Bakaikuarrok Herri Kooperatiba

Ekonomia sozial eraldatzailea eta tokiko ekonomia Nafarroa Garaia
Hasiera data:
2018an (plan estrategikoa abiatu)
Bukaera data:
Abian da
Lurraldea:
Nafarroa Garaia
Herria:
Bakaiku
Biztanle kopurua:
353

Bakaikuko (Nafarroa) bizilagunek indarrak batu dituzte, eta herri kooperatiba bat sortu dute herriarentzako estrategikoak diren proiektuak abiatu asmoz. Lehena izan da herrian zabaldu berri duten denda. “Bakaikuarrok” du izena proiektuak, eta bizilagunen geroa era komunitarioan marraztea du xede.

Argazki galeria

1. Abiapuntua

Herriaren geroa herritarren eskura. Duela lauzpabost urte bakaikuarrek (Sakana, Nafarroa) ariketa sendo bat abiatu zuten herrian, etorkizuna elkarrekin marrazteko xedearekin. Garatzen hasi ziren plan estrategiko horren baitan hamaika ideia sortu ziren, bizilagunen bizitza hobetzeko helburuarekin. Proposamen guztien gibelean, lanketa guztiak batzen zituen filosofia gailendu zen; helburu publiko-komunitarioa sustatzea, hain zuzen ere.

Etorkizunerako bideorria marrazten ari zirela, herrian zuten denda bakarra itxi zen (2022ko otsailaren 28an), bertako jabeak erretiroa hartu eta gero. Hala, egoera hori plan estrategikoaren barruan sartzea eta lantzea erabaki zuten. Izan ere, oso garrantzitsutzat jotzen dute denda bat izatea, batetik, herritarrei zerbitzua eskaintzen dielako eta ez dutelako zertan kanpora joan beharrik erosketak egitera; bestetik, dendak herriari bizia ematen diolako eta bizilagunen arteko harremanak sustatzen dituelako, bultzatzaileek azaldu legez.

Horiek horrela, aukera ezberdinak jarri zituzten mahai gainean: lehenengoa, denda hirugarren pertsona baten esku uztea eta bigarrena, kooperatiban kudeatzea. Udalak eta herritarrek bigarren aukera jo zuten interesgarriena, eta ate ezberdinak jotzen hasi ziren euren ametsak egi bilakatzeko. Talaios kooperatibak hartu zuen erronka. Hainbat bilera egin ostean, 6 lagunez osaturiko talde eragilea abiatu zuten, eta proiektuari forma ematen hasi ziren, Nafarroako Kooperatiben Elkartearen laguntza ere tartean izan zutela.

Testuinguru horren erdian jaio zen “Bakaikuarrok” Herri Kooperatiba. Sortu duten lehen proiektua denda izan bada ere taldea ez dago proiektu bati soilik lotuta. Alta, kooperatiba horretatik bakaikuarrei bideratutako zerbitzu-proiektuak sustatuko dituzte, herriaren garapena bultzatu asmoz. Juridikoki, kontsumitzaileen eta zerbitzuen elkarte integrala sortu dute (aukerarik malguena euren hitzetan); eta norbanakoak, herriko elkarteak eta erakundeak (kasu honetan, Bakaikuko Udala) dira kooperatibako kide. Taldea irabazi-asmorik gabekoa da.

Hitzetatik ekintzetara salto egiteko, bazkidetza kanpaina abiatu zuten. Orotara, 3 astez egon ziren proiektuaren berri ematen, eta 235 bazkide lortu zituzten (330 biztanle ditu herriak). Bazkideek 60 euroko ekarpen bakarra egiten dute (Nafarroako kooperatiben legeak finkaturiko gutxienekoa), eta inoiz kooperatibatik ateratzeko asmoa erakutsiko balute, diru hori itzuli egingo litzaieke. Aurrera begira, batzarrak erabakiko du hilean kuotarik ipiniko ote den edo ez.

Poliki-poliki filosofiak horrek sustraiak bota ditu Bakaikun, eta herri-kooperatibatik proiektu berriak loratuko dira. Izan ere, bizi-lagunen artean “txip” aldaketa eman da, eta balio komunitarioak indarra hartu du bakaikuarren artean. Epe motzean, adibidez, energia komunitate bat sustatzeko helburua dute.

Dendaren xehetasunak

Bakaikuarrok herri kooperatibak egindako lanaren lehen erakusleiho nagusia da herriko denda. Ametsa egi bilakatzeko bidean, ezinbesteko laguntza izan da Udalarena. Alta, lokala erosi du eta denda bilakatzeko eraldaketa-lanez arduratu da. Egun, bi lagun ari dira lanean jardun erdian.

Dendako ateak zabalik daude bezero guztientzako, bazkideak izan edo ez izan. Produktuei dagokienez, epe-motzean gero eta indar handiagoa hartuko du tokiko produktuak, izan ere, interesgarritzat jotzen dute tokiko ekoizleekin harreman sareak indartzea eta sinergiak sustatzea.

2. Proiektuaren helburuak:

Orokorrak

  • Bizilagunen zerbitzua ematea.
  • Herri proiektua indartzea.

Espezifikoak

  • Helburu espezifikoa
  • Izaera publiko-komunitarioa sustatzea.

3. Zein herritar kopuru eta multzoari eragiten dio proiektuak

Bakaikuko herritarrei

4. Faseak eta ekintza planak

  • Lehen fasean: 2018an abiatu zuten Bakaikuko plan estrategikoa.
  • Bigarren fasean: Herri kooperatiba sortzeko lanak abiatu. Antzeko proiektuak bisitatu; bilerak egin eragile ezberdinekin, proiektuari forma emateko.
    • Talde-eragilea sustatu.
    • Estatutuen lanketa bideratu.
    • Lokala lortu eta eraldatu. Hornitzaileekin harremanak egin denda produktuez hornitzeko.
  • Hirugarren fasean: bazkidetza kanpaina abiatu.

5. Parte hartu duten eragileak

Bakaikuko Udala, Talaios kooperatiba eta ANEL, Nafarroako Gizarte Ekonomien Enpresak.

6. Finantziazioa (dendako kasuan):

  • Bakaikuko Udalak lokala erosi du eta egokitze lanak sustatu ditu. 145.000 euroko inbertsioa izan da.
  • 50.000 euroko dirulaguntza jaso dute Landa Garapenerako programa batetik; Europako eta Nafarroako Gobernuko fondoetatik jasotako ekarpena.
  • Bazkideek egindako diru ekarpena (bakoitzak 60 euro).

7. Praktikaren difusioa

Proiektua aurkezteko, herri batzarrak egin dituzte; tartean, esaterako, bazkidetza kanpaina abiatu zuten. Halaber, tokiko hedabideek lan handia egin dute proiektuaren berri emateko. Horrek interesa sortu du bakaikuarren nahiz kanpotarren artean.

8. Puntu fuerteak

  • Herritarren arteko kohesioa sustatzea.
  • Herriarekiko atxikimendua indartzea.
  • Filosofia publiko-komunitarioa indartzea.

9. Puntu ahulak

Hasieran, jendearen parte-hartzea kostatu egiten da.

Kontaktua:
Bakaikuarrok herri kooperatiba
Telefonoa:
0034623019026 0034623019026
Helbidea:
Maldako Larraina Kalea, 3, 31810, Bakaiku, Nafarroa