Udalbiltzaren aholkularitza zerbitzua martxan da bi udalerritan

2021/05/27

Udalbiltza dagoeneko hasi da udalerri batzuei martxoan iragarritako aholkularitza estrategiko zerbitzua eskaintzen. Hartu-Eman proiektuaren baitako lan-ildo honetan zerbitzua jasotzen lehenak Leitza eta Amoroto izan dira. Lehenak bertako elikadura burujabetza eta eskualdeko garapena sustatzeko proiektu bati hauspoa eman nahi dio; bigarrenak, ordea, energia burujabetzaren inguruko plangintza bat jorratu.

Card image cap

Bi udalerriekin bilera bana antolatu zuen Udalbiltzak, Hiritik At kooperatibako kide baten laguntzaz, eta bakoitzean euren beharren araberako plangintza bat zehaztu zuten. Izan ere, aholkularitza zerbitzu honen bitartez, udalerriek jorratu nahi dituzten proiektuen lehen faseetan laguntza ematea da asmoa, kontsulta telefonikoen eta azalpen batzarren bitartez, aurre-proiektuen lanketa egiteraino; beti ere, tokian tokiko potentzialitatearen eta nahien arabera.

Leitzak sortze bidean dagoen proiektu bati bultzada emateko eskatu du aholkularitza. Mimukai du izena proiektuak, eta Larraun-Leitzaldea eskualdearen garapena eta elikadura burujabetza sustatzeko zentro bat irekitzea dute helburu. Udalbiltzak proiektuaren ekintza plana bideratzeko txosten bat egingo du, Mimukai guztiz osatzeko bultzada emateko.

Amorotoren kasua bestelakoa da; energiaren burujabetzaren bidean plangintza bat diseinatzeko eskaera egin dute. Eurekin egindako lehen bileran udalerriaren beharrak eta nahiak aztertu dira, eta horren arabera egitarau bat zehaztuko da, udalak berak energia burujabetzarako bide hori jorratu dezan.

Udalbiltzari atxikita dauden udalak aitzindari izaten ari dira burujabetza proiektuetan eta udalgintzako proiektu eraldatzaileen garapenean. Alabaina, hala eskatzen duten Euskal Herri osoko udal zein hautetsiei ere zabalduko zaie zerbitzua jasotzeko aukera, kontsulta telefoniko zein gehienez bost ordura bitarteko kontsulta arin moduan.