Errekaleor

Etxebizitza eta hirigintza Araba
Hasiera data:
2013-09-13
Lurraldea:
Araba
Herria:
Gasteiz
Biztanle kopurua:
130

Errekaleor Bizirik! proiektua Gasteizko hego-ekialdeko aldirian dagoen langile auzo bat da. Errenkadan jarritako hamasei blokez osatuta dago, eta bloke bakoitzak bi atari ditu; hots, 32 atari guztira. Atari bakoitzak sei bizitza ditu hiru solairutan. Etxebizitzez gain, bestelako azpiegitura eta espazio batzuek osatzen dute auzoa: gizarte-etxea (bertan daude sukaldea, liburutegia, inprenta...), Gaztetxea (garai batean eliza izandakoa eta orain taberna eta eszenatokia dituena), zinema, frontoia, baratzea eta bost plaza.

Argazki galeria

Historia

Errekaleor Bizirik! proiektua ulertzeko, langile auzo honen historiari erreparatu behar diogu. Errekaleor auzoa 1959 eta 1960. urteetan eraiki zuten Andaluzia, Galizia, Extremadura eta penintsulako beste lurralde batzuetatik zetozen langileei etxebizitza bat bermatzeko.

Errekaleor3.jpg

Hasieratik izan du auzo horrek komunitate izaera indartsua, bereziki langile mugimenduaren inguruan errotua. 70-80eko hamarkadak oso garrantzitsuak izan ziren mugimendu horrentzat, borroka eta grebaz beteriko garaiak izan baitziren eta horrek arrastoa utzi zuen auzoan (Martxoaren 3ko gertakariek lotura zuzena dute Errekaleorrekin poliziak eraildako gazteetako bat bertakoa baitzen, Romualdo Barroso).

Urteak aurrera joan ahala, auzoa aldatuz joan zen. 90eko hamarkadan auzoak bigarren belaunaldi bat ezagutu zuen, herritar xumeek osatua, gizartetik kanporatuek, ijitoek, atzerritzarrek... Era berean, betiko bizilagun asko hiriko etxebizitza berri eta handiagoetara aldatu ziren.

2000. urtean "21. zabalgunea" enpresa publikoak plan urbanistiko bat zuzendu zuen agintarien eta enpresaburuen interesei erantzunez, zertarako eta Errekaleor eraitsi eta bertan luxuzko etxebizitza berriak eraikitzeko. Beraz, 2002. urtean, bizilagunen lehenengo lekualdatzeak hasi ziren, baina askok ez zuten onartu eta errekurtsoz errekurtso borrokan ibili ziren urte luzez. 2008. urtean eraikuntzaren burbuilak eztanda egin zuen, eta ondorioz, bertan behera geratu zen auzoaren eraisteko eta etxeak egiteko plana.

Auzoa erdi hutsik egonda, 2012an, Gasteizko unibertsitateko zenbait ikaslek etxebizitzaren problematikari heldu eta alternatibak bilatzeari ekin zioten. Auzoaren azterketa eta lanketa baten ondoren, 2013ko irailaren 3an Errekaleorreko 26. ataria okupatu zuten, eta  Errekaleor Bizirik! ekimenari hasiera eman.

Hasiera hartan, hamar lagun etorri baziren auzoa berpizteko asmoz, gaur egun, 130 pertsona inguruk osatzen dugu proiektua, eta, ikasle planotik harago, jendearen soslaia asko ugaritu da bai jatorri aldetik bai adin aldetik.

Errekaleor2.jpg

Autogestioa ardatz, bizitzako eremu guztien garapen kolektibo eta indibidualaren aldarrikapenarekin batera, arlo ezberdinen desmerkantilizazio prozesuan dihardu proiektuak. Horretaz aparte, gentrifikazio prozesu latza pairatu duen auzoa berreraikitzeak beste helburuak gauzatzeko oinarria dakar.

Proiektuaren erabakigune zentrala den eta bi astetik behin batzen den batzar orokorraz aparte, proiektuaren bizkarrezurra osatzen duten lantaldeetan antolatzen gara: ekonomia, azpiegitura, komunikazioa, kultura, ongi etorri (auzora bizitzera etorri nahi dutenen kudeaketa), autodefentsa, harremanak, baratza eta erreka-energy (argindar etena izan ostean, energia burujabetzan lanean diharduen taldea). Oinarrizko lantalde horietaz gain, bizilagunen interesetatik eta motibazioetatik beste hainbat talde sortu izan dira proiektuaren beharrei erantzuten dietenak: euskara taldea, Errekameak emakume taldea, bizikleta tailerra, musutruk doako denda, herri inprenta, entsegu lokala, boxeo taldea, okindegia (argindar etenaz geroztik bertan behera)...

Kontuan hartu behar da, Errekaleor Bizirik!! ez dela irla bakartu bat, baizik eta beste mugimendu eta eragile batzuekin elkarlan etengabeari esker sortu eta garatzen dela.

Arriskuei dagokienez, eta okupazioan oinarrituta dagoen proiektua aintzat hartuta, asko izan dira Gasteizko Udaletik jaso diren erasoak (auzoaren jabegoa udalaren hirigintza enpresarena baita). Azkena, 2017ko maiatzaren 19an izan zen, Iberdrolak jaurlaritzaren aginduz, argindarra eten zigun (horrek aukera eman zigun energia burujabetza lortzeko) eta horrekin batera udalak proiektuko kideon etxegabetzearekin mehatxatu gintuen, eta elkarrizketarako aukerak ukatu.

Oztopoen gainetik, lanean jarraituko dugu, eta, bost urte bete berri ditugularik, inoiz baino indartsuago gaude.

Testuingurua eta zerk eragin duen proiektua abian jartzea

Gasteizko Errekaleor auzoa erdi hutsik egonda, 2012an, Gasteizko unibertsitateko zenbait ikaslek etxebizitzaren problematikari heldu eta aukerak ºbilatzeari ekin zioten. Auzoaren azterketa eta lanketa baten ondoren, 2013ko irailaren 3an Errekaleorreko 26. ataria okupatu zuten, eta  Errekaleor Bizirik  ekimenari hasiera eman.

Proiektuaren helburu orokorrak

Errekaleor auzoa biziberritzea eta bestelako bizi eredu bat posible dela erakustea.

Ekimenaren helburu espezifikoak

Honako balio hauen inguruan lan egiten dugu: energia eta elikadura burujabetza, autogestioa, feminismoa, okupazioa, asanblearismoa, kultura askea, euskara, elkarren zaintza, memoria historikoa, auzolana...

Zein herritar kopuru eta multzori eragiten dion proiektuak

Gasteizko herri mugimenduari, baita Euskal Herri mailako bestelako okupazio eta herri mugimenduei ere.

Beste programa batzuekin izan dezakeen harremana

Bestelako proiektu autogestionatu batzuekin elkartasun harreman nahiz ezagutza harremanak ditugu, Euskal Herri mailakoak zein Europa mailakoak.

Parte hartu duten eragileak

Norbanakoak izan gara denak; nahiz eta gehienak herri mugimenduko militantzian mugitu garen: mugimendu feminista, Berriztu! (ekologismoa), ezker abertzalea, ikasle mugimendua, sindikalgintza, Hala Bedi irratia, Askapena (internazionalismoa) eta abar. Hala ere, Gasteizko eragile eta talde asko pasatu dira auzotik, bertako espazioak erabiliz haien jarduerak bertan garatzeko.

Finantzaketa

Oinarri bezala, auzokide bakoitzak hileroko kuota bat ordaintzen du bere aukeren arabera zifra aldatzen dena. Horrez gain, batetik, energia burujabetzara salto egiteko, finantzaketa kolektibo bat martxan jarri genuen (108.000 euro lortu genituen). Bestetik, ekintza kulturalak egiten ditugunean, tabernatik ateratzen dugu dirua. Eta, bestetik, auzoko merchandising-a darabilgu finantzaketa gisa.

Ebaluazioa

Etengabeko ebaluazioa egiten dugu koordinazio taldetik, batzarretik eta sortzen diren gogoeta taldeetatik.

Praktikaren puntu fuerteak

Auzoa eta inguruak indargune bat dira, zalantzarik gabe, dauden baliabide naturalengatik eta azpiegituragatik (frontoia, zinema, plazak, gizarte-etxea, gaztetxea...). Autogestiorako bidean egiten dugun lanketak askatasuna ahalbidetzen digu alderdi askotatik (kudeaketa, antolakuntza, sorkuntza, harremanak...). Bizitzako alor askori erantzunak ematen dizkion heinean, proiektu osatu bat da, eta lotura estua dauka norbanakoaren zein kolektiboaren alderdi emozional, psikologiko, sozial, kultural eta ideologikoarekin. Horrek egiten du proiektu bizi, indartsu eta egiazko bat izatea, etengabe mugimenduan dagoena.

Praktikaren puntu ahulak

Bestelako bizi eredu bat eraikitzea da helburu nagusia; oinarrizko beharren merkantilizazioaren gainetik, pertsonak erdigunean jartzen dituen bizi eredu baten alde lanean dihardugu. Horrek guztiak berekin dakar orain arte izandakoaren desikaste prozesu indibidual zein kolektibo bat egin behar izatea beste irakaspen batzuk landuko baditugu. Hori gertatu ezean, sistemak ezartzen dizkigun rol, jarrera eta botere-harremanak imitatzen ditugu modu inkontziente batean bada ere, hori baita txikitatik jaso duguna. Halaber, kontuan izan behar dugu ikaste-desikaste prozesu horiek etengabe gertatzen direla proiektua aurrera doan bitartean, horra erronka nagusia.

Auzokideon joan-etorri fluxua oso bizia da, eta, beraz, auzoaren errealitatea etengabe aldetzen doa. Oso proiektu malgua eta irekia da, horrek baditu alde onak baina baita zailtasunak ere; esaterako, egonkortasun politiko zein identitario bat bilatzeko orduan. Era berean, auzoaren dinamismoak behartzen digu komunitate izaera sendotzeko indarrak bideratzera.

Beste eremu edota eragile batzuek ekimen hau abian jartzeko aukerak

Erdi-hutsik eta "pelotazo" urbanistiko zentzugabe baten baitan dagoen industrialde bateko aldirietako langile auzo bat bilatu, urtebeteko aurre lanketa bat egin eta bizilagunekin harremanak landu ostean okupatu.