Zer da?

Arteak eta kulturak funtsezko bi funtzio betetzen dituzte gizarte batean: hizkuntza baten imajinazioa garatzea (afektiboa eta pentsaera) eta herri baten historiaren lekuko izatea. Euskal Herrian, egun, bi funtzio horietan arteak eta kulturak duten ahulezia nabaria da.

Euskararen egoerari erreparatzen badiogu, egun, Euskal Herrian, jende askok, euskaraz hitz egiteko ohitura izanda ere, bere haserreak, pozak, ustekabeak, ondoezak edo irain gehienak erdaraz egiten dituela narbarmena da. Izan ere, ez ditu eskuragarri euskal arteak eta kulturak (filmak, antzerkiak, liburuak, joko elektronikoak...) eskaini ditzaketen eredu propioak.

Bestetik, bere historia kontatzen ez duen herria ez da existitzen eta, momentu honetan, herri honen historia kontatzeko tresna eta makineria artistikoa ahula eta isila da. Orain, inoiz baino gehiago, memoria gordeko duen historia eraiki behar dugu, emozionatuko gaituzten istorioak, errealitatea eta imajinario anitza eta aberatsaren adierazle izango direnak. Herri eta norbanako bezala, geure bizia eta bizipozak kontatuko dizkigutenak, euskaratik.

Proiektuaren garapena

2021. urte osoan zehar eta 2022ko lehen erdian izango du ibilbidea Geuretik Sortuak proiektuak, eta lurraldetasun orekari erreparatuz hautatu ditugun Euskal Herriko 25-30 herritan izango du kokalekua. Zeintzuk izango dira proiektu honen subjektu protagonistak? Bada, kulturgileak. Zehazki, zinemagintza, literatura eta antzerkigintzako 20-25 kulturgile. Hautatutako herrietan egonaldiak egingo dituzte deialdi bidez hautatutako kulturgile horiek, eta egonaldi horietatik, herri bakoitzaren historiatik eta errealitatetik abiatutako artelanak sortuko dira.

Lau fasetan banatzen da proiektu hau:

Lehen fasea, 2020ko iraila-abendua. Herriekin elkarlanak bilatzea da fase honen helburua. Herri gehienek bakarka hartuko dute parte proiektuan; baina badira multzoka parte hartuko duten eskualde bereko herri batzuk ere. Guztira, Euskal Herriko zazpi herrialdeetan banatutako 26 herri edo “nodo” izan dira hautatuak proiektuan parte hartzeko.

Bigarren fasea, 2021ko lehen erdia. Kulturgileen deialdia eta horiek herriei esleitzea etorriko dira fase honetan; deialdi publiko bat aterako da kulturgile horiek hautatu ahal izateko. Behin kulturgile bakoitza herri bati esleitu zaionean, fase honetan ere, egonaldiak gauzatuko dira. Kulturgile bakoitzak hainbat aste igaroko ditu herri horretan, bere artelana sortzeko: eleberri labur bat literaturaren kasuan, film labur bat zinemagintzaren kasuan edo antzezlan bat antzerkigintzaren kasuan. Helburu hori erdiesten laguntzeko, herri bakoitzeko kulturgintzaren ekosistemako eragileekin zein bestelako gizarte eragileekin harremanak izatea oso garrantzitsua izango da.

Hirugarren fasea, 2021eko azken hiruhilekoa - 2022ko lehen erdia. Hau hedapen fasea litzateke. Udalerri ezberdinetan kulturgileek sortutako artelanen bitartekaritza, argitalpena, hedapena, sozializazioa eta komertzializazioa dira fase honetako betebeharrik garrantzitsuenak. Herri bakoitzean proiektu honen bitartez sortutako lan guztien emanaldiak eta aurkezpenak egingo dira, Euskal Herri osoan kultur zirkuitu bat sortuz. Honakoak dira aterako diren obrak: eleberri laburrekin egindako bilduma bat, 4 antzezlan inguru, eta film laburrak barnebiltzen dituen film luze bat. Eleberri laburren bilduma egingo duen argitaletxea, film luzearen muntatzailea eta antzerki obrak mugituko dituen areto-teknikaria kontratatzeko beste deialdi publiko bat egingo da fase honetan.

Laugarren fasean, azkenik, helburuen betetze maila eta proiektuaren balorazioak egingo dira. Lehen balorazioa 2021 amaieran egingo da, egonaldien fasea zer moduz joan den ikusi eta 2023-2024 urteetako edizioa pentsatzen has gaitezkeen ikustzeko. Bigarren balorazioa, lehen edizio honen amaieran egingo da, 2022ko bigarren erdian. Azken alorazio honek lagunduko digu proiektu honen irismena eta emaitza zein izan den ikusten, etorkizunean Euskal Herriko herri gehiagotara iritsi ahal izateko, baita euskal kulturaren adierazpide gehiagotara ere.