Udalbiltzak hitzarmena sinatu du Bizipoza eta OinHerri elkarteekin

2020/02/13

Hitzarmenaren bidez, hezkuntza eta aisialdi eredu euskaldun, parekide, inklusibo eta parte hartzailearen alde diharduten elkarteei bultzada eman nahi die euskal erakunde publiko nazionalak

Card image cap

Euskal Herrian hezkuntza eredu eraldatzaileago bat sortzeko lanean diharduten bi elkarte ditugu OinHerri eta Bizipoza. Bakoitza bere helburu eta ezaugarritzearekin, batak haurren aisialdian eragitea du helburu eta besteak zailtasun ezberdinak (LGTBIfobia, osasun arazoak, babesgabetasun egoerak, desgaitasunak...) dituzten haur zein familien ongizatean.

Batetik, OinHerri hezkuntza eta aisia beste modu batera dakusaten hainbat elkartez osatzen den sarea dugu. Denek elkarrekin, aisialdi eredu oso eta koherentea proposatzeko lanean dihardute, hurrengo helburuei begira: Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzaile eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea.

Bestetik, Bizipoza irabazi asmorik gabeko gizartegintza egitasmoa da, izenak ongi dioen bezala, bizipoza bera helburu duena. Elkarte honek hainbat zailtasun bizi dituzten familiekin eta elkarteekin batera poza partekatzea du misio, betiere euskaraz, sorkuntzatik eta auzolanaren bidez.

Udalbiltzak bi elkarteok ezinbesteko aktore bezala ikusten ditu Euskal Herri osoko hezkuntza ereduan eragiteko eta emeki-emeki balore euskaltzale, parte hartzaile, solidario eta ekologistagoak sustraitzeko inklusibitate eta parekidetasunetik.