Udalbiltza eta Errigora elkartu egin dira elkarlan aukerak aztertzeko
Udalbiltzako lehendakari Jabi Asurmendi Errigora ekimeneko Peru Aranbururekin elkartu da gaur goizean Martin Ugalde Kultur Parkean, urte zail honek eragindako arazoen aurrean elkarrekiko bermea adierazi eta elkarlan aukerak aztertu ahal izateko. Errigorak oraintsu martxan jarri duen udazkeneko kanpainan COVID-19aren eraginez kaltetuta geratu diren hainbat ekimeni laguntza ekonomikoa eman nahi izan dio, eta Udalbiltzak kanpaina horrekiko babesa erakutsi dio.

Errigorak duela egun batzuk martxan jarritako udazkeneko kanpainan, urtero bezala, Erriberako produktuz osatutako hiru saski mota jarri ditu salgai; eta, horien etekinekin, Nafarroako administrazioak zonalde ez-euskaldun izendatutako horren euskalduntzean lagunduko du. Udazkeneko kanpaina urtean zehar egiten dituztenetatik arrakastatsuena dela aipatu du Aranburuk; gabonak gertu izanda, familia askok egiten baitute apustua, euskalduntzean bere laguntza ematearen truke, euren etxeko despentsak jaki goxoz betetzeko. Baina ez dira bakarrak: jakina da hainbat enpresak eta udalek ere euren langileen artean banatzeko saskia Errigoratik hartu ohi dutela, horrela elikadura burujabetzan eta Nafarroa hegoaldearen euskalduntzean euren aletxoa jarriz.
Aurtengo kanpainak, ordea, laguntza gehigarria dakar. Halaxe adierazi du Errigorak argitaratu berri duen prentsa dosierrean: “Pandemiak eragindako nahas-mahasa dela eta, ikastolen jaialdiak eta Sortzenen jaia ezin izan dira egin eta Korrikarik ez dugu izango datorren udaberrian. Beraz, elkartasun-planteamendu gehigarri bat egin dugu: saski beltza eskatzekotan, 5€ gehiago ordainduko dira, trukean Korrikaren katilua jasotzeko eta AEKri diru hori zuzenean bideratzeko; saski berdea eskatzekotan, 5€ gehiago ordainduko dira, trukean Seaskaren egutegia jasotzeko eta Seaskari diru hori zuzenean bideratzeko; eta saski zuria eskatzekotan, 5€ gehiago ordainduko dira, trukean D ereduaren haziak jasotzeko eta Sortzeni diru hori zuzenean bideratzeko”.
Horrez gain, Errigorak laster martxan jarriko duen beste ekimen garrantzitsu baten berri eman du: Agerraldia. Ekimen honek Nafarroako erdialde eta hegoaldean kokatutako eta erromatarrek Ager Vasconum izendatutako lurraldean izango du protagonismoa, eta Errigorak orain arte landutako ildoei bide berriak gehituko dizkio. 2020ko urritik 2021eko urrira bitarte luzatuko da ekimen hau, eta Ager lurraldeko eremu ezberdinetan hitzorduak izango dira kirola, kultura, euskalduntzea edota hezkuntza ardatz.
Errigora: Auzolana, Euskara eta Elikadura Burujabetza Ager eremuan
Errigorak bi kanpaina nagusi egiten ditu urtero. Bata udaberrian, Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura. Eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko jaio zen kanpaina honetan oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak Euskal Herri osoko etxeetara banatzen dira, bertako ekoizpena eta ekonomia sustatuz. Auzolanari esker, ekoizlearen jatorrizko prezioan jaso ditzake produktuak nork bere herrian. Beste kanpaina oraintsu hasi den udazkenekoa da, Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka. Zonaldeko produktuz osatutako saskiak milaka etxetara eramaten dira, auzolanari esker, bertako euskalgintzari ekarpen-ekonomiko garrantzitsua eginez (saski bakoitzaren balioaren %25). Diru-ekarpen honetatik edango dute aurten Agerraldiak, zonaldeko ikastolek, Sortzenek eta AEK-k.