Udalbiltzak bat egiten du Euskal Herria Batera-k proposatutako keinu bateratzailearekin

2021/03/17

Apirilaren 4ean izango den Aberri Eguna ospatu eta Euskal Herria burujabe bat aldarrikatzeko deia egin zuen martxoaren 13an Euskal Herria Batera herri dinamikak. Udalbiltzak ere ideia horrekin bat egiten du, eta Aberri Eguna ospatzeko proposatzen diren keinuetan parte hartzera animatzen ditu hautetsiak eta herritarrak.

Card image cap

Iazko Aberri Eguna leiho eta balkoietan ospatu behar izan zuten herritarrek, pandemiaren ondorioz ezarritako itxialdiarengatik. Euskal eta nafar ikurrinak jarriz eta leihotik leihora abestuz, ordea, nolabaiteko sona izan zuen egunak, eta aurten pausu bat harago eraman nahi da ospakizuna.

Horrela, bada, aurtengoan Euskal Herria Batera dinamikak plazetara jauzi egiteko gonbita luzatu die euskal herritarrei, keinu bat batera egiteko, pasa den larunbatean egindako agerraldian azaldu bezala. Ospatzeko ordua eguerdiko 12:30ak izango dira, eta azaldu duten moduan, ikus-entzunezko seinale bat emango dute tokiko telebista eta irratietan, baita sarean ere. Elkar zainduz, herri bakoitzeko plazetan elkartzeko deia egin du Euskal Herria Batera-k, seinalea jarraitu, herriko musikariekin kantaldiak antolatu eta Euskal Herri burujabe bat aldarrikatzeko. Zehazki, hiru abesti proposatu ditu dinamikak: Gernikako Arbola, Txoria txori eta Ikusi Mendizaleak.

Udalbiltzak, mezu honen bitartez, Euskal Herria Batera herri dinamikaren proposamenarekin bat egiten du, eta bere hautetsi eta udalak animatzen ditu datorren apirilaren 4ean keinu bat batera egitera.