Udalbiltzak LURGIDA app turistikoa sortu du, Euskal Herrian barne turismoa sustatzeko

2020/06/24

Euskal Herriko ondare immateriala eta ibilbide tematikoak proposatzen ditu, eta furgoneta eta autokarabanei ongi etorria egiten dieten etxaldeak bildu ditu Partzuergoak.

Card image cap

Udalbiltzak LURGIDA aplikazio turistikoa aurkeztu du gaur Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Aurkezpenean, Jabi Asurmendi euskal erakunde publikoko lehendakariak eta Lamia Arcas batzorde eragileko kideak tresna eta bere funtzionalitateak azaldu dituzte.

Gailu mugikorretarako aplikazio honek Euskal Herria beste modu batez ezagutzeko parada eman nahi die barne zein kanpoko bisitariei. Aplikazioa eskuragarri izango da Android eta iOS gailuentzat, baita webgunea formatuan ere —lurgida.eus—, eta lau hizkuntzatan garatu da: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.

LURGIDAk turismo jasangarriagoa eta lurraldearekiko errespetuan oinarriturikoa bultzatu nahi du, eta bide batez, tokiko ekonomiarentzako onuragarria izango dena. Horretarako, euskal lurraldeko ondare immateriala eta historia zeharkatzen dituzten hamaika ibilaldi proposatzen ditu, ehunka udalerriren informazioa —interes guneak, historia, ohiturak, jaiak eta abar— eskaintzearekin batera. Horrez gain, furgoneta zein autokarabanei ongi etorria egiten dieten etxaldeak bildu dituzte. Europa mailan hain errotua dagoen praktika horren bidez, bisitariek gaua bertan pasatzeko aukera dute, eta era berean, baserritarrek haien ekoizpenak ezagutarazteko parada ezin hobea dute. Modu honen bidez, KM0 kontsumoa sustatu nahi da, lehen sektorearekiko sentsibilizazioa eta ezagutza areagotuz.

Aurrerantzean ibilbide, etxalde, ondare eta informazio gehiago jasoko da, eta agenda atala gehitzea aurreikusten da, Euskal Herriko ekimen kultural desberdinak bilduko dituena; dena Creative Commons CC BY-SA lizentzia irekiaren pean.

Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin garatu da, baita Errigora, Euskarazko Wikipedia, EHKO eta IDOKI elkarteen laguntzarekin.