Udalbiltzaren Kontseilu Nagusiak 2021eko aurrekontua eta kudeaketa plana onartu ditu

2021/02/19

Pasa den ostiralean, otsailak 12, ohi bezala Oiartzungo Udaletxeko pleno aretoan ospatu zen urteroko lehen Kontseilu Nagusia. Bertan, Udalbiltzako partzuergokide diren 77 herrietako hainbat ordezkari izan ziren eta, beste gauza batzuen artean, 2021. urteko aurrekontua eta kudeaketa plana onartu zituzten euren bozken bitartez.

Card image cap

Oiartzungo pleno aretoan bildutako 20 bat ordezkarien aurrean, Udalbiltzako lehendakari Jabi Asurmendik partzuergoaren egungo egoeraren berri eman eta kudeaketa plan berria azaldu zuen. Horretarako, proiektu bakoitzeko arduradun politikoa gonbidatu zuen mahaira bakoitzarekin 2020an zehar emandako aurrerapausoen inguruan hitz egitera. Bertan hartu zuten hitza, batetik, Asurmendik berak, Lurgida turismo APP-aren inguruan; Aitor Elexpuru Berako alkateak, Hauspotu herrien garapenerako proiektuaren inguruan; Jon Arriola Berriatuako alkateak, Ikerbiltza ikerketa programaren inguruan; Pili Legarra Asteasuko alkateak, Hartu-Eman esperientzia eraldatzaileen bankuaren inguruan; eta Koro Etxeberria Hernaniko Kultura zinegotziak, Geuretik Sortuak kultur proiektuaren inguruan.

Horrez gain, Asurmendik ere hitza hartu zuen orain eratze eta garapen prozesuan dauden Energia Mintegiari eta Teknologia Burujabetza lantaldeari buruzko aipamenak egiteko, baita 2020an zehar Hurbiltzen egitasmoak izandako aurrerapauso txikien inguruko eguneratze bat egiteko ere. Halaber, etorkizunerako Udalbiltzak izango dituen ildo garrantzitsuenak bilduko dituen dokumentu bat prestatzen ari dela jakinarazi zuen Asurmendik. Azalpenenostean, kudeaketa plana onartzeko bozkak eman zituzten bertaratutakoek.

Ostera, Udalbiltzako Idazkari-Kontuhartzaileak hitza hartu eta 2021erako prestatutako Partzuergoko eta Garapen eta Kohesio fondoko aurrekontuen berri eman zuen. Aipatzekoa da 2021. urtean aurrekontua nabarmen igo dela, batik bat, Geuretik Sortuak kultur proiektuan egindako apustu ekonomikoarengatik. Aipatutako aurrekontuak bozkatu egin zituzten partzuergokideek: guztira, lan ildeo eta proiektuak garatzeko 454.069,00 € egongo dira aurten.