Udalbiltzak bat egiten du Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko mugak zabaltzearen aldeko aldarriekin

2021/01/14

Pirinio Atlantikoetako Prefeturak Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko zortzi pasabide ixtea eragin duen neurri bat jarri du martxan gaurtik aurrera, “terrorismoaren aurkako borroka indartzeko” balioko dutela argudiatuta. Udalbiltzatik neurri hauen aurreko kezka azaldu nahi dugu ohar honen bitartez.

Card image cap

Udalbiltzaren xede eta lan-ildo nagusietako bat izan da, betidanik, Euskal Herria zatitzen duten muga administratiboen arteko harreman laboral, kultural edota sozialak erraztu eta areagotzea. Gaur bertan abian jarritako neurri honek, Euskal Herriko herrialde ezberdinen arteko harreman natural eta sozioekonomiko horiek zuzen-zuzenean oztopatzea eragin dezake. Halaber, Pirinioen inguruan, mugaren bi aldeetan kokatzen diren herrien eta bertan bizi eta egunero muga zeharkatu behar duten biztanleen iritzia kontuan eduki gabe hartutako erabakia izan da hau.

Neurri honek, hedabide batzuetan bertako herritarren bitartez aditzera eman diren egunerokotasuneko zailtasun eta arriskuak eragiteaz gain, Euskal Herriko lurralde ezberdinen arteko kohesioa kaltetu eta herriak urrundu egingo ditu. Egoera honek, gainera, zuzenean egiten du talka oraintsu atera diren datu batzuekin: Telesforo Monzon Laborategiak eta Parte Hartuz EHUko ikerketa taldeak kaleratu berri duten Naziometroaren lehen neurketaren arabera, Euskal Herriko eremu administratiboaren arteko harremanak areagotu nahi ditu herritarren gehiengo handi batek.

Honenbestez, Udalbiltzak atxikimendua adierazi nahi die kaltetutako herritarrei, baitaPirinio inguruetako hautetsi, auzapez eta alkateei babesa eskaini eta erabaki honen aurkako iritzia eman ere.