OinHerrik udazkenera atzeratuko ditu Udalbiltzaren babesarekin antolaturiko Herri Hezitzaileen jardunaldiak

2020/05/27

Ospatzekoak ziren jardunaldien ordez, Dima, Pasaia eta Azpeitiako esperientziak ezagutaraztea helburu zuen saio digitala garatu zuten maiatzaren 26an, herrihezitzailea.eus atarian ikusgai dena.

Card image cap

Otsailean sinatu zuten Udalbiltzak eta OinHerrik lankidetzarako hitzarmena, elkarrekin hezkuntza eta aisialdi eredu euskaldun, parekide, inklusibo eta parte hartzailearen alde diharduten elkarteei bultzada emateko asmoz. «Herri Hezitzailea» filosofiaren baitan, Euskal Herri osoko hezkuntzako, euskararen arloko eta aisialdiko hamalau eragilek bat egin dute OinHerri elkartean, eta hainbat udalekin dihardute lankidetzan Herri Hezitzaileen sarea osatzeko xedez. Jendartea hobetzeko asmoz, udalerriz-udalerri, oinarrizko zazpi balio lantzeko apustua egin dute:

  • Haurtzaroaren kultura aitortzea eta errespetatzea.
  • Parte hartzea eta erabakitzeko ahalmena eskaintzea.
  • Aisialdi hezitzailea
  • Harremanetan, euskara lehenestea
  • Aniztasunean berdin eta parekide
  • Ingurune naturala eta kulturala zaindu
  • Komunitate sarea eta auzolana

Martxoaren 28an, Durangon eta Udalbiltzaren babesarekin, ospatzekoak ziren jardunaldiak aurrera eramateko aukerarik ez zen izan, COVID-19 birusak sorrarazitako egoera dela medio. Horrenbestez, jardunaldi presentzialak ikasturte hasierara atzeratzea erabaki da, datozen hilabeteetan horrelako ekimenak antolatzeko baldintzak hobera egingo duelakoan.

Hala ere, maiatzaren 26an, OinHerriren jardunaldi digitala garatu zen utzitako hutsunea bete asmoz. Bertan, proiektua bera azaltzeaz gain, Dima (Bizkaia), Pasaia (Gipuzkoa) eta Azpeitiako (Gipuzkoa) Herri Hezitzaileen esperientziak ezagutzeko parada egon zen. Esperientziak trukatu, elkar ezagutu, herrien arteko sarea egonkortu eta aurrera begira jartzeko gogoz datoz OinHerriko kideak.