Jabi Asurmendi izango da Udalbiltzako lehendakari berria

2019/11/17

Erakundearen 20. urteurrenaren baitan, zuzendaritza berritu du Udalbiltzak, DUrangon ospaturiko Batzar Orokorrean. Pili Legarra Asteasuko alkatea eta Irantzu Antoñana Vianako zinegotzia izango dira lehendakariordeak.

Card image cap

Udalbiltzak bere Batzorde Eragilea berritu du Durangon ospaturiko Batzar Orokorrean. Jabi Asurmendi, Arakaldoko alkatea, izendatu dute lehendakari, eta Pili Legarra (Asteasuko alkatea, Gipuzkoa) nahiz Irantzu Antoñana (Vianako zinegotzia, Nafarroa) lehendakariorde.

Ondorengoak izango dira gainerako zuzendaritza kideak: Lamia Arcas (Laudioko zinegotzia, Araba); Jon Arriola (Berriatuko alkatea, Bizkaia); Asier Gonzalez (Bilboko zinegotzia, Bizkaia); Itziar Amezaga (Errigoitiko zinegotzia, Bizkaia); Andoni Gartzia (Astigarragako zinegotzia, Gipuzkoa); Koro Etxeberria (Hernaniko zinegotzia, Gipuzkoa); Xanti Kapendegi (Ahetzeko zinegotzia, Lapurdi); Xebax Christy (Hazparneko zinegotzia, Lapurdi); Aitor Elexpuru (Berako alkatea, Nafarroa); eta, Oihan Mendo (Garesko alkatea, Nafarroa).

Ima Garrastatxu Durangoko alkateak ekitaldi hastapenean gogoratu duenez, “bereizten gaituzten muga administratiboen gainetik zubiak eraikitzeko bokazioa duen erakunde publiko nazionala da Udalbiltza; gaur eta hemen, Euskal Herriaren eraikuntzan aurrera pausuak eman eta proposamen zehatzak garatzeko helburua duena, betiere, lurralde garapenaren, ekonomia sozial eraldatzailearen, jasangarritasunaren eta saretzearen ildoetatik tiraka.”

Udalbiltzako lehendakari berriak erakundearen datozen urteetarako erronkak nabarmendu zituen, Udalbiltza unean-uneko euskal gizartearen kezka eta beharretara egokitzearen beharrarekin batera. Asurmendiren hitzetan, “Elikadura eta energia burujabetza, Euskal Herriaren barne kohesioa, herrien garapena, turismo eredu jasangarria… Udalbiltza guzti honi nazio mailako erantzuna emateko ezinbesteko erakundea dugu; Herrietatik eta kontzejuetatik gertu egon garen eta lekuan-lekuko arazoei aurre egiten laguntzeko prest gauden erakundea gara.” Zentzu horretan, eta udalgintzaren balioaz konbentziturik, gaur egun, herri txikiek pairatzen duten egoeraz aritu zen:lurralde desoreka eta herri txikien despopulazioak, zinez kezkaturik gauzka. Izan ere, herri txikiak eta, oro har, landa eremua, husten ari dira.” Egoera horri buelta ematen hasteko garai da, Asurmendiren arabera: “Ekonomia sozial eraldatzailearen bidez, egoera lazgarri honi buelta ematea posible da, gaitasunak batuz eta kontzientziazioa landuz”.

Gaur egun, 1100 hautetsi inguruk eta 77 udalerri partzuergokidek osatzen dute Udalbiltza. Bost dira garatzen ari dituen proiektu nagusiak: Hartu-eman esperientzia eraldatzaileen bankua; euskal unibertsitateetan sortzen den ezagutza, herrien garapenaren mesedetara jartzea asmo duen Ikerbiltza programa; senidetzeen bidez, Euskal Herriaren barne kohesioa lantzea xede duen Hurbiltzen plana; Lurgida, Euskal Herriko app turistikoa; eta Hauspotu, ekonomia sozial eraldatzailearen bidez,  lurralde desorekari aurre egiteko egitasmoa.