Urteko kontuak eta langileen soldaten igoera onartu dira Udalbiltzaren urteko bigarren Kontseilu Nagusian
Pasa den azaroaren 5ean, urteko bigarren Kontseilu Nagusia antolatu zuen Udalbiltzak. Lehena Oiartzungo Udalean, aurrez aurreko modalitatean egin zen arren, bigarren honek zuen karaktere labur eta burokratikoa kontuan hartuta online modalitatean egitea erabaki zen.

28 partzuergokidek eta Udalbiltzako hainbat kidek hartu zuten parte kontseiluan. Bertan, Jabi Asurmendi Udalbiltzako Lehendakariaren eta Gorka Ojanguren idazkariaren gidaritzapean, hainbat gairen inguruko bozketa eta informazio-zabalpena egin zen.
Aurreko Kontseilu Nagusiko akta onartu ostean, lehendakariaren azken hilabeteetako ebazpenen berri eman zen; besteak beste, aurreko idazkari-kontuhartzailearen lan-uztea eta berriaren esleipena, honen lan baldintza berriak, edota Geuretik Sortuak kultur proiektuko artista eta udalerri esleituen jakinarazpena.
Ondoren, Partzuergoko eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondoko aurtengo kontuak jakinarazi eta horien onarpenaren bozketa egin zen. Datu interesgarri bezala, aurten pertsonal gastuetan uste zena baino gutxiago gastatu dela ondorioztatu zen, batik bat 2020. urtetik lanean egongo zirela uste zen hainbat karguk beranduago hasi dutelako euren lanaldia Udalbiltzan.
Herriek urtero Udalbiltzari ordaindu beharreko kuoten onarpena egin zen gero. Hainbat udalerriren eskakizunez, aurreko Kontseilu Nagusian kuoten inguruko lanketa bat egiteko konpromezua hartu zen. Honen harira, kalkulu desberdinak egiten aritu da Udalbiltza, formula desberdinak planteatuz. Planteamendu horiekin, ez da asko aldatzen udalerri bakoitzak jarri beharreko kopurua; eta kontutan hartuta Udalbiltzaren eraldaketaren inguruan gogoeta bat egiten ari dela eta bere garaian kuoten inguruko lanketa sakona egin zela, Batzorde Eragiletik orain arteko kuota sistema mantentzea proposatu zen. Gehiengoaren baiezkoarekin bozkatu zen erabaki hau.
Halaber, Jabier Asurmendi Lehendakariak bertaratutakoei gogorarazi zien Hartu Eman proiektuko aholkularitza zerbitzua martxan dagoela. Udalbiltzatik, doako aholkularitza bat jarri zen partzuergokideen eskura, udalgintza eraldatzaile eta burujabetza proiektuak garatzeko. Horrez gain, gainontzeko hautetsi eta udalentzat kontsulta arinak egiteko aukera ere badagoela gogorarazi zuen. Lurgida proiektuan, bestalde, “Zer egin” atala irekita dagoela azaldu zuen lehendakariak, eta partzuergokideei gonbidapena luzatu zien beraien herrietako ekimen eta ibilbideak Udalbiltzari bidaltzeko, atal horretan txertatu ahal izateko.
Kontseilua amaitzeko, Udalbiltzako langileen soldaten %0,9ko igoeraren onarpena bozkatu zuten bertaratutakoek.