Lurgidan proposamen berriak
Iazko ekainean aurkeztu zen barne-turismoa eta bertako kontsumoa sustatzeko helburua duen Lurgida aplikazioan informazioa gehitzen jarraitu du Udalbiltzak urte honetan zehar. Urtarriletik hona, orotara, 38 herriren informazioa gehitu da; baita ibilbideen atalean Enaren ibilbidea txertatu ere.

Lurgida mugikorreko aplikazio gisa aurkeztu zuen Udalbiltzak 2020ko ekainean, eta aurkezpenaren osteko hilabeteetan sona berezia izan zuen, udako oporrak zirela eta. Barne-turismoa sustatzea du helburu aplikazio honek eta, Euskal Herriko herrien inguruko informazio praktikoa, ondare inmateriala eta jaialdien berri emateaz gain, furgoneta edota autokarabanetan bidaiatzen duten horientzat gaua igarotzea baimentzen duten etxaldeak ere identifikatzen ditu. Trukean, gainera, etxaldeek euren kontsumorako produktuak bitartekaririk gabe saltzeko aukera dute.
Besteak beste, “Ibilaldiak” atalean, Enaren ibilbideari buruzko informazioa gehitu da berriki; honen deskribapena, track-ak eta interesguneak erakusten dituen mapa txertatuz. Ibilbidearen lehen geldialdia Izaban bada ere, oinez egiteko bidea errepidean aurrera jarraituz Belaguako lautadan hasiko da eta 18, 9km. tako luzera du La Casernaraino. Ondoren Maulera joateko azken zatia ere garraioz egitea planteatzen da. Ibilbide honek, Erronkariko eta Zaraitzuko Pirinioetako haranetatik Maule edo Oloron hirietara abarka-fabriketan lan egitera joaten ziren emakumeen zeharkaldia ekarri nahi du gogora. Migrazio historikoa izan zen, 1850-1860 eta 1930/40 urteen artean gertatu zena, eta biziraupeneko bizitzak islatzen ditu. Urte zailak ziren Pirinioetako hegoaldeko isurialdean, eta familientzako sostengua bilatu behar zen.
Beren etxeetatik urruntzen ziren emakumeak, asko eta asko, lantegietako eskulanaren bidez familiaren ekonomiari laguntzen zioten gazteak ziren. Alpargatak egiten zituzten; emakumeen lana aurrerago hasi zen hala ere, artisautza lan industria bihurtu zenean hain zuzen, 1870 inguruan. Nafarroako eta Aragoiko emakume gazteak modu antolatuan hasi ziren Maulera joaten. Emakume hauen bizitzak ez ahazteko eta haien omenez errekuperatzen den bidea da Enaren Ibilbidea. Horregatik, garai batean oinez egin behar zuten bidea islatzen da ibilbide honetan.
Halaber, azko irailetik pandemiaren olatu berriek ekarritako turismoaren geldialdia probestu du Udalbiltzak, apurka-apurka, aplikazioari falta zitzaizkion herrien informazioa gehitzen joateko. Besteak beste, Nafarroan 14 herri berriren informazioa gehitu du (Mendabia, Jaurrieta, Mendigorria, Igantzi, Petilla Aragoi, Atarrabia, Andosilla, Fitero, Zentroniko, Zarrakaztelu, Erratzu, Labaien, Los Arcos eta Azkoien); bat Nafarroa Beherean (Urepele); Bizkaian 14 (Enkarterri guztiak eta Urduña); Gipuzkoan bost (Deba, Orio, Elgeta, Zumaia eta Amasa-Villabona) eta Araban hiru (Zigoitia, Zuia eta Donemiliaga).