Bidazi

Elikadura burujabetza eta tokiko elikadura Nafarroa Garaia
Bukaera data:
Abian da
Lurraldea:
Nafarroa Garaia
Herria:
Bera

Bidazi herritar elkartea produktu ekologikoen erosketa komuna egiten hasi zen eta egun Azoka bat antolatzen dute eskualde mailan. Bertan eskualdeko ekoizleei ematen zaie lehentasuna bertako produktuen salmenta eta kontsumoa bultzatuz.

Argazki galeria

1.Testuingurua eta zerk eragin duen proiektua abian jartzea

2006 inguruan zonaldeko pertsona talde bat elkartu zen produktu ekologikoen erosketa komunak egiteko: zerealak, lekaleak, xaboiak… produktu iraunkorrak orokorrean. Hilero erosketa komuna egiten zuten, eta beraien artean banatzen zituzten produktuak. 20 familia inguru ziren. Horrela sortu zen Bidazi elkartea.

Momentu batean, ekimenean jende gehiago zegoela interesaturik eta bertze gisako produktuak (freskoa...) lortzeko aukera bultzatzeko, formatua aldatzea proposatu zen. Taldean parte hartzen zuten zenbait lagun Iruñeako Landare kontsumo taldeko bazkide ziren, eta zonaldean antzeko proiektu bat martxan jartzeko proposamena luzatu ziguten.

Momentu horretan jende gehiago gerturatu zen proiektura, eta gaur egungo Bidazi forma hartzen hasi zen: produktu ekologikoak eta bertakoak lortu ahal izateko espazio fisiko bat, ekoizle eta kontsumitzaileen elkargune, zonaldeko baserritarrentzat salmenta puntu, gaiaren inguruko sentsibilizazioa…

Herriz herri bilerak egin ziren, proiektua aurkeztu eta bazkideak egiteko, eta horrela, 2014ko udaberrian gaur egun ezagutzen dugun azokak ateak ireki zituen, 50 bazkide ingururekin.


2.Proiektuaren helburu orokorrak

  • idazi taldearen helburua elikagai osasuntsuak, gertukoak, kalitatezkoak eta bidezkoak bultzatzea da, bai ekoizpenean bai kontsumoan. Horretarako Azoka sortu dugu, produktu hauek saldu eta erosi ahal izateko gunea.
  • Elkarte bat izanik, eskualdean eragitea eta bazkideen parte hartze aktiboa bilatzen dugu, agroekologia eta elikadura burujabetza indartzeko.

3. Zein herritar kopuru eta multzoari eragiten dion proiektuak


Gaur egun Bidazin 174 bazkide gaude, gehienak Bortziriak eta Xareta eskualdekoak. Horretaz gain, bazkide izan gabe ere Azokan erosteko aukera dago, eta bide horren bitartez eskualdeko jende gehiagorengana iristen gara (8.500 biztanle inguru daude Bortzirietan).


Gainera, Azokan hurbileko ekoizleei lehentasuna ematen zaie, eta beraz eskualdeko ekoizleentzat ere salmenta puntu bat da Bidazi. Baztan-Bidasoako 8-10 bat ekoizlek beraien produktuak saltzen dituzte bertan (ogia, barazkiak, fruta, esnekiak, haragia...)

Proiektua eragile eta pertsona hauei zuzentzen zaie:

  1. Familiak/pertsona indibidualak: elikadura osasuntsua eta gertuko produktuak nahi dituztenak. Gure baserritarrak indartu nahi dituztenak.
  2. Zonaldeko baserritarrak edo lehen sektorean hasi nahi duen jendea. Beraien produktuak saltzeko gune bat sortuz.
  3. Jantokiak (eskolak, zahar etxeak…), kalitatezko eta gertuko produktuak nahi dituztenak.
  4. Otorduak antolatzen dituzten taldeak (herri bazkariak, udaletxeek eskainitako aperitiboak, eskolek antolatutako otorduak…)
  5. Kalitatezko eta gertuko produktuak eskaini nahi dituzten jatetxe edo ostatuak.
  6. Beste ildoetan lan egiten duten mugimendu sozialak, aliantzak eta elkarlanak egiten ahal baitira.

4.Beste programa batzuekin izan dezakeen harremana

Bidazik behar dituen zerbitzuak eta egiten dituen harremanak antolatzeko orduan, burujabetza eta tokiko garapena lantzen duten eragileak bilatzen dira ahal den neurrian. Horrela, energia horniketa Goiener kooperatibaren bidez egiten da, software libreko programa bat erabiltzen da, .eus domeinua...


Gainera, bai eskualdeko bai Euskal Herriko eragileekin harremana izaten ere saiatzen gara: eskualdeko IKA eta kultur eta kirol elkarteak, EHKolektiboa, Ekokontsumo federazioa.

5.Inplementazioa

Faseak eta ekintza planak

2014an Azoka espazio fisiko gisa ireki zenean, Cederna Garalur Garapen Agentziak duen enpresa haztegiaren lokalean egin zen. Hasieran Azokaren kudeaketa bazkideen auzolanari esker egin zen, baina lan karga handiaren ondorioz, ahalik eta lasterren denbora Azokaren kudeaketari eskainiko zion langile bat kontratatu zen.

Azoka egonkortzen joan den heinean, 2018ko apirilean bertze lokal batera lekualdatu ginen.

Ibilbide guztian zehar bazkide berriak egiteko kanpainak antolatu dira, eta 2019tik aurrera bazkide ez diren pertsonek ere Azokan erosi ahal izateko aukera zabaldu da.

6.Barne antolaketa

Bidazi elkarte moduan antolatzen da. Azokan erosketak egiten dituzten pertsona

guztiak elkarteko bazkide dira, baita soldatapeko langileak, zuzendaritza batzordeko

kideak eta gainerako lan taldetan parte hartzen duten pertsonak ere. Azoka hornitzen

duten ekoizleetako batzuk ere (zonaldekoak direnak), elkarteko bazkide dira.

Zuzendaritza batzordea 7 pertsonaz osatzen da, eta elkartearen nondik norako orokorraz arduratzen da. Hilean behin elkartzen da bilera irekietan: zuzendaritza batzordeko kideak, langileak eta bazkideak elkartzen dira.

  • Urtean behin asanblada orokorra egiten da bazkide guztiekin, zuzendaritza berritzen da eta urteko plangintza edo landu beharreko gaiak eta erabaki estrategikoak zehazten dira.

7. Finantzazioa:

  • Finantzazioa bazkideen bidez egin da.
  • Bidaziren diru iturriak bazkideen kuotak eta Azokako aktibitatea dira. Lerro kreditu bat daukagu bankuarekin, baina mailegurik ez, eta ez gaude zorpetuak.
  • Azoka ireki zenean, diru gehiago behar zela eta, “bono” batzuk atera ziren bazkideek ekarpenak egin ahal izateko, baina ondoren itzuliz joan dira kuotetatik deskontatuz.
  • Momentu batean diru bilketa edo Crow-founding bat ere egin zen, hozkailuak erosi ahal izateko. Diru bilketa “Goteo” plataformaren bidez egin zen, eta 3.000€ bildu ziren.
  • Hasiera batean La Caixa bankuarekin lan egiten genuen, baina ondoren, Fiare, Coop 57 eta antzeko egitasmoek finantza munduari buruz kontatzen digutena ezagutu eta bankuz aldatzea erabaki genuen. Orain Caja Ruralekin lan egiten dugu, bankuek gizartearekiko duten ardura kontutan izanik, iruditzen zaigulako hau dela behar ditugun zerbitzuak kontutan izanik, gure baloreekin gehien bat datorrena.

8.Beste baliabideak

Bazkideen parte hartzeari dagokionez, bazkideek elkarteari eskaintzen dioten auzolana gure filosofiaren oinarrietako bat da. Hori burura eramateko, martxan daramagun denboran antolaketa modu desberdinak entseatu dira, momentu bakoitzean gauza batek edo besteak funtzionatu baitu. Azoka ireki zen momentuan, oraindik ez zegoen soldatapeko langilerik, eta bazkideak arduratu ziren Azokaren kudeaketaz. Ondoren, langileak egonda ere, bazkide asko izan dira Azokan lan egin dutenak arreta gunean,produktuak antolatzen, garbitzen…

Momentu batzuetan bazkidez osatutako zenbait lan-talde egon dira: Azoka taldea, komunikazio taldea, ekintzen taldea, web gunea-informatika…

Azken fasean zenbait lan multzo zehaztu dira (Azoka txukuntzea, inbentarioa, obrak, itzulpenak, ekonomia, informatika, komunikazioa…) eta bazkideak lan multzo horietako batean apuntatzen dira, behar denean lanerako deitzeko.

9. Praktikaren difusioa

Gardentasuna eta komunikazioa hasieratik gure oinarrietako bat da. Norbait bazkide egin baino lehen, Azokara etortzea eskatzen dugu, tokia eta funtzionamendua ezagutzeko, informazio osoa emateko, galderak egin ahal izateko... Elkartearen eta pertsonaren arteko elkar ezagutza bat dago bazkide egin aurretik.

Urteko batzar orokorrean kontuak aurkezten dira. Zuzendaritza Batzordeak egiten dituen bilerak bazkide orori irekiak dira. Azoka elkargune puntu bat den neurrian ere,informazio truke zabala dago bertan.

E-mail bidez Azokako eguneroko informazioa, ekintza puntualen abisuak edo elkartearen nondik norakoen berri ematen da. Gainera, hilabetean behin “boletin” bat bidaltzen zaie bazkide guztiei e-mail bidez, hilabeteko notiziak edo elkartearekin zerikusia duten albiste interesgarriekin. Horrez gain, bazkideen arteko e-mail sare bat dago, edozein bazkidek gainerakoei mezuak helarazi ahal izateko, eta informazio gune birtual gisa funtzionatzen du.

Web gunearen bitartez “kanpokoekin” gehiago partekatzeko aukera izan nahiko genuke, baita prentsan presentzia handiagoa izanez ere.

10.Praktikaren puntu fuerteak

  • Bazkideen hurbiltasuna eta konpromisoa.
  • Eskaintzen diren produktuen kalitatea.
  • Proiektuan parte hartzeko aukera (proposamenak egin produktu berrien inguruan, ekoizleak ezagutu...).

11. Praktikaren puntu ahulak

  • Erabiltzaile kopurua handitzea zaila egiten da.
  • Gehienetan ekonomikoki justu ibili garenez, denbora eta lan aunitz eskaini behar izan dizkiogu gai horri, eta nahi baino gutxiago bertze batzuei (Bidazi ezagutzera ematea, bazkideen arteko harremana, ekoizleekin harremana, sentsibilizazioa...).



Kontaktua:
Bidazi Elkartea
Telefonoa:
640 96 63 40 640 96 63 40
Helbidea:
San Esteban karrika, 11 – 31780 Bera
www:
www.bidazi.eus