Mikel Otxotorena: Ikerbiltza programaren baitako ikaslearekin solasean
Mikel Otxotorena Ikerbiltza egitasmoko ikaslea da. Hernaniarra izanik, bere herrian egiten ari da praktikaldia komunitate-garapena ardatz duen proiektu baten baitan, eta harekin hitz egin dugu esperientziaz gehiago jakiteko.

Zergatik animatu zara proiektu honen parte izatera? Nola izan zenuen honen berri?
UPV-EHUko Parte Hartuz Ikerketa Taldeko Partaidetza eta Garapen Komunitarioko masterreko ikasle moduan, bertako irakasleekin hitz egiten izan nuen proiektu honen berri. Aurreko esperientzia interesgarriren bat komentatu zidaten eta Hernanin antzeko zerbait egiteko asmoa zegoela ere bai, Udalbiltza eta Hernaniko teknikari baten esanetan. Beraz, ni hernaniarra izanda, animatu egin nintzen, elikaduraren inguruan, aspektu ekologikoan eta komunitateko garapenean interesa nuela azaldu nielako irakasleei. Beraz, aukera zegoen ala ez galdetu eta proiektuan murgildu nintzen, Hernaniko garapen territorialeko teknikariaren orientazioarekin.
Azaldu dezakezu apur bat Hernaniko proiektu hau?
Finean, komunitatearen bizi baldintzak hobetzeko edo duinak egiteko asmoa duen proiektua da. Hainbat adar ditu eta, horietako bat, elikadura da. Ni adar horretan oinarritu naiz. Elikadura burujabetzaren inguruan lana egiten hasi eta, proiektuaren helburu moduan ezarri zen, Hernani mailan, elikagaien balio kate osoa (ekoizpenetik – kontsumora) komunitate mailan egiteko gaitasuna garatzea. Batik bat, modu jasangarrian, elikadura eskubideari erantzuna emateko gaitasuna garatzea; ikusi baita, azken urteetan, Hernanin gaitasun hori desegiten joan dela.
Zer ikasi duzu Hernaniko elikadura burujabetza proiektu honetan orain arte?
Elikaduraren balio kate osoa hauteman ahal izateko, agente ezberdinak inplikatzeak duen garrantzia ikasi dut: ekoizleak, herritarrak edo kontsumitzaileak, administrazio publikoak eta profesional teknikoak. Agente asko inplikatu beharra, bakoitzak dituen ikuspuntu eta helburu anitzak bateratu eta horien dinamizazioan parte izaten ikasi dut. Batik bat, plan estrategiko baten baitan helburuak finkatu eta oztopoen aurrean erabakiak hartzen. Kontsumo taldearen dinamizazioa egin eta proiektu orokorrarekin bateragarri egiten. Esan bezala, agente asko eta adar asko baitaude komunitate osoaren baitan.
Zein eta zer nolakoa izaten ari da zure partehartzea proiektu honetan?
Egia esan, autonomia osoa dut eta hori oso aberasgarria zait. Zalantza eta beldur asko izanda ere, aurrera egiten ikasi dut eta teknikariaren aholkuak mesedegarriak izan zaizkit. Baina parte hartzea handia izan da eta leku guztietara joaten utzi didate. Denborak ematen didana baina gehiago. Finean, praktikaldia da eta orduak oso mugatuak dira. Ikasketak, soldataren beharra izateak eta, sistema honetan, gaztea izateak dituen beste zenbait oztopok, ez didate utzi proiektuan nahi adina inplikazio izaten. Ezta teknikariak eta proiektuak eskatzen duen adina dedikazio eskaintzen.
Zure proiektua zertan oinarrituko da?
Master Amaierako lana izango da, eta bere izenburuak gaia laburbiltzen du: “Lehenengo sektorearen biziberritze estrategiak aztergai: Beterri Buruntza mankomunitateko ekoizle, kontsumitzaile eta eragileen premiak, diskurtsoak eta jardunbideak”.