Pablo Ortiz de Latierro, Argantzongo alkatea: «Espero dezagun egoera hau bukatzean, elkartasunarekiko kontzientzia ez dela itzaliko»

2020/04/08

Pandemiak gure herrian bizi dugun lurralde desoreka agerian utzi du. Hori dela eta, Udalbiltzak gertutik ezagutu nahi du zerbitzuen irisgarritasunean zailtasunak eta despopulazio arazoak dituzten herrietan pairatzen ari diren egoera. Horren adibide da Trebiñuko konderria. Argantzongo alkate Pablo Ortiz de Latierrok konderrian bizi den egoeraren berri eman dio Udalbiltzari.

Card image cap

COVID-19 birusak sorrarazitako ezohizko egoera honek desberdinki eragin du Euskal Herri zabalean; izan ere, zerbitzuen eskuragarritasuna ez da berdina eskualdetik-eskualdera. Udalbiltzak eskaturik, GAINDEGIAk Hauspotu programarentzat egindako azterketak, argiki erakusten ditu zenbait eskualdek pairatzen duten osasun zerbitzuen irisgarritasun eskasa: besteak beste, Pirinio eta Aurrepirinioko lurraldeak eta Arabako hegoaldea dira kolpatuenak.

Udalerri guztien artean, Argantzon eta Trebiñu dira egoera berezienetako bat bizi dutenak. Arabaren bihotzean izanik ere, administratiboki Gaztela eta Leongo parte izateak hainbat zailtasun sortzen dizkie. Pablo Ortiz de Latierro, Argantzoneko alkatearen hitzetan: «Burgosko Diputazioak ahaztuta gauzka, eta horrek eragiten du Arabako Foru Aldundiarengana jo behar izatea oinarrizko hainbat zerbitzu bermatzeko, horien artean osasunarena». Alabaina, bi erakundeen arteko adostasun faltak, zerbitzuen arteko deskoordinazioa dakar, herritarren ongizatearen kaltetan. Ortiz de Latierrok azaltzen duenez, «ez da Osakidetza eta Gaztela eta Leongo osasun zerbitzuaren arteko hitzarmenik, eta momentuz, Osakidetzak ezin hobeki artatzen bagaitu ere, zerbitzua ez dago erabat bermatua. Ondorioz, noizbait arazorik sortuz gero, Miranda Ebro edo Burgosko ospitaletara joan beharko ginateke».

Gaindegia

Iturria: Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia

Ildo berean, NAIZ atariak argitaraturiko artikulu batean nabarmentzen den bezala, konderriko biztanle asko Gasteizen erroldatzen dira Arabako Aldundiaren eta Jaurlaritzaren zerbitzuak jaso ahal izateko; horrek, konderrian COVID-19 eritasunaz kutsatuta dauden pertsonen kopuru zehatza jakitea galarazten du.

Argantzoneko alkateak, bide batez, konderriko bi udalerrietan herritarrek osatutako elkartasun sareen ekinbidea goretsi nahi izan du, «espero dezagun egoera hau bukatzean, elkartasunarekiko kontzientzia ez dela itzaliko». Era berean, elkarlanerako eta elkartasunerako gogo hori, Euskal Herriko udaletan txertatzearen garrantzia azpimarratu du: «Baikorra da udalerriek haien proiektuak partekatzea, eta Hauspotu bezalako proiektuen bidez, lurralde desoreka pairatzen duten eskualdeak indartzea».