Udalbiltzak aholkularitza estrategikoa eskainiko die Udalei proiektuak garatu ahal izateko

2021/03/18

Hartu Eman proiektuaren baitako zerbitzu honen bidez, burujabetza eta eraldaketa helburu duten proiektuak aurrera ateratzeko doako aholkularitza emango du Udalbiltzak, kanpo-inteligentziekin eratzen ari den sare baten laguntzaz. Partzuergokide diren udalak aitzindari izango dira aholkularitza hau jasotzen; nahiz eta telefono bidezko kontsulta arinak ere eskainiko dizkien hala eskatzen duten udaletxe eta herriko etxe guztiei.

Card image cap

Euskal Herriko udaletxe eta herriko etxeen burujabetasun integralerako bidean laguntzeko konpromisoarekin bat eginez, Udalbiltzak aholkularitza estrategiko zerbitzu bat jarriko du martxan. Zerbitzu hau Hartu Eman esperientzien bankua proiektuaren baitan kokatuko da, eta bertan zehaztutako lan-ildoak izango ditu oinarri.

Hartu Eman esperientzien bankuak Euskal Herriko udaletan (eta, 2021etik aurrera, nazioartekoetan) garatutako esperientzia eraldatzaileen bilduma bat egitea du helburu, gainontzekoentzat eredugarri izan daitezen. Proiektuaren garapenean aurrerapauso bat eman nahian, esperientziak bildu ez ezik, proiektu eraldatzaileak eta burujabetza helburu dutenak aurrera atera nahi dituzten udalei aholkularitza zerbitzua eskainiko die oraingoan.

Aholkularitza zerbitzu honen bitartez, proiektu horien lehen faseetan laguntza ematea da asmoa, kontsulta telefonikoen eta azalpen batzarren bitartez, aurre-proiektuen lanketa egiteraino; beti ere, tokian tokiko potentzialitatearen eta nahien arabera. Hau guztia egin ahal izateko, kanpo-inteligentzia harreman sarea eratzen joan da Udalbiltza hilabeteotan hainbat erakunde, kooperatiba eta kolektiborekin, horretarako hitzarmen ezberdinak sinatuz.

Partzuergokide diren udalak, aitzindari

Udalbiltzari atxikituta dauden udal partzuergokideak aitzindari izaten ari dira burujabetza proiektuetan eta udalgintzako proiektu eraldatzaileen garapenean. Beraz, partzuergokideak diren udalekin hasiko da Udalbiltza zerbitzu hau bere osotasunean eskaintzen.

Alabaina, hala eskatzen duten Euskal Herri osoko udal zein hautetsiei ere zabalduko zaie zerbitzua jasotzeko aukera, kontsulta telefoniko zein gehienez bost ordura bitarteko kontsulta arin moduan.

Halaber, etorkizunean, burujabetza integralaren garapen prozesuak sustatzeko, hautetsi eta Udal teknikariei zuzendutako formakuntza saioak garatzeko atea ere irekita utzi nahi du partzuergoak.

Aholkularitza zerbitzua ohar hau argitaratzen denetik egongo da eskuragarri, Udalbiltzaren ohiko harremanetarako bideetan.