Xebax Christy, Hurbiltzen programaren arduradun ohia: «Senidetzak Euskal Herria egin eta josteko beste bide bat dira»

2020/06/29

Batzorde Eragileko kide eta Hurbiltzen programaren arduradun ohiak, Udalbiltzaren senidetze eta kohesio jardunarekiko bere ikuspegi eta hausnarketak partekatu ditu. Christyren ustez, baitezpadakoa da «esperientziak partekatu, senidetzeko asmoa duten herrien arteko lotura egin eta senidetzeen balioa ezagutaraztea».

Card image cap

Xebax Christy (Aiherra, Nafarroa Beherea, 1979) Hazparneko zinegotzi ohi, Udabiltzako Batzorde Eragileko kide eta Hurbiltzen programaren arduradun ohiak, Udalbiltzaren senidetze eta kohesio planarekiko bere ikuspegi eta hausnarketak partekatu ditu. 2002 urtean sortu zen Hurbiltzen programa, udalerrien arteko senidetze hitzarmenak indartu eta berriak sortzea bultzatzeko. Senidetzeen garapenaren bitartez, Euskal Herria kohesionatzea, eta eskualde ezberdinen arteko elkar ezagutza eta harremanak indartzea bilatzen da.

Ze hausnarketen inguruan sortu zen Hurbiltzen programa? Zer balio dute senidetzen sustapena?
20017 bukaeran, Udalbiltzan hasi nintzelarik Hurbiltzen programa ezagutu nuen, zeina euskal lurraldeen arteko kohesioa indartzeko sortu zen. Udalerrien arteko senidetzak nazio ikuspegiaren begiradatik lantzen ditu prgramak, orain arteko senidetzeak indartzen lagunduz eta senidetze berriak sortzea sustatuz.

Zein proiektu nagusi eraman ditu aurrera Hurbiltzen programak ordutik?
Hasieran, trukaketa batzuk antolatu ziren, Zuberoa eta Oarsoaldearen artekoak adibidez. Trukaketa hauen xedea Zuberoako gazteei Oarsoaldeako enpresetan praktikak egiteko aukera ematea zen, baina ororen buru, lau ikaslek baizik ez zuten parte hartu. Lan anitz izan zen eta ez zuen espero zen emaitza ukan. Orduan, programaren funtzioa hobeki definitzeko beharra ikusi zen eta bere oinarrizko funtzioa aholkularitza eskaintzea zela adostu zen. Senidetze Batzordea sortu zen, senidetze batzuetan parte hartzen duten hainbat jende elkartuz, eta haien esperientzien partekatzeko. Analisi zehatz bat egin zen eta senidetzeen sortzeko irizpideak landu. Hurbiltzen jardunaldiak egin ziren Uharten (Nafarroa) 2018ko azaroan, batzordearen lana ezagutarazteko eta senidetze esperientzia zehatz batzuetatik abiatuz, senidetzeen sortzeko aukerak eta erronkak zein diren gogoetatzeko. Bestalde, Euskal Herriko emakumeen arteko bi errugbi topaketa antolatu ziren, Gasteizen 2016an eta Baionan 2018an.

Ze hausnarketa eman dira azken aldietan senidetzeen inguruan?
Anitzetan, senidetzeak alde instituzionalera mugatzen dira. Udalek eta herriko etxeek ofizialtasuna eskaintzen diote senidetzeei, baita baliabideak ere. Baina ez du bermatzen senidetzeak iraunen duela, besteak beste hautetsiak 4 edo 6 urte guziz aldatzen direlako. Garrantzitsua da egitasmoa herritarrengandik etortzea eta pertsonen arteko harremanak garatzea. Arrazoi anitz baditugu senidetzeko gure kultura amankomunaz gain: laborantza, industria, turismoa, kultura, hezkuntza, aisialdia...

Hemendik aurrera, programak ze beharrei erantzuten ahal die?
Senidetze Batzordeak hasi duen lana segitu: esperientziak eta praktika onak bildu eta partekatu, senidetzeko asmoa duten herrien arteko lotura egin, eta senidetzeen balioa ezagutarazi.

Zer balio erantsi dute senidetzeek herri baten eraikuntzan? Nola indartu daiteke euskal lurraldeen arteko lankidetza?
Senidetzea Euskal Herria egin eta josteko beste bide bat da, distantzien gainetik elgar ezagutzeko parada emaiten digulako. Esan beharra dago, senidetzeak ez direla bakarrik Iparralde eta Hegoaldean arteko zeerbait bezala pentsatu behar; esaterako, Nafarroako eta Bizkaiko bi udalerriren artean izan daiteke ere bai.

Zein balorazio egiten duzu Udalbiltzak azken urteetan Ipar Euskal Herrian eginiko lanaz?
Ipar Euskal Herriari dagokionez, lan anitz egitekoa da oraindik. Udalbiltzarekin bat egiten duten hautetsiek, gehienetan, ardurak eta lehentasunak beste leku batzuetan dituzte eta urrunetik segitzen dute Udalbiltzak egiten duena. Konkretuago izan behar da Udalbiltzak ekartzen diena eta orduan interes gehiago ukanen dute, ene ustez.