12.000€ eragileen proiektuak bultzatzeko

2019/05/14

Udalbiltzak bultzada eman die Euskal Herriko kohesioa sustatzen duten lau proiekturi: EHKO Agro-ekologia, UEU, Gastibeltza Filmak eta Euskarabentura

Card image cap

2018 urtean berrekin zion Udalbiltza Partzuergoak Euskal Herriaren kohesioan baikorki eragiten zuten proiektuak sustatzeari, 10.000€ko partida batekin. Aurten, 12.000€-ko partida emendatua bideratu du euskal erakunde publikoak elkarte, kolektibo eta eragile ezberdinek garaturiko egitasmoak babesteko. Lehen fasean, EHKolektiboa, UEU, Gastibeltza Filmak eta Euskarabentura elkartea izan dira laguntzaren jasotzaileak.

Intxauspe: Aurten, Udalbiltzaren babesa jaso duten ekinbideek, euskal eremu ezberdinetako herritarren artean elkarlana sendotzeko duten indarrarengatik nabarmentzen dira.

Proiektuen berritasuna, Euskal Herriaren kohesioan duten eragina eta haien gauzapen eremu geografikoaren ezaugarritzeak hartu dira kontuan. Luis Intxauspe, Udalbiltzako Lehendakariak dioenez, “Aurten, Udalbiltzaren babesa jaso duten ekinbideek, euskal eremu ezberdinetako herritarren artean elkarlana sendotzeko duten indarrarengatik nabarmentzen dira, eta horixe bera da Partzuergoak areagotu nahiko lukeena datozen urteotan”. Proiektu bakoitzak alor ezberdinetatik egiten dute haien ekarpena Intxausperen arabera: “Agro-ekologiatik, ikerkuntzarainoko eta ikus-entzunezko ekoizpenetik, euskaldun gazteen saretzerainoko bidea egiten dute lehen fase honetan sustatu diren proiektuak”.

Agro-ekologiaren esparruko ekoizle eta kontsumitzaileak biltzen dituen EHKOlektiboak muga administratiboez gaindi, Euskal Herriko nekazari eta abeltzainak elkartzeko eta topaketa sektorialen bidez aurrerapausoak modu koordinatuan emateko apustua egiten du. Aurten,  zazpi lantalde osatzea du xede: artzaiena, behi-esne ekoizleena, sendabelarrena, baratzezainena, frutazainena, erlezainena eta ziurtapen-teknikariena.

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) Ikergazte Nazioarteko euskarazko ikerkuntzaren inguruko III. kongresua ospatuko du Baionan maiatzaren 27, 28 eta 29 bitartean. Sarietako bat Udalbiltza Partzuergoak eskainitakoa izanen da.

Gastibeltza euskal ekoizpen eta banaketa etxeak, Josu Martinezek zuzenduriko Anti filma laburra aurkeztuko du laster, Euskal Herriko txoko ezberdinetako partaideekin —aktore, teknikari…— ekoizten ari dena, eta euskararen erabilpena eteko eskoletan baliatzen zen zigortze-sistema ardatz duena.

Azkenik, Euskarabentura elkarteak, ekimenaren bigarren udako espedizioa abiarazi du, euskal lurralde guztietako eta diasporako 120 gazte euskaldun elkartu eta hilabete batez, Euskal Herria geografikoki, historikoki eta noski, kulturalki, punta batetik bestera zeharkatzeko. 

2018 urtean, bederatzi ekinbide babestu zituen partzuergoak: Elorri Kultur Elkarteak antolaturiko Iparra-Hegoa dinamika, Euskal Moneta Zuberoan hedatzeko kanpaina, Sortzen Ikasbatuazen Ikasle euskaldun eleaniztunak hezteko hazkuntza proiektuaren gida praktikoa, Azia elkartearen Zuberoako gazteen lanbideen gida, Argantzungo Ikastola, IENER kooperatibak gidaturiko metanizazioaren inguruko ikerketa, Mauleko Zinka Bizirik elkartearen azpiegituren hobetzea, Etxabarrengoa elkartearen Orreagako gudaren inguruko unitate didaktikoak eta Mugak Apurtu elkartearen urteko ekintzak.