Legarraldeko laborantza lur publikoak

Elikadura burujabetza eta tokiko elikadura Natur baliabideak Lapurdi
Hasiera data:
2015 Iraila
Lurraldea:
Lapurdi
Herria:
Hendaia
Biztanle kopurua:
16.500

Lapurdiko kostaldean laborantzako lurrak gero eta urriagoak dira. Eraikuntza eta turismo negozioei loturiko enpresek, lur eremuak urbanizatzeko presioa egiten dute. Egoera horri aurre egiteko urratsa eman zuen Hendaiako Herriko Etxeak Legarraldeako eremua erosita. Bertan, etxebizitzak eraikitzeko asmoa zegoen arren, egun landa-lur gisa berrizendatu dira eta hiru laborantza proiektu garatzen ari dira Legarraldeko Hendaiako lurretan.

1. Testuingurua eta zerk eragin duen proiektua abian jartzea

Legarraldeako lurrak eraikigarri gisa izendatu zituen 2008-2014 arteko udal gobernuak, etxebizitzak eraikitzeko asmoz. Alta, 2014ean gobernu berria osatu zen eta hirigintza planaren berregokitzapena baliatuz, Legarraldeako lurrak landa-lur bilakatzeko eta horiek eskuratzeko prozesua abiatu zuen Herriko Etxeak.

Gaur egun, Hendaiak 50-60 hektarea ditu landa-lur gisa izendatuak eta soilik hiru ustiatzaile laborantza jardueran. Euskal Kostaldeko lurretan eraikitzeko dagoen eskaria, salerosketako salneurrietan islatzen da. Prezio horiek tokiko nekazarien ahalmenetatik kanpo izanik, oso zaila da laborantza proiektu iraunkorrak garatzea kostaldeko eskualde hauetan. Ezintasun horri irtenbidea ematen ahalegindu da Hendaiako Herriko Etxeak, lur pribatu horien publifikazioarekin.

2. Proiektuaren helburu orokorrak

Urbanizazioari muga batzuk ezarri eta tokiko laborantza herrikoia sustatzea zen Legarraldea landa-lur izendatzearen helburu nagusia. Bertan ekoitzitako produktuak inguruan bertan saldu eta kontsumituak izango dira; laborantza herrikoia, ingurumena zaintzen duena, eta nekazaritza eredu intentsiboa eta ustiapen makroak ekiditeko, ustiapen partekatua izango duena. Finean, elikadura burujabetzaren bidean urratsak egiteko ere baliagarria izango dena.

3. Ekimenaren helburu espezifikoak

  • Laborantza eredu iraunkor eta herrikoia berreskuratzea euskal kostaldean.
  • Lurrak lortzeko zailtasunak dituzten laborariei bidea erraztea.
  • Urbanizazioari mugak ezartzea.
  • Zirkuitu laburreko kontsumoa bultzatzea.
  • Elikadura burujabetzaren bidean, urratsak ematea.

4. Zein herritar kopuru eta multzoari eragiten dion proiektuak

Proiektuak, tokiko lau ekoizleri eragiten die zuzenean:  hiru laborariri eta abeltzain bati.

5. Beste programa batzuekin izan dezakeen harremana

Bidasoa KM0 dinamika garatzen ari da, kontsumo eredua aldatzeko asmoa eta zirkuitu laburreko ekonomia bultzatzea helburua duen ekinbidea. Era berean, Hendaian eta Irunen kontsumitzaile kooperatibak sortzen ari direnez, Legarraldeko laborantza proiektuek lotura  izaten ahalko dute kooperatiba hauekin.

6. Inplementazioa

  1. Herriko Etxeak bere hautagaitza pausatu zuen Legarraldeko hogei hektareak eskuratzeko, eta udalerri barnean ziren hamabi hektareak eskuratu zituen. Lur eremuarengatik hainbat eroslek interesa erakutsi zuten, Herriko Etxeaz gain.
  2. Azkenean, SAFER erakundeak Hendaiako Herriko Etxearen proiektua hobetsi zuen. Modu horretan, Herriko Etxeak 2019ko ekainean hamabi hektareak eskuratu zituen 500.000€-ren truke.
  3. Laborantza proiektuak aurkezteko deialdi publikoa ireki zuen. Bertan, hamabost ekinbidek egin zuten lurra alokatzeko eskaera, eta SAFER erakundeak Herriko Etxeak lurrak nori alokatu erabaki zuen.
  4. Hala bada, lau proiektu hautatu ziren, denak tokiko laborariak. Bi baratzezaintza ekologikoan arituko dira, beste bat Kintoa euskal txerriaren eta oilaskoaren hazkuntza ekologikoan, eta laugarrena garagardoa egiteko garagarraren ekoizpen biologikoan.

7. Faseak eta ekintza planak

Kontaktua:
Iker Elizalde
Telefonoa:
+33 618404454 +33 618404454
Helbidea:
Legarraldea
www:
https://www.hendaye.fr/eu/