Nola sustatu ekintza komunitarioa udalgintzatik: jardunaldi baten kronika

2022/12/12

Igaro den azaroaren 15ean, “Nola sustatu ekintza komunitarioa udalgintzatik?” jardunaldiak egin ziren EHUren Donostiako HEFA II (Magisteritzako eraikineko) Areto Nagusian, Oinherrik eta Udalbiltzak antolatuta. Bertan, udaletan ekintza komunitarioa sustatzeko administraziotik zein pausu eman behar diren zehaztea izan zen helburua, baita, teoriatik praktikara salto eginez, udal batzuetako esperientziak lehen pertsonatik ezagutzea ere.

Card image cap

Ekitaldia osatu zuten lau hitzaldiak bideo bitartez grabatu ziren, Oinherriren Youtubeko kanalean eskuragarri daudenak.

Arratsaldeko hitzartze nagusia Oscar Rebollok eman zuen, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko soziologiako irakasle eta hiri bereko udaleko ekintza komunitarioko zerbitzuetako zuzendari ohiak. “Ekintza komunitarioa administrazio publikoetatik. Eraldaketa sustatzeko ekintza komunitariorako agenda lokal bat eraikitzen” izeneko hitzaldian hainbat gako eman zituen Rebollok udaletan eraldaketa hori bultzatzeko.

Alde batetik, udaletatik gizarte politikei ikuspuntu komunitarioak gehitzea beharrezkoa dela azpimarratu zuen, horretarako hezkuntza erdigunean jarriz. Komunitatean bizitzeko herrietako azpiegiturak eraldatzeari ere eman zion garrantzia Rebollok, “errepideari lekua irabaziz eta eskolako sarrerari metroak emanez”, besteak beste. Herrietako elkarteen ehundurari ere arreta jarri zion hizlariak, hauek eduki beharreko ezaugarriak zerrendatuz: “elkarte zonbiak daude”, aipatu zuen, “ibiltzen direnak, baina ez daudenak bizirik”. Beste gakoetako bat, antolatu gabeko gizarteetan erreparatzea izan zen, isolamenduan eta bakardadetik ezer eraiki ezin dela frogatzeko. Azkenik, ekintza komunitarioa eraikitzeko oinarri metodologiko batzuk zerrendatu zituen Rebollok bere hitzaldian.

Bere ostean, Deba, Pasaia eta Debagoienako esperientziak ezagutzeko aukera izan zen. Debako udal ordezkariek, “Dagigun” partaidetza gunearen bitartez, eremu urbanistikoan egin den esku hartze komunitarioaren zertzeladak eman zituzten. Ondoren, Pasaiako udaleko hiru teknikarik “Eskubidean” plana azaldu zuten, udal-bizitzan eta Pasaiako herrian haurren eta nerabeen partaidetza bultzatzeaz gain, adingabeak subjektu politiko bihurtzea xede duena. Azkenik, “Debagoieneko errekak bizirik auzolanean” aurkeztu zuen egitasmoko kide batek, Deba ibaia eta bere adarrak garbitzeaz gain, eremuak ezagutzeko helburua duen eskualde mailako auzolan ekintza.