Jon Arriola: “Erabaki genuen Udalbiltzatik urtero ikerketa orokor bat diruz laguntzea, gure ildoekin zerikusia zuten aspektuak ikertzeko”

2020/10/27

Berriatuako alkate Jon Arriola da Udalbiltzako Ikerbiltza proiektuaren arduradun politikoa. Harekin aritu gara hizketan proiektuak azken urteotan izan dituen aurrerapausoez, gorabeherez eta etorkizunerako planez.

Card image cap

Testuinguru apur bat edukitzearren: zein asmorekin eta zein gabezi estaltzeko sortu zen Ikerbiltza proiektua?

Udalbiltzak hasiera-hasieratik izan duen erronketako bat izan da tokian tokiko garapenean inbertsioa egitea, udalek euren herrietan Udalbiltzak egiten zuena ikus zezaten. Horrela, Unibertsitateetan zegoen jakintza herrien garapenerako mesedetan jartzeko aukera aztertu zen, eta hortik sortu zen Ikerbiltza: herrien garapena eta Unibertsitate eremuko ikerketak uztartzen dituen tresna.

Zein izan da Ikerbiltzaren bilakaera urte hauetan? Zein lorpen garrantzitsu egon dira ibilbide honetan?

Lehendabiziko urteetan ahalik kontaktu gehien egin zen unibertsitateetan. Helburua ahalik proiektu gehien egitea zen; horretarako, batetik, udaletatik iristen ziren eskaerei aurre egiteko ikerlariak aurkitzen ahalegindu ginen eta, bestetik, ikerketak egiteko prest agertzen ziren ikasleei herrietako proiektuak esleitzen.

Proiektu pila bat eraman ziren aurrera (Udalbiltzaren webguneko Ikerbiltza atalean aurki daitezke).

Hausnarketa bat egin zen orduan, eta baloratu zen lan asko ari zela egiten baina ez genuela oihartzunik lortzen, proiektu asko bidean geratzen zirela bukatu gabe eta proiektu gehienak lehendik tokiko garapenerako baldintza egokiak zeuden herrietan ematen zirela.

Zeintzuk dira Ikerbiltzaren garapen ildoak?

Aipatu hausnarketa prozesua egin genuenean erabaki zen, hain zuzen ere, hainbat ildo markatu behar zirela etorkizuneko ikerketak egiterako orduan; eta burujabetza jarri genuen iparrorratz. Hortik abiatuta, hiru ildo nagusitan bana dezakegu gaur egun Ikerbiltzaren baitako jarduna: Elikadura, Energia, eta Ekonomia Sozial Eraldatzailea.

Halaber, erabaki zen ildo guztietan hiru administrazio eremuetara heltzen saiatu behar ginela.

Irizpide horiek markatuta, azken bi urteetan proiektu dezente eraman dira aurrera, batez ere energia burujabetzaren arloan.

Urte hau ezin zailagoa izan da edozein proiektu garatzeko, hasteko, mundu osoa kolpatu duen COVID-19aren pandemiarengatik. Baina hori ez da izan Ikerbiltza proiektuak jasan behar izan duen arazo bakarra: otsailaren hasieran Zaldibarko zabortegian gertatutako luiziak zuzenean kaltetu zuen Ikerbiltzarentzat energia burujabetzaren inguruan ikertzen ari zen EHUko Eibarko ingeniaritza eskola. Zein mailatan geratu da kaltetuta Ikerbiltzaren baitako proiektu hori?

Bai, azken batean, proiektu batzuk Eibarko fakultate horrekin egiten ditugu, batez ere energia burujabetzaren ingurukoak. Beraz, Zaldibarko zabortegiko ezbeharraren ondorioz, fakultateko funtzionamendua oso baldintzatuta geratu zen, baita eskuartean genituen proiektu horiek ere. Ondoren, osasun krisialdia etorri zen eta jada ez bakarrik Eibarkoa, baizik eta gurekin lan egiten duten fakultate guztien funtzionamendua erabat baldintzatuta geratu zen; eta proiektu horiek oso lotuta daudenez fakultateen ohiko funtzionamenduarekin eta ikasleekin, beste proiektu batzuk ere erori dira horren ondorioz. Beraz, faktore horiek Ikerbiltza dezente kaltetu dute orokorrean.

Hilabete honetan ere Ikerbiltzak sustatutako eta Aztiker Soziologia Ikerguneak egindako ikerketa bat aurkeztu da; hain zuzen ere, Euskal Herriaren kohesioa helburu izan duten ekimenek egin duten ibilbidea aztertu duena. Zer dela eta sortu zen ikerketa hau egiteko beharra? Zein izango da ikerketa honen hurrengo pausua?

Hasierako ikerketen bilketa horretatik, konturatu ginen egiten ziren horietatik asko txikiak zirela, edota prozesuan zehar tiraderan gordeta geratzeko arriskua zutela. Ondorioz, erabaki genuen Udalbiltzatik urtero ikerketa orokor bat diruz laguntzea, gure ildoekin zerikusia zuten aspektuak ikertzeko. Hortik dator aurten Aztikerrek egin duen ikerketa; eta galdera bat izan zuen oinarrian: zer da gaur egun Euskal Herritar sentitzea? Hortik abiatuta, Aztikerrek XXI mendean zehar Euskal Herria osatzen duten hiru eremu administratiboetan zehar jardun duten ekimen eta eragileen bilketa egin du, horien sailkapen bat eginez eta galdeketa bat erantzunaraziz. Ikerketaren emaitzak Udalbiltzaren webgunean aurki daitezke, interesa duen ororentzat.

Hurrengo pausua ikerketaren bigarren zatia aurrera ateratzea izango da: 2021an zehar Aztikerrek identifikatutako euskal ekimen eta eragile horiek naziotasunaren inguruan eraikitako diskurtsoak aztertuko dituzte.

Etorkizun hurbilean, zein erronka aurreikusten dira Ikerbiltza proiektuarentzat? Bide berriren bati ekingo dio?

Etorkizun hurbilean, krisialdiarekin erori ziren proiektu horiei berriro ekiteko ahaleginak egiten ari gara, baita beste proiektu berriren bat ere. Epe luzera begira, hainbat urtez martxan izan den proiektua da Ikerbiltza; horrek perspektiba bat ematen digu eta balorazio bat ahalbidetzen du ikusteko zeintzuk diren proiektuaren indarrak eta ahulguneak. Hori dela eta, gogoeta egiteko une aproposa izan daiteke indarrak sendotzeko eta ahulguneei irtenbidea ematen saiatzeko.