Udal komunitate energetiko burujabeak eraikitzen ikasteko mintegia azaroan

2021/06/22

Burujabetzaren alorrean pausu bat haratago emateko asmoz, Udalbiltzak energia komunitateak sortzeko egun osoko mintegi bat antolatuko du 2021eko azaroan. Jardunaldi honek, hainbat adituk eskainitako hitzaldien eta mahai-inguruen bitartez, proiektu hauek garatzeko jarraibide egokiak emango dizkie alor honetan lehen pausuak eman nahi dituzten udalerrietako hautetsi, teknikari eta garapen agentzietako teknikariei.

Card image cap

Udal Proiektu energetiko komunitario eta burujabeak” izenburupean Udalbiltza antolatzen ari den mintegi honetan hastapenetatik ekitea da helburua: energia komunitateen baitako kontzeptu nagusiak argitzen hastea, alegia. Lehen zati horretan instalazio fotovoltaikoa edota energia komunitatea bezalako kontzeptuak, edota horrelako komunitateak arautzeko ezagutu beharreko legedia azaldu eta zehaztuko dira.

Horrez gain, energia berriztagarrien alorreko proiektuetan eskarmentua duten hainbat kide gonbidatu eta mahai-inguru bat antolatuko da, bakoitzak bere esperientziatik hitz egin dezan. Euskal Herriak frantziar eta espainiar estatuen baitan duen testuinguru juridikoa; EAEn, Nafarroan, Ipar Euskal Herrian eta Europa mailan energia proiektuak nola finantzatzen diren; eta energia komunitateen gaur egungo erronka nagusiak izango dira jardunaldiko beste aztergai nagusiak.

Azken urteotan Europa mailan garrantzia hartzen ari den gaia da energia berriztagarrien komunitateena, Euskal Herriko udaletan ere erronka handia suposatzen ari dena. Azaroan antolatuko den jardunaldi honek, batetik, gai horren inguruan interes komunak dituzten udalerriek elkar ezagutzeko eta sareak sortzeko abagunea emango du. Halaber, bertatik Euskal Herriko udaletan energia komunitateak sortzeko gidalerro batzuk zehaztu eta gida batean argitaratzea aurreikusten da, etorkizunean nondik hasi jakin nahi duenak erabili dezan.