“Udalgintza herrigilea sustatzeko jendearen konpromisoa behar da, ez soilik udalak dioenari men egitea”

2021/10/28

Badira Euskal Herrian energia burujabetzaren alorrean konpromiso integrala hartu duten herriak. Bizkaiko Ea (836 biztanle 2020an) da horietako bat, eta bertako alkate Iratxe Arriolarekin hitz egiteko aukera izan dugu bertako proiektuen eta etorkizunerako planen berri izateko.

Card image cap

70eko hamarkadan, pil-pilean egon zen Ean bertan eta Euskal Herri osoan Lemoizko zentral nuklearraren eraikuntzaren aurkako mugimendua. Ea eta Ispaster artean, Ogellan ere zentral nuklear bat eraiki nahi zuten, eta horrek herrian energia berriztagarrien eta deskarbonizazioaren aldeko kontzientzia piztu zuen. Gaur egun ere, presente dago kontzientzia hori herriko biztanlerian, eta horrek Ean hainbat hausnarketa egin eta proiektuak aurrera ateratzeko hauspoa eman du. “Udalerri osoaren diagnostiko energetiko bat egin genuen 2019-2020ean, herritarrei eta bertako jarduera ekonomiko txikiei inkestak banatuz”, dio Arriolak; “helburua zen herriaren potentzialtasuna eta eskaerak identifikatzea”.

Hainbat datu orokor atera zituzten bertatik: esaterako, mugikortasunean zutela energia kontsumo portzentaiarik handiena eta, beraz, aldaketarako beharrik premiazkoena. “Ean autobus linea bakarra eduki dugu orain arte, eta bi ordutik behin pasatzen da. Horrek auto propioaren erabilera areagotzea eragiten du, eta beraz, batetik, Bizkaiko Aldundiarekin negoziaketan ari gara garraio publikoaren maiztasun handiago bat lortzeko eta, bestetik, auto elektriko partekatuak erabiltzeko kooperatiba bat sortzeko ideia ere lantzen ari gara apurka-apurka”, diosku.

Halaber, ezaguna dugu gurean Eako Bedarona herriguneko arazte sistema ekologiko-pasiboa. “Hezegune artifizial bat da, ura natura imitatuz depuratzen duena eta, diseinuan hartutako neurri batzuk direla medio, energia kontsumorik behar ez duena”, azaldu digu Iratxek.

“Iazko diagnostiko horren baitan ere, udalerriak bere energia berriztagarri propioak nola sortu ditzakeen aztertu zen”, dio. “Hortik abiatuta, basogintzan ere badugu energia berriztagarrietarantz jotzeko proiektu bat, zeinaren bitartez bertako langileei aholkularitza eskaintzen baitiegun naturatik gertuago dauden ekoizpen-ereduak erabil dezaten, baita gehiena pribatua den baso eremua publiko bihurtzeko asmoa ere”. Horrez gain, Ea ibaiaren ertzean 15 metroko eremu bat dute babestuta, bertan erreka ertzeko landaredia naturala haz dadin. “Gainera, eraikin publikoetan 120 KW-ko eguzki plakak ditugu jarrita, marea energia baliatzeko proiektu bat dugu hastapenetan, biomasarekin ere sare bat proiektatu nahi dugu udaletik...”.

Horrelako proiektu integralak jorratzeko gakoa zein den galdetuta, Arriolak badu erantzuna: “Guk ekinetik egin ditugu gauzak, proiektu txikiak aurrera aterata, horrela lortzen baitira benetako helburuak”. Dena den, 70. hamarkadatik energiaren alorrean kontzientzia kolektiboa dagoen arren, onartzen du “herritarren aktibazioa, ahalduntzea eta iraunkortasuna” dela agian erronkarik handiena. “Komunikazioa da garrantzitsuena horretarako. Jendea mezu zuzen eta eraginkorren bidez ahalduntzea, proiektuak behetik gora egiten jarraitzea. Baina herritar bakoitzak bere lehentasunak ditu; familia, lana... eta zaila izan ohi da. Udalgintza herrigilea sustatzeko jendearen konpromisoa behar da, ez soilik udalak dioenari men egitea. Ahaztu gabe, horrelako proiektuak, tamalez, interes politikoen menpe daudela eta legegintzaldiz legegintzaldi aldatu edo bertan behera gelditzeko arriskuan daudela”.