Oihan Mendo, Garesko alkatea: «Krisiak berriro egoera ahul batean harrapatu ez gaitzan, gure gizartea eta herria sendotu behar ditugu nahitaez»

2020/05/26

Oihan Mendo (Gares, Nafarroa, 1986) Garesko alkate, Udabiltzako Batzorde Eragileko kide eta Hartueman proiektuaren arduradun ohiak, Euskal Herriko esperientzia eraldtzaileen bankuarekiko bere ikuspegi eta hausnarketak partekatu ditu Udalbiltzarekin.

Card image cap

ARGAZKIA: BERRIA / FOKU ( JAGOBA MANTEROLA)

Udalbiltzak 2017 urtean gauzaturiko Udalbiltzan bagabiltza hausnarketa prozesuan, agerian gelditu zen Euskal Herriko burujabetza bultzatzen duten ekinbide eraldatzaile, arrakastatsu eta transportagarriak ezagutarazteko beharra. Hartueman proiektua erronka horri erantzuteko sortu zen duela urtebete. Oihan Mendo (Gares, Nafarroa, 1986) Garesko alkate, Udabiltzako Batzorde Eragileko kide eta Hartueman proiektuaren arduradun ohiak, esperientzia bankuaren proiektuarekiko bere ikuspegi eta hausnarketak partekatu ditu Udalbiltzarekin.


Zein hausnarketaren bueltan sortu zen Euskal Herriko esperientzia eraldatzaileen bankua garatzeko ideia?

Hausnarketa hasieran oso sinplea izan zen: alde batetik, uste genuen Euskal Herria emankorra zela esperientzia eraldatzaileetan, hots, gure gizartea, ekonomia eta bizimodua erroetatik eraldatzeko adibide aunitz zeudela gure herrian, inspiratzaileak zirenak eta pertsonak erdigunean kokatzen zituztenak, baina, aldi berean, ez zirenak oso ezagunak bere influentzia esparruetatik kanpo.

Beste aldetik, Euskal Herriko hainbat zinegotzik adierazten zuten esperientzia eraldatzaileak aurrera eramateko gogoak zituztela, baina horretarako tresnak eta ezaguerak behar zituztela. Ondorioa logikoa zen, Udalbiltzak ikasteko grina zuten hautetsiek eta arloka inspiratzaileak eta eraldatzaileak ziren esperientziak sortzen zuten hutsunea bete zezakeen.


Zertarako erabili dezakete, zure ustez, hautetsiek eta udalek Hartueman webgunea?

Inspiratzeko, motibatzeko… Gauzak aldatzeko gogoak dituen edozein hautetsik kuriositate moduan plataformatik buelta bat ematen badu, seguru nago proiektuak martxan jartzeko gogoak piztuko zaizkiola. Gura hori pizten bada, Hartueman erabil dezake bere herriko plangintza konkretu bat sendotzeko edo sortzeko, estrategikoak diren arloetan gainera: Euskara, feminismoa, ingurumena, elikadura burujabetza…


Zer gehitzen dio izan duen Batzordeak proiektu honi? Zein balio erantsi ematen dio?

Batzorde horretan jatorri oso ezberdinetako pertsonak batu ginen, bai jatorri geografikoak (Ipar Euskal Herria, Hegoaldekoak, hiria eta landa mundua…), baita profesionalak ere Akademiaren mundutik, kooperatibetatik edota udaletatik etorritako jendea batu ginen bertan. Honek esperientzien mapeo oso zehatz bat lortzeaz gain, irizpidetan ikuspegi ezberdinak txertatzeko aukera eman zigun. Baina horretaz aparte, helburu zehatz eta erabilgarri batzuk ezartzen lagundu zuen batez ere, bakoitzak bere esperientziatik gizartearen edo proiektu eraldatzaileen beharrak ezagutzen zituztelako, eta ahal zen heinean ezaguera horiek guztiak batu genituen. Beraz, esanen nuke aniztasuna dela balio erantsi hori; izan ere, horrek ikuspegi erreala eman zion proiektuari.


Zeintzuk izan litezke Hartueman-en etorkizunerako erronkak eta lan-ildoak? Anbizioz jokatzeko aukerarik ikusten duzu?

Bizitzen ari garen egoera gogorrari buelta eman behar diogu. Behin osasun krisia gaindituta egonik, aukera bat bezala hartu beharko genuke egoera, eta bereziki ezker eraldatzailean mugitzen garen pertsonak. COVID-19 birusak eragindako egoerak argi utzi dio gizarteari zaintzaren garrantzia, eta ez dagoela ongizate posibilitaterik pertsonen beharrak erdian kokatu barik. Horregatik etortzen zaigun krisi sozial eta ekonomikoari orain arte ezagutzen genituen paradigma berdinekin erantzuten badiogu, emaitza prekarietatea, desberdintasunak eta ingurumenaren suntsiketa areagotzea baino ez da izango.

«Datorkigun krisi sozial eta ekonomikoari orain arte ezagutzen genituen paradigma berdinekin erantzuten badiogu, emaitza prekarietatea, desberdintasunak eta ingurumenaren suntsiketa areagotzea baino ez da izango.»

Aldiz, orain gizartea nolabait kontzientziatua eta etorkizunarekiko larrituta egonda, nire iritziz, aukera paregabea da paradigma aldaketa sustatzeko, inork ez gaitu salbatuko, gure ibilbide propioa eraiki behar dugu, gure babes sistema, ingurumena, kolektiboa, zaintzak eta pertsonak erdigunean ezarriz, eta irizpide hauek ekonomia eta gizartea erroetatik eraldaketa bat suposatzen dute. Mundu eta gizarte bat daukagu irabazteko.

Ondorioz, bai, anbizioz jokatzeko aukerak ikusten ditut, ikusteko badago ere gizarte eta kapitalaren arteko indar korrelazioa hau posible egiteko.


Zein ideiaren bidez indartu liteke proiektua?

Hurrengo krisia eta gure testuinguru mundial eta ekonomikoan krisiak ziklikoak eta ia endemikoak izanik, berriro egoera ahul batean ez harrapatzea nahi badugu, gure gizartea eta herria sendotu behar ditugu nahitaez; burujabetza, kolektibitatea eta zaintzak ardatz izanki. Horiek izango dira etorkizunean gure babes guneak krisien aurrean, eta Hartueman webgunean adibide anitzak ditugu ildo hauetatik nahi dugun gizarte erresilentea eraikitzeko.


Zer ekarri dizu Udalbiltzan eta Hartueman-en aritzeak?

Udalbiltzan aritzea niretzat altxor bat izan da, posibilitatea eman didalako hurbiltasunez jende oso interesgarriarekin lan egiteko eta Hartu-eman bezalako proiektu erakargarri baten diseinuan parte hartzeko. Nire ikuspegi murritzetik ekarpena egiten saiatu naiz, Nafarroa Erdialdeko eta nire esperientziaren ikuspegia txertatuz.