Jone Alastuey, Erronkaribarreko Batzordeko lehendakaria: «Etengabe gabiltza lurralde desorekak gainditzeko lanetan»

2020/04/15

Erronkarik zerbitzu irisgarritasun eta despopulazio arazoak jasaten dituen eremua izaki, osasun krisiak ibarrean izandako eragina aztertu du Udalbiltzak oraingoan. Uztarrotzeko alkate eta Erronkaribarreko Batzordeko lehendakari, Jone Alastueyk bizi duten egoeraren lekukotasuna eman du.

Card image cap

Argazkia: Dani Blanco (Argia.eus)

Zein egoeratan aurkitzen dira Erronkari, eta oro har, Nafar Pirinioko gainerako ibarrak COVID-19 birusaren krisiaren erdian?

Pirinio aldeko udalek oinarrizko zerbitzuak eskaini ditzakete, eta horregatik langileen gehiengoa modu arruntean aritu dira lanean, aguazilak eta idazkariak esaterako. Administrariak edo bestelako jarduerak, aldiz, telelanaren bidez ari dira. Garbiketa bereziak egiten ditugu eta zerbitzu sozialak beti bezala ari dira lanean, neurri zorrotzekin bada ere.
Orokorrean herritarrok nahiko lasai bizi dugu egoera, baina beldurra hor dago: COVID19 gaixotasuna hartzeko beldurra, isunak jasotzekoa, euren enpresaren edo lanaren etorkizunaren beldurra… Edozein gisan, zailtasunei aurre egiteko, biztanleon arteko zaintzarako sareak antolatu ditugu.
Piriniotan kasu bat ematen bada, hemengo medikuak deitu eta haiek irekitzen dute protokoloa. Bada jendea etxean erabat isolatua gelditu behar izan dena, baina leku guztietan bezala, frogak egiteko arazoa dago… Iruñean dago ospitalea, gugandik aski urrun. Uztarrozetik, adibidez, 100km inguru ditugu.

Beraz, esan liteke egoera honek Pirinioko ibarrek pairatzen duten lurralde desoreka areagotu duela? Zein neurritan?

Osasun arloari dagozkion desorekak egunerokoan bizi ditugu, osasun zerbitzuak lekutan baititugu, zerbitzu gehienak bezala. Azken finean, etengabe gabiltza lurralde desorekak gainditzeko lanetan. Ongi ezagutzen ditugu, eta horiek aldatzeko bidea jorratzen ari gara. Osasun krisiekin desoreken ondorioak areagotzen dira, baina egoera honetatik gauza baikor asko atera daitezke. Ez gara eroriko ez derrotismo, ez ezkortasunean.

«Lankidetzan eta elkartasunean sinesten dugunok elkarlanean segitu behar dugu beti, krisian egon edo ez»

Arazo horiek aparte, hemen bizi kalitate oso ona dugu: lasaitasuna, denbora bizitzeko beste modu bat, herrilana eta herri-harremanak, natura, biztanleria txiki eta sakabanatua, autosufizientzia… honek guztia lagungarri izan zaigu egoera berezi honetan.

Zein aterabide atzeman dituzue krisiari aurre egiteko? Euskal Herriko udalerrien arteko lankidetzak paper baikorra joka lezake lurralde desorekaren egoera arintzeko?

Gai andana bati buruz ikasteko eta eztabaidatzeko aukera ematen du: elkar zaintza, hirien masifikazioa eta landa eremuari ematen zaion garrantzia, elikadura burujabetza, kooperatibismoa, elkarrekintza, kontsumo ereduak, autosufizientzia, gizarte desorekak, munduko errealitate ezberdinak… Hori guztia probestu eta etekina atera daitekeela uste dut kontzientziak astintzeko, baina aurrean dugun sistema indartsua da eta egoeraz baliatzen saiatuko da. Beraz, lankidetzan eta elkartasunean sinesten dugunok elkarlanean segitu behar dugu beti, krisian egon edo ez.
Argi izan behar dugu lankidetzan segitzea beharrezkoa dela. Lankidetzak eta elkartasunak gauza baikorrak ekartzen ditu, bai egoera honetan eta baita guztietan ere, beraz, jarrai dezagun bide horretan.