Sarataun: bi herriak lotuko dituen proiektu berriak zure bozka behar du!
Hurbiltzen proiektuaren baitan, Sara eta Ataun senidetzen dituen proiektu berri bat sustatuko du Udalbiltzak. Sarataun proiektua da hau; bi herriak mitologiaren, lurreko produktuen eta historiaren bitartez batuko dituen ekimena. Ideiak 2022 izeneko Gipuzkoa eta Pirinio Atlantikoetako aurrekontu parte hartzailean aurkeztu da egitasmo hau, aurrera ateratzeko behar duen diru laguntza lortzeko; eta zure bozka ezinbestekoa du!

Sara eta Ataungo herriak Joxemiel Barandiaran etnologo, antropologo eta apaizak lotu ditu historikoki. Izan ere, 36ko gerraren ostean, Ataungo herritik mugaz bestaldera alde egin behar izan zuen eta Sarako herrian finkatu zen hamahiru urtez. Barandiaranek sortutako lotura horrek bizirik darrai gaur egun; eta harreman horretan sakontzeko helburua du Udalbiltzak Sarataun proiektuarekin.
Bi atal izango ditu egitasmoak: AZOKA eta ESKOLA. Azoka-egunean, bi eremuetako laborariei euren produktuak erakutsi eta saltzeko aukera emango zaie, musikaz eta hainbat ekitaldi gastronomikoz lagunduta. Eskolaren atalak, bi udalerrietako eskolen arteko lankidetza eremu bat eraiki nahi du, haurrek txikitatik elkar ezagutu dezaten eta helburu pedagogiko berberak parteka ditzaten, elkar-trukaketak eta txangoak egiteaz gain.
Ideiak 2022 izeneko diru laguntzetan onartua izan denez, maiatzaren 21etik aurrera bozketa fasean sartu da Sarataun proiektua. Bozka gehien jasotzen dituzten 14 proiektuek lortuko dute aurrera egiteko laguntza ekonomikoa. Bozkatu ahal izateko, honako argibideak jarraitu behar dira:
-
Parte-hartze prozesuaren faseak izenburupean, “Herritarren proiektuen bozkaketa” dioen lekuan “Parte hartu” botoiari eman
-
Hurrengo orrialdean ere “parte hartu” botoiari eman
-
“Pirinio atlantikoa” edo “Gipuzkoa” hautatu, segun eta nongoa zaren. Bertan zure datuak bete
-
Bozkatu beharreko proiektuak agertuko zaizkizu. Hautatu horietatik hiru (Sarataun tartean, noski!) eta “eman bozka”