Orexako energia lanketa

Energia burujabetza eta deskarbonizazioa Gipuzkoa
Hasiera data:
2012 (herriko lanketa estrategikoa abiatu zutenean)
Bukaera data:
Abian da
Lurraldea:
Gipuzkoa
Herria:
Orexa
Biztanle kopurua:
113

Eguzkiari begira bizi den herria da Orexa (Gipuzkoa). Hori horrela, 2019tik eguzki plaka fotovoltaikoak jartzen ari dira herriko txoko ezberdinetan, herritarrek dituzten behar energetikoak ase xede. Aurki lortuko dute bizilagunak behar duten energiaren %70 bertan sortzea eta herritarren artean banatzea.

Argazki galeria

1. Testuingura

Iraganetik lekukoa hartu, etorkizuna marrazteko. Energia burujabetza xede duten herrien artean leku nabarmena hartu du Orexak, Gipuzkoako herririk txikienak. Orain arte egindako lanarekin, herriak behar duen energia kopuruaren %51 sortzen du, eta aurki %70 lortuko dute, 2022 urtearen amaieran, hain zuzen ere.

Gaur egun 113 biztanle ditu, eta horietatik herenak 25 urtetik beherakoak dira. Egoera horren aurrean, Udalak Smart estrategia bat abiatu zuen 2013an, herriaren biziraupena bermatzeko. Lanketak bi helburu zehatz ditu: batetik, herriko enpresak eta ekonomia garatzea, kalitatezko enplegua sortzeko eta herriko gazteen lan aukerak ugaritzeko; bestetik, udalerriko bizilagunak babestea.

Eguzkiari begira dagoen herria da Orexa, mendien artean inguraturik. Izan ere, hegoalderako orientazioa du, eta horrek aukera paregabea eskaini dio Udalari burujabetzaren bidean aurrerapausoak ematen hasteko. Gauzak horrela, 2019an lehen eguzki plaka fotovoltaikoak ipini zituzten herriko ostatuan, argi-indarraren fakturen prezioak jaisten joateko. Instalakuntzaren aurrekontua 23.000 eurokoa zen, baina diru-laguntzatan %80 jaso zuten; beraz, 5.000 euro ordaindu zituen Udalak.

Tenore hartan, eguzkiaren zerga indarrean zegoen, eta legeak soilik autokontsumoa ahalbidetzen zuen. Legediaren aldetik, baina, aldaketak etorriko zirela aurreikusten zen, eta horiek horrela, hurrengo pausuak ematen hasi ziren, legea aldatzerako guztia prest izateko. 2020an, eguzki plakak jarri zituzten herriko frontoian, eta lege berriak sortutako energia banatzeko aukera ematen zuenez, bizilagunen eta enpresen artean banatzea erabaki zuten.

Testuinguru horren erdian herriko Oihan Txiki Gazta kooperatiban ere eguzki plakak jarri zituzten, eta 2022ko abendurako 5 instalazio fotovoltaiko izatea aurreikusten dute, laugarrena Segoretxe udal eraikinean eta bosgarrena Urrutxugain auzoan; guztiak dira Udalarenak, azkenekoa izan ezik, energia kooperatibarena baita. Hau guztia aurrera eramateko Goienerren laguntza izan dute.

Izaera soziala

2021eko urrian eratu zuten kooperatiba; kasik ondorio bat izan dela esan daiteke. Izan ere, euren kezka nagusiena zen frontoian sortzen zen argi-indarraren banaketa ongi definitzea. Horretarako, irizpide sozialak hartu dituzte kontuan, batetik, herritarrak babesteko eta bestetik herriko enpresak laguntzeko. Alta, familia arrunt batek 15 euro aurrezten ditu hilean, eta familia zaugarrienek 60 euro. Enpresei dagokienez, bai herriko ostatuak bai Oihan Txiki kooperatibak hileko fakturak %30era jaistea lortu dute. Udalak azpimarratzen duenez, landa eremuan enpresak izatea ez da oso errentagarria izaten, eta, horrenbestez, laguntza hau bultzada handia da aurrera egiteko. Herriko 45 etxebizitzak dira kooperatibako kide eta 51 hornidura puntu edo CUP daude.

Inbertsio guztia udalak hartu du bere gain. Hori horrela, herritarrek ez dute kuotarik ordaindu zerbitzua jasotzeko; trukean, teilaturen bat energia sortzeko baliagarria dela ondorioztatzen bada, komunitatearen esku uztea eskatuko zaio. Argi izan zuten hasieratik herrian dauden teilatuekin nahikoa izango zutela euren beharrei erantzuna emateko eta horrenbestez, ez zutela lurra okupatuko. Proiektua garatu ahal izateko ahalik eta erraztasun gehien eskaini ditu udalak, herritarrak erakartzeko. Haatik, bada teilatua utzi nahi ez duen auzokide bat, eta horrekin zer egin aztertu eta erabaki beharko du energia komunitateak.

Une honetan guztia aztertzen ari dira. Izan ere, litekeena da gutxieneko kuota bat eskatzea mantentze lanak ordaindu ahal izateko edo etorkizuneko ekintzak finantzatu ahal izateko. Halaber, sobratzen den energiarekin zer egin dezaketen aztertzen ari dira; hori metatzea ezinezkoa baita gaur egun. Aukeretako bat da kooperatibak berak energia hori saltzea diru-iturri batzuk izateko; aitzitik, kooperatiba gehienak ez daude horrela pentsatuta. Beraz, aukera ezberdinak aztertzen dabiltza.

2. Proiektuaren helburuak.

Orokorrak

  • Gazteak herrian geratzea.
  • Jende berria erakartzea.
  • Errentagarritasun soziala bermatzea.
  • Herriko enpresen arteko sinergiak sustatzea.

Espezifikoak

  • Burujabetza fotovoltaikoa.
    • 3 urteko epean, herriak behar duen energia guztia Orexan sortzea.
  • Burujabetza termikoa.
    • 10 urteko epean, berokuntza sistema propioa abiatzea.

3. Prozesua: zein izan da proiektuaren ibilbidea?

  • Lehenengo fasea: Herri mailako estrategia diseinatzea. Ekintzak bertatik diseinatzen hastea.
  • Bigarren fasea:
    • 2019an, herriko ostatuko eguzki plakak instalatzea. Diru-laguntzak lortu finantzatzeko.
    • 2020an, Oihan txiki Kooperatibako instalazioak eta frontoiak egin.
    • 2021ean: Energia Komunitatea eratu.
  • Hirugarren fasean:
    • 2022an: Segoretxeko (udal eraikina) eta Urrutxugaina bizilagun auzoko instalazioak egin.
    • 2022an: Arlo juridikoan, kooperatibak izan ditzaken aukerak aztertu.

4. Aurrekontua eta finantziazioa

  • Aurrekontua: 160.000 euro, gutxi gorabehera.
    • Ostatuko instalazioa: 25.000 euro, gutxi gorabehera.
    • Frontoiko instalazioa: 44.000 euro, gutxi gorabehera.
    • Oihan Txiki Gazta Kooperatiba: 35.000 euro, gutxi gorabehera.
    • Segoretxe Udal eraikina: 18.000 euro, gutxi gorabehera.
    • Urritxugain auzoa (jabegoa kooperatibarena izango da): 80.000 euro gutxi gorabehera.
  • Finantziazioa:
    • Eusko Jaurlaritza
    • EVEk, Energiaren Euskal Erakundeak lehenengo bi instalaziotan lagundu du.
    • Europako Leader funtsak.
    • Gipuzkoako Foru Aldundia: Energia komunitateak garatzeko lerro propioa du.

5. Prozesuan parte hartu duten dinamizatzaileak.

  • Orexako Udala.
  • Goiener.

6. Praktikaren indarguneak.

Orexako Udaleko ordezkariek azpimarratu dute proiektu sozial bat eratzea lortu dutela. Egindako lanari esker oihartzun mediatikoa izan dutela, eta kanpoko aitortzari esker, lanketa herri mailan garatzea errazagoa izan da.

Herrian dagoen parte-hartze kultura handia da; funtzionatzeko era intrintsekoa dena. Beraz, logika kooperatiba horrek lanak garatzea errazten du. Gaztandegi kooperatiba orain dela 30 urte sortu zen helburu berekin: gazteak herria geratzeko, lanpostuak sortzeko, herri bizi bat izateko, landa exodoari aurre egiteko. Hori guztia herriaren inplikazioari esker lortu zen. Orduan, gaztak eta arditegiak kokatu zituen Orexa mapan; orain, energiak. Herriaren garapenaren 2.0 fasean daude.

7. Praktikaren ahulguneak.

  • Aitzindariak izatea arazo bat izan da. Erreferentziarik ez izateak zailtasunak ekarri dizkie, hormak apurtuz ibili baitira.
  • Guztia sarera dagoenez eta egun duten transformadoreak sortzen den energiaren gainean muga bat jartzen duenez, mugaren gainean dabiltza eta soberan dagoen energia sarera “oparitu” behar diote.
  • 500 metroko lana oztopoa da. Gaztandegia, adibidez, kilometro bateko distantziara dago, eta, horrenbestez, ezin da herriko sarera konektatu. Han sobratzen dena ezin da herrian erabili.
  • Soberakinak ezin saltzea. Gaur egun, gainera, energia metatzeko teknologia ez dago hain garatua.
    Kontaktua:
    Orexako Udala
    Telefonoa:
    0034 943 68 20 29 0034 943 68 20 29
    Helbidea:
    Errebote plaza 4, 20490, Orexa (Gipuzkoa)
    www:
    www.orexa.eus