Erroitegiko bero sarea

Energia burujabetza eta deskarbonizazioa Araba
Hasiera data:
2015
Bukaera data:
Abian da
Lurraldea:
Araba
Herria:
Erroitegi
Biztanle kopurua:
26

Erroitegi (Arraia-Maeztu, Araba) herria mendiez babesturik aurkitzen da. Naturak eskaintzen dituen baliabideak probestuz, biomasa galdara komunitarioa eraiki dute, kontzejuko etxe guztiak suaren indarrarekin berotzeko. Sugarrak elikatzeko, inguruko basoetatik ateratzen dute egurra; ostean, bero sare baten laguntzaz etxez etxe garraiatzen dute ur beroa. Disctrict Heating izenaz ezagutzen da sistema.

(Bideoak Araba Mendialdeko beste esperientzia batzuk hartzen ditu kontuan. Erroitegiko proiektua horietan oinarritu zen). 

Argazki galeria

1. Testuingurua:

Iturrietako mendiek babesten dute Erroitegi (Arraia-Maeztu), Arabako bigarren herririk garaiena (946 m). Neguak urriaren amaieran iristen dira kontzejura, eta udaberria, berriz, ekainean. Sasoiak irauten duen bitartean, etxeak epel eta goxo izatea da hango bizilagunen eginkizun nagusiena. Duela gutxi arte, herriko etxe bakoitzak bere “suerte”-a (egur sorta) izan du etxeko sua pizteko; 2017tik aitzin, baina, egur sortak modu komunitarioan kudeatzen dituzte, izan ere, etxeak bero mantentzeko biomasa galdara komunitarioa eraiki dute herrian, eta inguruetako basoko egurrarekin elikatzen dute sua. Ostean, sortutako ur beroa sare berezi batekin garraiatzen dute etxez-etxe, bai berogailuetarako baita etxeko ur berorako ere. Disctrict Heating izenarekin ezagutzen da sistema.

Herriaren kokapen geografikoa dela-eta, ez dute gas hornidura sare batera konektatzeko aukerarik, eta soilik etxe gutxi batzuk dute gasolio-tanga. Egoera horrek bultzatuta, eta karrika guztiak altxatu behar zituztela baliatuz, biomasa sarea eraikitzea erabaki zuten, kontzejuko 20 etxebizitzak (14 sartu dira sarean), udala eta elkartea modu eraginkorrean eta iraunkorrean berotzeko. Bizilagunen ongizatea izan dute ardatzean.

Inguruak ere proiektua garatzen lagundu du. Alta, mendiez babesturik dago Erroitegi, eta biomasa kopuru ona duenez, bertako egurra erabiliz beroa sortzearen aldeko hautua egin zuen Kontzejuak. Horretarako, egurra atera, landu, lehortu eta txikitu egiten dute sua elikatzeko. Era horretan, hondar-biomasaren aprobetxamendua eta baso-kudeaketa iraunkorra sustatzen dute. Tokian tokiko baliabideak probestuz, merkeago ateratzen zaie etxea berotzea gasarekin alderatuz.

2. Proiektuaren helburuak.

  • Bizilagunen ongizatea bermatzea.
  • Natur baliabideak modu antolatuan ustiatzea.
  • Aurrezpen energetikoa eta ekonomikoa
  • Eraginkortasun energetikoa sustatzea

3. Prozesua: zein izan da proiektuaren ibilbidea?

  • 2015-2016 bitartean: Proiektu guztia abiatzeko, planifikazio egoki bat egin zuten. Izan ere, bertako hautetsiek azpimarratu bezala, kaleak altxatu behar zituzten, eta etorkizunera begirako ekintzak planifikatu zituzten ahalik eta etekin gehiago ateratzeko egin beharreko lanei.
    • Bitarte horretan, bestelako esperientzietatik ikasi, enpresa ezberdinekin harremanetan jarri, eta proiektua diseinatzen hasi ziren. 2016an lehen galdarak iritsi ziren.
    • Diru-laguntzen eskaera bideratu proiektua finantzatu ahal izateko.
  • 2017an: Lanen esleipena eta kaleko lanen abiatzea. Hauexek izan ziren lanak: euri-uren saneamendua, argiteria publikoa eta telefonoko kableak lurperatzea, ur beroaren eta biomasa sarearen hedapena, eta kaleen zoladura.
    • 2017an, galdara komunitarioak erosi eta instalazio osoa egin. Ezpala ekuratu sua elikatzeko.

4. Aurrekontua

  • Orotara, 1,351.431,77€. Prezioaren barruan guztia sartzen da: euri-uren saneamendua, argiteria publikoa eta telefonoko kableak lurperatzea, ur beroaren eta biomasa sarearen hedapena, eta kaleen zoladura.

  • Finantziazioa (Udala-Gobernua): Diru-laguntza ezberdinak jaso dituzte proiektuari bultzada emateko. Arabako Foru Aldundiak, adibidez, lanen gastuaren %80 finantzatu du. Gastu horretan sartu da dena: kaleak zaharberritzea, kableak lurperatzea...
    • Berogailurako, adibidez, 100% lortu zuten diru-partida batean eraikin publikoetan berogailu sistema zaharberritzeko; norbanakoentzat diru-laguntzak jaso dituzte ere, baina diru-kopurua txikiagoa izan da.
    • Diru-laguntza iturriak: Eusko Jaurlaritza eta EVE, energiaren euskal erakundea.
  • Prozesuan parte hartu duten dinamizatzaileak: Erroitegiko Administrazio Batzarra.

5. Praktikaren indarguneak.

Erroitegiko bizilagunak pozik daude proiektuarekin. Urteen joan etorriarekin herria zahartzen ari da, eta biomasa sareak zerbitzu eroso bat eskainiko die auzokideei etxeak berotzeko. Guztia modu komunitarioan kudeatzean, ez dute ibili behar udaran egurra menditik ateratzen, eraldatzen, etxean pilatzen.... Ildo horretan, gainera, egurra euren mendietatik ateratzean herriko basoak garbi eta osasuntsu izaten laguntzen die.

Proiektuak herritarrak gehiago kohesionatzea ere ekarri duela esan daiteke, izan ere, erabakiak elkarrekin hartzen dituzte antolatzen dituzten batzarretan. Udal ordezkariek diotenez, oso garrantzitsua da bizilagunak bat egitea proiektuarekin.

6. Praktikaren ahulguneak. Sarritan geratzen den bezala, askotan Administrazioarekin topatu daitezkeen oztopoak izan daitezke proiektuaren ahulgunea, hots, gai burokratikoak. Halaber, prozesua luzea gertatzen da, eta animaleko lana egin behar izan dute kaleak altxatzeko eta guztia ongi jartzeko; haatik, udaleko ordezkariek diote hori dela aukerarik hoberena sistema abian jartzeko.

Kontaktua:
Arraia Maeztuko Udala
Telefonoa:
0034945410033 (Arraia-Maeztuko udala) 0034945410033 (Arraia-Maeztuko udala)
Helbidea:
San Pedro Kalea, 01129, Erroitegi, Araba
www:
https://www.arraia-maeztu.eus/arraia-maeztu/roitegui-erroitegi/?lang=eu