IKERKETA DEIALDIA: Euskal Herriaren kohesio bideei buruzko ikerketa

2019/07/10

Udalbiltzak ikerketa kualitatibo bat abiatu nahi du lurraldearen eta euskal herritarren arteko kohesio bideak izan eta izaten ari diren ondorioak ezagutzeko. Abuztuaren 31a izanen da eskaerak aurkezteko azken epea.

Card image cap

Azken urte hauetan, Euskal Herriko ikuspuntu batetik abiatuta, lurraldea eta euskal herritarrak kohesionatzeko eta saretzeko hainbat proiektu sortu dira Euskal Herrian zehar. Hori dela eta, Udalbiltzak ikerketa kualitatibo bat abiatu nahi du lurraldearen eta euskal herritarren arteko kohesio bideak izan eta izaten ari diren ondorioak ezagutzeko.

Lanketak Euskal Herrian edota euskal diasporan abian diren proiektuak ikertu nahiko lituzke; zehazki, proiektu horien inguru sozialean zein eragin izan dituzten ezagutu nahi du Partzuergoak, euskal herritartasunari nahiz naziotasunari begira. Halaber, etorkizunean herritarrak saretzeko gakoak identifikatu nahiko lituzke.

Hala, abiapuntu moduan, ikerketa honek zera ezagutu nahiko luke, besteak-beste:

  • Urte hauetan Euskal Herriko zazpi lurraldeetan sortu diren kohesio bide mota ezberdinak aztertzea (nabarmenenak, originalenak, interesgarrienak…): lurraldea kohesionatzeko eta herritarrak saretzeko.
  • Euskal Herria kohesionatzeko sorturiko bideek izan dituzten helburuak eta izan duten garapena.
  • Proiektu horiek euren inguru sozialean izan duten eragina.
  • Herritarrak kohesionatzeko sor daitezkeen bide berriak aztertzea, iradokizunak biltzea.

Horiek horrela, ikerketa gaiarekin Udalbiltzak etorkizuneko proiektuak marrazteko eta kohesio bidean aurrera egiteko pausuak emango lituzke. Modu horretan, herritarren, eragileen eta udalen artean zubi berriak eraikiko eta berreraikiko lituzke erakundeak.

  • Lanak aurkezteko azken epea: Abuztuak 31.
  • Aurrekontua: 15.000€
Informazio guztia hemen.