki. Neurririk hartzen ez bada, egoerak ez du atzera bueltarik izanen. Hori dela eta, Udalbiltzak Euskal Herri mailako arazo larri horri, Euskal Herri mailako erantzuna ematea proposatzen du. Bide honetan, Koop 57 eta OlatuKoop izango ditugu bidaide. Hala, Ekonomia Sozial Eraldatzailean (ESE) oinarritzen diren proiektuak sustatuko dira Euskal Herrian.

Konpromiso horren adibidea da, esaterako, 2013-2015 urteen artean Euskal Garapen eta Kohesio Fondoak garatu zuen Euskal Pirinioetan lan eta bizi programa. Egitasmo horren barruan, Nafarroa Garaiko, Nafarroa Beherako eta Zuberoako herritarrek, eragileek eta erakundeek sustaturiko hainbat proiektu diruz lagundu ziren. Datuen arabera, eremu hori baita euskal lurralderik baztertuenetakoa: Despopulazioa, Zerbitzuen irisgarritasun eskasa, eta Biztanleriaren zahartzea.

Esperientzia hartatik, oso emaitza baikorrak bildu ziren, eta horrenbestez, programa lurralde gehiagotan zabaltzearen aldeko hautua egin du Udalbiltzak.

·

Programaren ardatzak

Bi ardatz izango ditu: babes ekonomikoa eta babes teknikoa. Laguntza egitasmo berriei ez ezik, dagoeneko abian diren eta bultzada baten beharra duten horiei ere bideratuko zaie.

BABES TEKNIKOA: Alor honetan OlatuKoop izango dugu gidari, ekonomian modu eraldatzailean jarduten duten enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibek osatzen duten sarea. OlatuKoop-en xedea jonakoa da: bazkideen arteko elkartasuna, jendartearen ongizatea eta euren jarduera ekonomikoak ondare komunari ekarpena bat egitea. Hauek izanen dira babes teknikoaren bi egitasmoak:

  • Jardunaldi formatiboak: eskainiko dira eskualdez-eskualde. Saio horietan, parte-hartzaileek Ekonomia Sozial Eraldatzailearen munduan murgiltzeko lehen urratsak emateko aukera izanen dute.
  • Saio bateratua: Jardunaldi formatibo hauek zazpigarren saio batekin amaituko lirateke, zeinetan eskualde guzietako parte hartzaileak gonbidatuko diren. Bertan, sinergiak sortu eta errealitate ezberdinen ikusmirak partekatzeko aukera izango dugu. 
  • Bidelaguna: Ondoren, bidelagun bat esleituko zaio entitate bakoitzari, proiektua sendotzeko laguntza berezitua eskainiko duena. Mintegietako gidaritza OlatuKoop-ek hartuko du.

BABES EKONOMIKOA: Koop57 taldearen bitartekaritza finantzarioaren bidez, egitasmoak ekonomikoki sustatuko dira. Kooperatiba honek zerbitzu finantzario etikoak eta solidarioak eskaintzen ditu, eta bitartekaritza finantzarioaren bidez, ekonomia sozial eraldatzailea oinarrian duten proiektuak finantzatzea da bere funtzioa. 

  • Mailegu etiko eta solidarioak: Mikrokreditu bidezko laguntza eskainiko zaie proiektuei. Maileguon interes tasa txikia izango dute, eta interes horiek beste proiektu batzuen finantzaketara bideratuko dira, egitasmoen elkar elikatze finantzarioari atea irekiz.
·

Baldintzak eta argipenak

Eskualdeak_Hauspotu.pngGAINDEGIAk, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behatokiak, UDALBILTZAren eskaerari jarraituz, ikerketa bat garatu zuen Euskal Herrian zailtasun ekonomiko eta sozial handienak pairatzen zituzten eskualdeak identifikatzeko.

  IKERKETA DESKARGATU

Horretarako hiru ardatz hartu dira kontuan: zerbitzuen irisgarritasuna, despopulazioa eta langabezia tasa.

Eskualde horietan kokatzen diren Ekonomia Sozial Eraldatzaileko proiektuek parte hartzen ahalko dute deialdi honetan. Ikerketak honako eskualdeak nabarmendu ditu:

  • Pirineo Kontinentala: Nafarroa Beherea eta Zuberoa
  • Pirineo Penintsularra: Auñamendi, Pirinio Aurrea, Erronkari, Zaraitzu, Zangotzaldea eta Irunberri
  • Nafarroa Erdigunea: Tafallaldea, Lizarraldea eta Izarbeibar
  • Araba: Araba Mendialdea, Trebiñu eta Arabako Ibarrak
  • Enkarterriak

Mailegua jaso ahal izateko, proiektuak Koop57ko bazkide egitea ezinbesteko izango da. Honako forma juridikodun entitateak izan daitezke bazkide, eta horrenbestez, HAUSPOTU programaren laguntza jaso:

  • Elkartea
  • Autonomoa
  • Kontsumitzaile eta erabiltzaile kooperatiba
  • Zerbitzu kooperatiba
  • Lan elkartuko kooperatiba
  • Kooperatiba mistoa
  • Gizarteratze enpresa
  • Fundazioa
  • Nekazaritza elkarteak
  • Lan sozietate anonimoa

Informazio gehiago: https://www.coop57.coop/eu/informacion/zerbitzu-bazkideak

Ekonomia sozial eraldatzaileari lotutako proiektuak sustatuko dira, modu autonomoan eta ekarpen sozial positiboak eginez jarduten duten egitasmoak. Bereziki:

  • Etxebizitza, lur eta eraikinen erabilerarako lagapen komunitarioetarako proiektuak.
  • Zaintzaren alorrekoak.
  • Agroekologiari lotutakoak.
  • Herrietan bizi ahal izatea laguntzen duten egitasmoak edota herri kooperatibak.
Baina zer da ESE?

Bada, esan daiteke, ESE praktika ekonomiko bilduma bat dela. Gure gizartea garatzeko tresna gisa ekonomia errekuperatzea dute helburu praktika ekonomiko horiek. Hori garatzeko, ekonomia sozialean onartutako ohiko egituratzeaz gain, kooperatibak esaterako, ekonomia informaleko beste zenbait egituratze ere onartzen dira, adibidez, hainbat elkarte. Hauek dira bere ezaugarri nagusienak:

  • Pertsonak erdigunean jartzen ditu, eta kapital ekonomikoa baliabidea da. Ez alderantziz.
  • Ekonomia modu demokratikoan eta berdintasuna bermatzeko asmoz antolatzen da, eta ez modu bertikal eta hierarkikoan.
  • Pertsonak ahalduntzen ditu, parte hartzea eta prozesu kolektiboak sustatzen ditu, hala, demokrazia ekonomikoaren ereduan sakontzen du.
  • Sortzen diren ondasun eta zerbitzuak pertsonen beharrak asetzeko dira, ez kapital metaketa praktikatzeko.

HAUSPOTU programaren baitan antolatuko diren formakuntzetan parte hartu beharko dute entitateek. OlatuKoop sareak gidatuko dituen saio hauetan Ekonomia sozial eta eraldatzailerago baterantz urratsak ematen ahaleginduko gara denek elkarrekin. Eskualde bakoitzean, saio bat garatuko dugu, eta baitezpadakoa izango da egitasmo bakoitza bere eskualdeko formakuntzara ordezkaritza bat igortzea.

Sei eskualdeetan saioak gauzatu ondoan, azken saio bat egingo dugu parte hartzaile guztiokin. Bertan Euskal Herri mailako ikuspegiarekin lantzen ahalko ditugu tokian-tokitik abiaturiko erronkak. Proiektu zehatz baten esperientziek, beste proiektu zehatz baten hutsuneak bete ditzake, eta arazo dezente saihestu edota konpondu. Horregatik, saioan parte hartzea oso garrantzitsua izango da:

  • Proiektuen arteko sinergiak garatzeko
  • Errealitateen aniztasuna ezaguteko
  • Bide berdinean kokatzen diren egitasmoen arteko elkar ezagutza sustatzeko
  • Kontaktuak egiteko
  • Euskal Herri mailako ESE bat osatzeko
  • Zuen proiektuak ineteregarriak baitira beste proiektuetako kideentzako
·

Jardunaldiak eskualdez-eskualde

 

 

>>Izen-eman<<

 

 

albisteak