Karlos Bueno, Aezkoako Batzarreko lehendakaria: «Hona datozen neurriak hiriguneei begira hartuak dira, ez landa eremurako»
Aezkoako ibarra despopulazio eta zerbitzu irisgarritasun arazoak jasaten dituen beste eremuetako bat da. Udalbiltzak osasun krisiak ibarrean eta ondoko herrietan izandako eragina aztertu du Aezkoako Batzarre Nagusiko lehendakari Karlos Buenoren laguntzarekin.

Zein egoeratan aurkitzen dira Aezkoa, eta oro har, nafar Pirinioko gainerako ibarrak COVID19 birusaren krisiaren erdian?
Esan dezakegu hemen bizitzen ari garen egoera, beste leku batzuekin alderatuta, ez dela hain latza izaten ari. Kasu batzuk izan ditugu, bai, baina badirudi bide onetik doazela. Zoritxarrez, eta oker ez banago, Luzaiden pertsona bat hil da gaixotasun honekin. Entzun dudanaren arabera, bakarrik bizi zen adineko pertsona bat omen zen. Gainerakoak emeki-emeki ari dira errekuperatzen, Aezkoakoa bezala (bakarra izan da ibarrean).
Neurri bereziak hartzen ari zarete udalen artean? Zeintzuk zehazki?
Hasieratik hainbat bilera bertan behera utzi genituen edo beste modu batera egin genituen; gaur egun esku artean ditugun teknologiek ahalbidetzen dute hori, arazoak arazo. Nafar Gobernuak abiatu dituen neurriak hartzen ari gara. Azkar antolatu ginen tokiko gizarte zerbitzuetako Auñamendi Mankomunitatearekin (Aezkoa, Luzaide, Auritz, Orreaga eta Erroibarko udalek osatzen dute) batera, eta mahai birtual bat antolatu genuen udaletako ordezkariekin, osasun kontseiluarekin, osasun etxearekin eta gizarte zerbitzuekin batera. Bailara eta herri bakoitzak ere badu bere mahai propioa. Aezkoan, adibidez, herri bakoitzak bere ordezkaria du ibarreko mahaian: herri bakoitzean egin beharrekoa zabaltzeaz, aztertzeaz, lantzeaz… arduratzen dira. Gertatzen denaren arabera mahai batean edo bestean lantzen da, beti ere behetik gora eginez.
Mankomunitatearekin batera, tokiko Eutsi enpresa gaztea (helduekin jarduerak antolatzen dituzte) etxez etxeko banaketaz arduratzen da. Beraiek eskaini dira, eta bailara bakoitzean bada ordezkari bat. Erosketak etxeetara eramaten dituzte boluntarioek.
Osasun etxeetan kontsulta ez presentzialak egiten ari dira kasu arinetan. Larriagoa bada, etxeetara joaten dira.
Merkataritzari begira, pantaila txikiak lortzeko aukera izan dugu, eta hemengo dendatan ezarri ditugu, beti ere nahi izan dutenen artean.
Bidausi Mankomunitateari (hondakinen kudeaketaz arduratzen dena) zaborrontziak eta inguruak desinfektatzeko eskatu zitzaion, eta bi egunean behin egiten dute lana herriz herri; traktorearekin desinfektatze lanak ere egiten ari dira herrietako karriketan.
Nola bizitzen ari dira herritarrak egoera hau guztia?
Ardurarekin; neurriak eta protokoloak arduraz betetzen. Egia esan, hemen etxeak handiak dira, balkoiak, terrazak… dituzte, etxeen artean tarteak daude…. beraz, arinagoa izan daiteke konfinamendua; alde horretatik lasaiago gaude. Bakardadea, ordea, gehiago areagotzen da hemen badirelako ohitura sozial batzuk, adibidez, etxeetara joatearena elkarrekin egotera…
Halere, konfinamenduan hartu diren neurri batzuk ez dira ongi ulertzen gure ibarretan. Baratzen kasua da horren adibidea.
Halere, konfinamenduan hartu diren neurri batzuk ez dira ongi ulertzen gure ibarretan. Baratzen kasua da horren adibidea. Kasik bizilagun guztiok dugu baratza bat, erretiratuak egon edo ez, eta aurreko dekretuarekin ezin zen baratzera joan produktuak ereitera, soilik hartzera, eta landatzeko tenorean gaude. Badirudi orain arau hori aldatu egin dela, baina ongi bermatu behar dugu. Eta paseatzearena ez luke hemen hain zorrotza izan behar, jende gutxi bizi baikara….
Kontuan hartuta eskualdean adineko pertsona asko dagoela, nola berma dezakezue euren ongizatea?
Etxez etxeko zerbitzua aurretik egiten zen lanari gehitu zaio, hau da, langile sozialen lanari, eta ikaragarrizkoa izaten ari da eskaintzen ari diren zerbitzua. Indar gehiagorekin ari dira lanean guztia aurrera eramateko. Osasun arloko langileak ere alimaleko lana egiten ari dira. Horrenbestez, lortu dena da jendea lasaiago egotea etxeetan.
Nolanahi ere langile gehiago beharko lirateke zerbitzua hobetzeko, adineko pertsona bakoitzari eskaintzen zaion zerbitzua indartzeko. Mahai gainean jarri behar den gai bat da, zalantzarik gabe. Nafarroako Gobernuari ikustarazi behar dioguna da jende gutxi egon arren adineko pertsona asko bizi dela hemen, eta herrietan elkar zaintza bultzatzen bada, osasun eta gizarte lanen arloko langileen lana ere indartu beharko litzatekeela.
Non eta zenbatera duzue gertuen dagoen ospitalea?
Hiriberritik (Aezkoa), adibidez, 60 km daude Iruñera. Arina bada, etxeetan egon daiteke gaixoa 15 egunez gela batean egonda. Halere, hemen ez genuke inolako arazorik izango gaixoak artatzeko gune berezi bat lortzeko.
Beraz, esan liteke egoera honek Pirinioko ibarrek pairatzen duten lurralde desoreka areagotu duela? Zein neurritan?
Hona datozen neurriak hiriguneei begirakoak dira, ez landa gunerakoak. Hor dugu, adibidez, baratzen gaia. Bigarren, hirugarren edo laugarren maila batean geratzen gara hemengo herritarrak beti. Neurri hobeak behar ditu landa eremuak, landa gune txikiak kontuan hartzen dituztenak.
Zein aterabide atzeman dituzue krisiari aurre egiteko? Euskal Herriko udalerrien arteko lankidetzak paper baikorra joka lezake lurralde desorekaren egoera arintzeko?
Landa eremua den bezala hartu behar da, ez hiriko ikuspuntu batetik. Udalen arteko lankidetzak beharrezkoak dira, zalantzarik gabe. Udalerrien arteko lanak izan beharko luke mugarri inportante bat egoera honetatik ateratzeko. Landa eremutik ateratzen da janaria, oso inportantea halako egoera batean. Zaindu, maitatu, eta berriz ere kokatu behar dugu landa eremua bizitzaren erdian. Elkartasuna eta lankidetza sustatu behar dugu herrien artean.
Sokatira polita jarriko zaigu gure aurrean, eta herri bezala, munduko herriekin batera, gure alde bultzatu behar dugu, neurri zorrotzak ezarri nahi duen kapitalismo basatiari aurre egiteko.
Diru publikoa behar den tokietara bideratu beharko litzateke ere. Benetan zer den garrantzitsua aztertu beharko litzateke, baita gobernuei dirua nondik eskapatzen zaien ere betikoenen poltsikoetan ez amaitzeko. Gaitza aurretik genituen neurriak aztertzeko unea da. Aldaketa klimatikoarekin ere gauzak beste modu batean landu behar ditugula uste dut, konpromisoa hartu behar dugula, ekologikoan gero eta gauza gehiago lantzeko unea dela, alegia. Hemen, behintzat, bide horretan gaude kasik ekoizle gehienak; hau da, kutsakorrak ez diren produktu kimikoak gero eta gutxiago erabiltzen dira.
Zure ustez, osasun krisialdi honek zer nolako aukerak emanen ditu aurrera begira? Zer ikasirik emanen du?
Jendarte bezala indartsuago aterako gara, hala nahiko nuke nik behintzat. Jakin badakit botere ekonomiko handiek ez digutela baimenduko, baina jendartean sinesten dut, eta ziur naiz gizartea jarriko dela langileen eta herrien alde. Sokatira polita jarriko zaigu gure aurrean, eta herri bezala, munduko herriekin batera, gure alde bultzatu behar dugu, neurri zorrotzak ezarri nahi duen kapitalismo basatiari aurre egiteko. Beste jendarte bat sortu genezake, ilusioa eta itxaropena izan behar dugu horretan. Bultza eta bultza kapitalismo basati honekin amaitzeko unea iritsi da. Benetan herriak, jendartea eta pertsonak jarri behar ditugu erdian. Ikusi nahi ez duenari ikustarazi behar zaio hau guztia. Aukera polita dugu gure ideiak partekatu eta aurrera eramateko.
Bailara hauetara jendea erakartzeko unea ere izan daiteke, jendea herrietara itzul dadin. Landa eremurako aukera on bat izan daiteke. Euskal Herriko herritar aurrerakoiok pausu bat eman behar dugu herria, jendartea eta pertsonak benetan erdigunean jartzeko, eta guztion artean elkarlanean aurrera egiteko.