Zuzendaritza berritu eta mila hautetsi bilduko ditu Udalbiltzak 20. urteurrenean

2019/09/19

Udalbiltzak bere lehendakaria eta zuzendaritza politikoa berrituko du, azaroaren 16an Durangon egingo den Batzar Orokorrean. Bertan, atxikituriko kide guztiek izango dute bozketetan parte hartzeko aukera.

Card image cap

Hogei urte ez dira debalde pasatzen, eta Euskal Herriko erakunde publiko nazionalak, oztopoak oztopo, urratsez urrats, egin du bide. Olatu talka eta zirimola korapilatsu, bezain bat ostargi bizi izan ditugu. Denak dira gure historiaren parte, denek osatzen dute esperientzia kolektibo honen ibilbidea. Bi hamarkada hauetan zehar, eskuz-esku aritu gara, aritu dira, makina bat jende Euskal Herriaren nazio egituratzea gorpuzten, eta erakunde publikoetan ere elkarlanaren hazia pusarazten. Egun, Udalbiltza osatzen dugunon izenean gure eskerrik beroenak eta gure miresmenik handiena helarazi nahiko genieke pertsona guzti horiei.

Eta urteak debalde pasatzen ez direnez, aurten Udalbiltzak bere lehendakaria eta zuzendaritza politikoa berrituko du aurki ospatuko den Batzar Orokorrean. Hitzordu garrantzitsu hau, azaroaren 16an izango da Durangon (Bizkaia). Udalbiltzara atxikituriko kide guztiek izango dute batzarrean eta bozkaketetan parte hartzeko aukera, eta Udalbiltza kide historikoak gonbidatuak izango dira hogeigarren urteurrena belaunaldi guztien artean ospatu dezagun.

Eraberritzeko eta bere funtzioak berrikusteko gogoekin heldu da Udalbiltza 2019ko paradara, jada hainbat proiektu loratze bidean direlarik. Irudi berria ere garatu dugu erakundearen eraberritzea irudikatzeko, eta era berean, aurreko hamarkadetako jarduna gure eginez.

Udalbiltzan Bagabiltza gogoeta prozesuan zenbait esparru estrategikotan eragiteko beharra nabarmendu zen: turismoan, burujabetzan, nazio identitatean, elkarlanean… eta horietarik abiatu dira egun esku artean ditugun proiektuak. Horrenbestez, ez da lan makala aurretik duguna. Hori dela eta, mila hautetsiren atxikimendua lortzeko erronkari lotu gatzaio, bakoitzak bere esparrutik, bakoitzak bere gogoetatik, garatuko diren proiektuetan, nahiz etorriko diren ekinbideen garapenean ere parte hartzeko. Une honetan, 600 hautetsi dira atxikitu direnak, eta milakora iristeko lan egiten jarraituko dugu. Horrenbestez, gure dinamikarekin bat egiten duten hautetsi guztiei atxikitzeko deia eta gonbita zabaltzen diegu.

  

PARTE HARTZAILEAK

GAUR EGUNGO KIDEAK:

Jabi Asurmendi (Arakaldoko alkatea, Bizkaia); Pili Legarra (Asteasuko alkatea, Gipuzkoa); Iratxe Lopez de Aberasturi (Gasteizko zinegotzia eta Udalbiltzako lehendakariorde ohia, Araba); Lamia Arcas (Laudioko zinegotzia, Araba); Jon Arriola (Berriatuako alkatea, Bizkaia); Olaia Duarte (Donostiako zinegotzia, Gipuzkoa); Reyes Carrere (Donostiako zinegotzia, Gipuzkoa); Garbiñe Alkiza (Donostiako zinegotzia, Gipuzkoa); Sabina Garcia (Mendigorriako zinegotzia, Nafarroa); Paolo Albanese (Sartagudako alkate ohia eta zinegotzia, Nafarroa); Ekhiotz Prieto (Oteitzako zinegotzia, Nafarroa).

 

KIDE HISTORIKOAK:

Pablo Gorostiaga (Zuzendaritzako kidea, 1999-2003); Loren Arkotxa (Udalbiltzako Lehendakaria 2001-2003); Mertxe Aizpurua (Udalbiltzako Lehendakaria 2013-2016), Xabier Alegria (Zuzendaritzako kidea, 1999-2003); Idurre Bidegain (Zuzendaritzako kidea, 2013-2015); Xarlo Etxezarreta (Zuzendaritzako kidea, 2001-2015); Santi Kiroga (Udalbiltzako zuzendaria, 2013-2017); Maite Iturbe (Udalbiltzako Lehendakariordea, 2013-2019).