Pili Legarra: "Herrien arteko lankidetza bultzatzeko gunea izan beharko luke Udalbiltza"

2020/01/28

Pili Legarra, Asteasuko alkatea, 2019ko Azaroaren 16an Durangon ospatu zen Batzorde Orokorrean Udalbiltzako lehendakari-orde izendatua izan zen.

Card image cap

Nola hasi zinen udalgintzan lanean? Zerk bultzatuta?

Asteasuko udalean hirugarren legealdia dut Alkate gisa. Sekula ez nuen pentsatu udal politikan sartzea, baina 2011ean hainbat proposamena jaso nituen eta aurrera egin nuen. Esan beharra, jakina, dago bizitza pertsonalean momento egokia zela niretzat. Lehenago jasotako proposamenei uko egin nien.

Udalean 25 urte neramatzan, orduan,  langile gisa, eta beti izan dut  herri mailan gauzak beste era batera egiteko gogoa. Orduan aldaketa baten beharra sumatzen nuen.  Niretzak oso garrantzitsua da herritarrekin erlazio ona izatea, eta Udala zerbitzu–erakunde egokia eta gertukoa izatea, inongo bazterketarik gabekoa, erakunde parte hartzailea.  Zinegotzien artean, nahiz alderdi ezberdinetakoa izan, errespetuzko erlazioa bultzatzea ere garrantzitsua iruditu zait beti eta denon elkarlana herrira zabaltzea, udala herritar guztiei irekiz.

Ze harreman izan duzu alkate bezala Udalbiltzarekin?

Udalbiltzarekin erlazioa 2011ean hasi zen. Gogoan dut oraindik Donostian izandako bilera jendetsua. Ilusio handia eta lanerako gogoa sumatu nuen orduan. Nazio eraikuntzarako bidea egiteko oso egokia zela ohartu nintzen.  Bertako partaide izatea erabaki genuen udal taldean, eta ordu ez gero beti izan naiz udal ordezkaria Udalbiltzan eta parte hartu dut deitutako bileretan.

Zergatik uste duzu garrantzitsua dela udalerrien arteko lankidetza?

Alde praktiko bati soilik begiratuko bagenio ere, esan behar da beti daudela hainbat gaia partekatzeko arrazoia eta beharra. Herrien arteko lankidetza aurrera pausu sendoagoak emateko lagungarria dela esango nuke, hainbat arloetan. Gure herriaren garapena eta barne kohesioa lortzea nahi badugu, lankidetza ezin bestekoa da. Gaur egun ditugun barne desorekei ere aurre egiten hasteko lagungarria da.

Udalbiltzak ze funtzio betetzen du zentzu horretan?

Udalbiltzan Bagabiltza izeneko gogoeta prozesu bat egin zen aurreko agintaldian eta hausnarketa horren ondorioetan nabarmendu zen hainbat arlotan proiektu praktiko eta konkretu batzuetara zuzendu behar zela Udalbiltzaren lana. Hainbat egitasmo daude zehaztuta turismoari lotutakoak, burujabetzari, nazio identitateari eta erakundeen arteko elkarlanari lotutakoak. Beraz, Udalbiltza nazio erakunde erreferentea dela esango nuke, herrien arteko lankidetza bultzatzeko eta horretarako herri guztiak biltzen gaituen gunea beharko luke izan Udalbiltzak.

Argazkia: ataria.eus