Udalbiltzak 43.000 euroko laguntza jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiarengandik

2022/02/25

Urtero bezala, Udalbiltzak lankidetza hitzarmena sinatu du 2022an ere Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Erakunde honek 43.000 €-ko laguntza emango dio partzuergoari, aurten bere lan ildo ezberdinetako ekimenak aurrera atera ditzan.

Card image cap

Otsailean, Udalbiltzako Lehendakaria eta Lehendakari-ordea, Jabi Asurmendi eta Pili Legarra hurrenez hurren, urtero bezala elkartu dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza foru diputatu Eider Mendozarekin. Lurraldearen garapena eta kohesio sozioekonomikoa sustatzea helburu, lankidetza hitzarmen berri bat sinatu dute bi aldeek. Aldundiak partzuergoarekin sinatzen duen seigarren lankidetza hitzarmena izan da aurtengoa, eta hasiera batean 50.000 €-koa zen laguntza, aurten 43.000 €-koa izan da azkenean.

Laguntza honi esker, Udalbiltzak honako bost proiektuak garatu ahal izango ditu 2022an: Hartu Eman esperientzia eraldatzaileen bankua, Lurgida Mapa Turistikoa, Hurbiltzen, Hauspotu: Herriak bizituz, eta Energia Lanketa. Bost proiektu hauetan berrikuntzak proposatu ditu Udalbiltzak; hala nola, Sara-Ataun saretze proiektua Hurbiltzen atalaren barruan; ibilbide tematiko berriak Lurgidaren kasuan, edota Euskal Herriko udalerrietan energia burujabetza sustatzeko gida-liburu baten sorrera, Energia Lanketaren ildoan, besteak beste.