Lau Uharteak ibilbide batean bat eginik

2019/05/12

IÑAKI VIGOR (GARA/NAIZ.EUS) | Euskal kultura, kirola eta turismoa batuko dituen ibilbide batek Uharte, Uharte-Arakil, Uharte-Garazi eta Uhartehiri elkartuko ditu, lau herrion arteko lokarriak estutzeko xedearekin

Card image cap

Denak euskal kulturaren barne izanda ere, estatu arteko mugaz gaindiko harremanak ez dira beti nahi bezain indartsuak. Senidetze hitzarmenek bat egiteak eta ezagutzen elkar trukaketa erraztu dituzte, baina kasu gehienetan, protokolo bisitaldietara mugatu izan dira.

Horrelaxe gertatu zen ere lau Uharteon kasuan, harik eta Juan Mari Feliuk, Iruñerriko Uharteko Senidetze, Turismo eta ingurumen zinegotziak, Udalbiltza Partzuergoari senidetze berezi horri bultzada berri bat emateko eta harremanak betikotzeko proposamena luzatu zion arte.

Euskal erakundeak Hurbiltzen planaren barnean kokatu zuen proposamena, eta batzorde tekniko bat osatu zen hautetsi nahiz eragile sozialekin batera, ideia ondu eta elkar ezagutzan sakontzea ekarriko duen proiektu oso bat plantan ezartzeko.

Euskal erakundeak Hurbiltzen planaren barnean kokatu zuen proposamena, eta batzorde tekniko bat osatu zen hautetsi nahiz eragile sozialekin batera, ideia ondu eta elkar ezagutzan sakontzea ekarriko duen proiektu oso bat plantan ezartzeko, lau udalerrien historia komunean nahiz bakoitzaren ondarean oinarrituz. Herritarrei eta elkarte ezberdinei ere luzatu zitzaien proposamena proiektuan parte hartzeko eta elkar trukaketak abiarazteko.

Hori guztia lau Uharteak elkartuko dituen ibilbide proiektu baten bidez gauzatuko da. Hurrengo hilabeteetan ibilbidearen argibideak, mapa eta hogeita hamar interesguneak biltzen dituen eskuorria argitaratuko da hiru hizkuntzatan (euskara, frantsesa eta gaztelania), ibilbidean barna atzeman daitekeen ondare historiko eta arkitektoniko garrantzitsuaren berri emango duena, baita aterpe, turismo bulego eta ostatuena ere. Bidean barrena atzeman ahalko ditugun altxorren artean, Juan Mari Feliu zinegotzi eta mendizale ezagunak, besteak-beste, Itxasperri eta Atondoko baseliza; Orreagako, Zamartzeko, Iharteko eta Aranbeltzeko monasterioak; Uhartehiriko, Latsagako eta Aranbeltzeko gazteluak; zubi erromanikoak, trikuharriak edota Iturissako herrixka erromatar-baskoia nabarmentzen ditu.

Txanpaka, bakoitza bere erritmoan

Bideak GR-65 eta E3 europarraren seinaleztapena jarraituko du, eta oinez, bizikletaz edota zaldiz egiteko aukera izango da, norbere erritmora. Lehen txanpa Uhartehiritik abiatzen da, Sohiartzetik, Haranbeltzeko kaperatik, Latsaga nahiz Lakarrako jauregietatik eta Uharte-Garazitik igaro eta Nafarroa Garaiko Luzaide herrian bukatzeko.

Luzaidetik Ibañetako mendatea igaro eta Orreagara helduko ginateke, Auritz, Erro eta Zubiri pasaturik, Iruñerriko Uharten bukatzeko.

Uharten Arga ibaiaren parkeari jarraituz, Arazurira igaro, eta Oskiako haitzarte ikusgarrirantz joko genuke Oltza eta Lete-Iharte atzean utziz. Irurtzunetik, Uharte-Arakilera iritsiko gara bide erromatar zaharra baliatuz. Bide horretan, Done Mikel Aralarkoaren santutegira igotzeko eta zenbait trikuharri bisitatzeko aukera legoke.

Kultura, kirola eta turismoa batzen dituen proiektu honek, lau herri nafarren arteko loturak estutzeaz gain, bi estatuek ezarritako muga gaindituko duen harreman dinamika abiaraztea du xede. Baztandarren Biltzarra, Nafarroaren Eguna, Fazeria Eguna, Iparra Hegoa edota Sorogaineko Bestak, mugak gainditzen dituzten eta jada kontsolidaturiko dinamikak dira. Udalbiltzak ildo horretan lan egiteko asmoa du, eta horren adibide litzateke, esaterako, Sara (Lapurdi) eta Ataun (Gipuzkoa) edota Maule (Zuberoa) eta Tutera (Nafarroa) herrien arteko harremanak sendotzeko gauzatzen ari den lana.

  • Artikulu osoa gazteleraz hemen.